Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Festak, ezpata-dantzen erritmoan

Dokumentuaren akzioak

Festak, ezpata-dantzen erritmoan

Ezpata-dantza oso errotuta dago Leitzan, eta urtero bezala, ikusle asko egongo dira dantzak ikusten

Egilea
Asier Velez de Mendizabal
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2007/08/11

Gaur San Tiburtzioren eguna izaki, leitzarrek festetako egun handiena ospatuko dute. Atzoko parrandaren ostean, gaur txistulariek goizeko zortzietan esnatuko dituzte leitzarrak. Ordu bat geroago, entzierro zaleek behien aurrean korrika egiteko aukera izango dute.

12:00e tan, herriko plazan Aurrera Elkarteko dantzariek ezpata-dantza dantzatuko dute. Dantzek arrakasta handia dute Leitzan, herritarrek oso gustuko baitituzte. Leitzako alkate berri Xabier Zabalok adierazi du dantza mota horrek urtez urte ikusle gehiago dituela. «Ezpata-dantza oso errotuta dago Leitzan, eta urtero, jaien egun handian, San Prudetzio egunean, herriko plaza dantzaldia ikusteko gogoa duten jendez beteta egoten da».

EZPATA-DANTZAREN JATORRIA. Dantza mota hori ez da jatorriz leitzarra, bizkaitarra baizik. Ezpata-dantza Espainiako gerra baino lehen dantzatzen hasi zen Leitzan, eta gaurdaino mantendu da. Dena dela, hainbeste urte igaro ostean, herriko biztanleek dantza berea balitz bezala sentitzen dute.

Urteak aurrera igaro diren heinean, Bizkaian ezpata-dantza dantzatzeko modua aldatu egin da, Leitzan ohiko moduan dantzatzen jarraitu dute. Beraz, Bizkaitik ekarri zuten moduan mantendu dute ezpata-dantza leitzarrek. Ezpata-dantza dantzatzeko desberdintasun nabarmenena hankak altxatzeko eta birak emateko moduetan ikusten da.

Ezpata-dantza amaitu ostean, zaletuen arteko pilota partidak jokatuko dira: Igor Aldaia Mikel Iriarteren aurka arituko da, eta Asier Gartziak Unai Olano aurrez aurre izango du. Pilota zaleek jokaldi onak ikusi ahal izango dituzte.

Bazkaldu ostean, 18:00etan, zezenak aterako dituzte plazara, eta ordu bat geroago, lehen mailako bertsolariak izango dira herriko plazan: A. Egaña, M. Lujanbio, S. Colina, U. Iturriaga, M.Ma Elosegi Luze eta D. Riaño. Leitzako Bertso Eskolako kideak gaiak proposatzeaz arduratuko dira. Bertsolariak kantatzen amaitzen dutenean, goxokiak banatuko dira plazan. 19:30ean, herriko txikiek buruhandiekin eta Incansables txarangarekin primeran pasatzeko aukera izango dute.

Gauean, 22:00etan, zezensuzkoa aterako da, eta gauerdian Gaubela taldeak emanaldia eskainiko du.

HERRI KIROLAK. Bihar, herri kirolen eguna izango da. Dianen eta entzierroaren ostean, 12:00etan harri-jasotzaileen eta aizkolarien txapelketa egingo da plazan. Harri-jasotzaileak, Ostolaza, Migeltxo eta Urrutia izango dira. Aizkolariak bi sailetan banatuko dira, adinaren arabera: gaztetxoak eta helduak. Gaztetxoei dagokionez, Mikel Zabaletak eta Iker Vicentek parte hartuko dute, eta helduetan, Nazabal eta Rekondo, Olasagastiren eta Arriaren aurka arituko dira.

Arratsaldean, Aurrera Elkarteko dantzariek herriko plazan dantzatuko dute, eta gauean zezensuzkoa aterako da. Gauerdian, Tximeleta taldeak emanaldia eskainiko du.

eGITaraua

Gaur

12:00. Aurrera Elkarteko dantzariek ezpata-dantza dantzatuko dute herriko plazan.

Ondoren. Zaletuen arteko pilota txapelketak jokatuko dira: Igor Aldaia Mikel Iriarteren aurka, eta Asier Gartzia Unai Olanoren aurka.

19:00. Bertsolariak izango dira herriko plazan:A. Egañak, M. Lujanbiok, S.Colinak, U. Iturriagak, M.Ma Elosegik eta D. Riañok parte hartuko dute. Bertsoen gaiak Leitzako Bertso Eskolako kideek proposatuko dituzte.

Bihar

12:oo. Herri kirolak plazan. Harri-jasotzaileak: Ostalaza, Migeltxo eta Urrutia. Aizkolariak; gaztetxoetan: Mikel Zabaleta eta Iker Vicente, helduetan: Nazabal-Rekondo Olasagasti-Arriaren aurka arituko dira.

18:00. Aurrera Elkarteko dantzariek dantza egingo dute herriko plazan.

oo:oo. Tximeleta taldeak emanaldia eskainiko du herriko plazan. Ordu erdi beranduago, Incansables txaranga herriko kaleetan barna ibiliko da gaueko erronda egiten.

Dokumentuaren akzioak