Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Fikzioa eta errealitatea nahasten direnean

Dokumentuaren akzioak

Fikzioa eta errealitatea nahasten direnean

Komunikabidea
Nontzeberri
Mota
Albistea
Data
2022/04/21
Lotura
Nontzeberri

Euskadiko XVIII. Dantza Zirkuituak Cielo Raso konpainiaren Hamaika izeneko pieza aurkeztuko du Lezon. Ikuskizun txundigarri honek gipuzkoar publikoa hunkituko du, eta apirilaren 24an taularatuko da Lezoko Gezala Auditorumean.

Hamaikak fikzioa eta errealitatea nahasten ditu, modu ez oso serio batean, eta beste modu batean begiratzera bultzatzen gaitu. Izan ere, “fikzioa eta errealitatea nahasten direnean, magia agertzen da, eta magiak trikimaina du. Erakutsi nahi ez den trikimaina horretan dago gakoa: erakusten baduzu, hil egingo da ilusioa. Baina, egia esan, irudimenik ez dagoenean hiltzen da ilusioa”.
Hamaika koreografian lau dantzarik hartzen dute parte. Itsututa dantzatzen dute, begiak estalita dituztela. Nondik ibiltzen diren ikusten ez dutenez, gida batzuez baliatu behar dute dantzariek, hain zuzen ere tenkatutako soka estu batzuez. Soka horiek paisaia zehazten dute, espazioa diseinatzen dute, agertokiaren alde batetik bestera nolabaiteko baso bat irudikatuz eta bazter guztiak zeharkatuz. Soka horiek euskarri dituztela, gorako eta beherako ibilbideak egiten dituzte dantzariek. Gorputza erreiari edo gidari lotuta dute mosketoi txiki batez, hari bermatzeko edo batetik bestera, soka batetik bestera aldatzeko.

Cielo Raso dantza-konpainia 2010 urtean sortu zuen Igor Calonge koreografo eta dantzariak. Taldea tradizioaz, gorputzaren indarraz, erresistentziaz, antzinako borrokaz, sinbologiaz eta poetikaz baliatzen da hizkuntza fisiko berria eta emaitza arriskutsua eskaintzeko. Makina bat pieza sortu ditu eta horiek Frantzian, Italian, Polonian, Brasilen, Mexikon, Argentinan, Panaman, Paraguain eta Finlandian aurkeztu ditu.

Dokumentuaren akzioak