Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Festarekin bat, dantza

Dokumentuaren akzioak

Festarekin bat, dantza

Urtero bezala euskal dantza erakustaldia eskaini zuten atzo Iruñerriko dantza taldeek

Egilea
Arantza Gartzia
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Iruñea
Mota
Albistea
Data
2002/07/07

Egiazki, eguerdia iraganda ekitaldia hasi baino lehenago ere, Foru plazako giroa alaia zen. Belardian edo bertan lekurik topatu ezinik, zoruan jezarrita lagun ugari zeuden. Bertatik bertara, familia osoak topa zitezkeen, gurasoak seme-alabekin, koadrilla helduak, txupinazotik zetozen gazteak alkandora eta praka horiztatuekin, kanpotar ugari, adin eta altuera ezberdineko jendea, kasualitatez edo espreski erakustaldia ikustera etorriak; edo, ekitaldia grabatzera Japoniatik etorritako telebista publikoa. Telebista honetakoak Otxagiko bobo pertsonaiaren esanahia jakin nahian, Harizti dantza taldeko kide batengana hurreratu ziren, itzultzaileaz lagunduta. Horrek, azalpenak emanda, Espainiako dantzak eta euskaldunak ez nahasteko ohartarazi nahi izan zion Japoniako kazetariari.



Giroa berotzen



Bitartean, eszenatokitik entzuten zen festa-musika eta pasodoble bat edo beste dantzatzera animatu ziren azken ukituak itxaroten zituzten dantzari ugarik. Mutikoen soinekoen kaskabiloek modu bitxian laguntzen zuten txaranga abesti batzuen erritmoa. Baina ordutegiari jarrituz, ordu bat eta erdietan musika eten eta txistulariek doinuak jotzen hasi ziren, dantza taldeek agintariena dantzatzeko prest jarri zirela. Enparantza beterik, jendearen txalo eta txistuen artean egin zuten ikurriñnren agurra, eta segituan mutilak Otxagikoa dantzatzeari ekin zioten. Zenbait taldetako dantzariek erritmoari eusteko arazoak izan zituzten,besteei makilak apurtu edota jantziaren gorbatak erori zitzaizkiela. Izerditan, neskei tokia utzi eta hauek matelota edo arrain-dantza dantzatu zuten; horren ostean, Laguardiako jota dantzatu zen. Urteroko ohiturari jarraituz, jaialdia bukatzeko jota bat dantzatu zuten, eta ikusleak dantzatzera atera ziren. Han agertu ziren adin eta altuera guztietako dantza bikoteak, koadrilla osoak, eta erritmoa jarraitzen saiatu ziren andaluziar, alemaniar eta hegoamerikarrak, beste kanpotarren artean.



Udalari kritikak



Ortzadar taldeko dantzari Ramontxo Balenzuela Lasak jendearen bultzada eskertu eta urte osoko lana gogorarazi nahi izan zuen atzo, Udalaren jarrera salatzeaz gain. «Kultura jasaten ari den zapalkuntzaren aurka, hemen dantzatzen gure eremua finkatzen saiatu gara. Urte guztian ez digute kasurik egiten, baina gaur hemen dantzariak daudela erakustea gustatzen zaio Udalari. Hori ekiditeko zerbait egin beharko genuke». Azken aste hauetan izandako presioak salatu nahi izan zituen Balenzuelak: «Dantzaldian beti oztopoak daude, dantzariak ezin gara edonola joan, Udalak kontuak eskatzen dizkigu pegatak eramaten baditugu». Hala ere, Barandallaren askatasunaren alde eta Barcina alkatearen aurkako pegatinak ikus zitezkeen dantzarien soinekoetan.

Dokumentuaren akzioak