Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Filipe Oihanburu dantzari eta koreografoa hil da

Dokumentuaren akzioak

Filipe Oihanburu dantzari eta koreografoa hil da

Olaeta balleteko kidea, Oldarra eta Etorki dantza taldeen sortzailea eta dantzaria ez ezik, koreografo, musikaria eta abesbatza zuzendaria ere izan zen. Miarritzeko bere etxean zendu da, 102 urterekin.
Egilea
Ainhoa Sarasola
Komunikabidea
Berria
Tokia
Miarritze
Mota
Albistea
Data
2023/12/20
Lotura
Berria

FILIPE OIHANBURU

Filipe Oihanburu dantzari eta kulturgilea, artxiboko argazki batean. ISABELLE MIQUELESTORENA / IPARLA

«Bizi naizeno, bizitza kantatuko dut; bizi naizeno, bizitza dantzatuko dut». Oholtza gainean egin zituen hitzok Oihanburuk, 90 urte zituela, Oroitzen naiz... obraren une batean. 2011ko irailean taularatu zen lan hori dantzatzeko, adinean urrun ez zituen Jean Nesprias eta Koldo Zabala dantzarien konpainian, eta Mizel Theret koreografoak gidaturik. Ordurako, baina, bizi osoa emana zuen dantzan Oihanburuk. Hainbat arlotan aritu zen kulturgintzan, baina dantzari eta koreografo gisa nabarmendu zen. 102 urterekin hil da, Miarritzeko bere etxean (Lapurdi). Udalerri horretan egingo diote azken agurra, hilaren 27an.

Biarnoko Argeles-Gazost herrian jaio zen Oihanburu, 1921. urtean. Hiru hilabete besterik ez zuela, Montevideora jo zuen haren sendiak, eta 8 urte bete zituen arte han bizi izan zen. Parisera egin zuten handik, eta, Bigarren Mundu Gerra hasi zenean, Miarritzen kokatu zuten bizilekua. Ordurako, fandangoa dantzatzen ikasia zen, non eta Parisen. Oporraldietan, berriz, Hendaiara, izeba-osaben etxera joaten zen, eta giro hartan hasi zen abertzaletzen eta euskaltzaletzen.

Hain zuzen, 1936ko gerran Hego Euskal Herritik erbesteratutako iheslari ugari ezagutu zituen garai hartan Lapurdin, eta horrek izan zuen eraginik harengan. Orduko oroitzapenak eta beste bizipen ugari izan zituen hizpide Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean, Eneko Bidegainen galderei erantzunez, 2008an. «Galdu zenuten gerla», esan zien entzuleei; «Tristezia handi bat! Orduan etorri zarete trumilka Lapurdirat. Horri esker sortu da abertzaletasuna Iparrean. Iheslariei esker ikasi dut nik zer zen Euskadi». Telesforo Monzon, Sota familia eta beste ezagutu zituen orduan, eta euskara ere ikasi zuen; lehenik Eiheramendi apezak egindako liburuarekin, segidan Ezpeletan (Lapurdi) eta Alduden (Nafarroa Beherea), eta, Miarritzera itzulirik, erbesteratu hainbatekin solasean.

Iheslari horien artean zen Segundo Olaeta ere, Olaeta dantza taldeko burua. Oihanburu akordeoilari gisa sartu zen haren taldean, 1942an, eta orduan ikasi zituen euskal dantzak. Okupatzaile alemanek kostaldeko harresia eraikitzeko lanetara deitu zutenean, baina, ihes egin zuen, eta Parisen ezkutatu zen naziengandik. 1944an itzuli zen Miarritzera, eta Olaeta dantza taldearen gidaritza hartu zuen.

Oldarra eta Etorki

Handik gutxira, Oldarra izena hartu zuen Olaeta taldeak, eta zortzi urte eman zituen Oihanburuk taldearekin hara eta hona, musika eta dantza ikuskizun ugari eskaintzen. 1953an, berriz, Etorki balleta eta abesbatza sortu zituen, eta hiru hamarkadaz euskal dantza eta balleta oinarri zituzten emanaldiak egin zituen munduan barrena. Zuzendari ez ezik, musikari eta koreografo lanetan jardun zuen.

Ia XX. mende osoaren lekuko, bizitza bizia izan zuen Oihanburuk. Donostiako hitzaldi hartan kontatu zuenez, anarkistatzat zuen bere burua aspalditik. Eusko Ikaskuntzako idazkari eta irrati esatari ere izan zen, baita euskarari, dantzari nahiz politikari buruzko hainbat libururen egile ere. Oro har, euskara eta euskal kulturaren sustatzaile. Haren biloba Lucia Barahonak Oihanbururen bizitzari eta ibilbide artistikoari buruzko dokumentala ondu du, eta aurten bertan estreinatu du. Dantzariaren filosofia eraman du bilobak obraren izenburura: Bizi naizeno, je danserai la vie.                                        

Dokumentuaren akzioak