Dokumentuaren akzioak
«Festa giroan arropa horiek janzten hasi zirenean dena aldatzen hasi zen»
«Festa giroan arropa horiek janzten hasi zirenean dena aldatzen hasi zen»

Gabon gauaren aurreko orduetan ugaritu egiten dira Euskal Herriko kaleetan baserritarrez jantzita egunaz gozatzera irteten direnak, bakoitzak bere estiloari eutsiz, garaiko moden menpe, baina norberaren kultur eta nortasunaren gorazarre egiteko prest. Zalantzarik gabe, baserritar jantzia deitzen zaion hori delako euskal kulturarekin lotzen den janzkera nagusietakoa. Baina askorentzat ezezaguna izango da ziur asko kultur adierazpenaren atzean dagoen istorioa eta honen eragin nazionala.
Hain zuzen baserritar jantziaren sorrera eta bilakaera aztertu ditu ‘Baserritar jantziaren sorrera eta garapena’ doktore tesian Ane Albisu ikerlari eta filosofoak. «Festa giroan arropa horiek janzten hasi zirenean dena aldatzen hasi zen», azaldu du Albisuk NAIZ Irratian; «imitatu nahi zituzten baserritarrak, baina haiengan arropak beste itxura bat hartu zuen», gaineratu du.
1885 eta 1990 urteen arteko baserritar jantziaren bilakaerari erreparatu dio zehazki Albisuk. 2009an izan zuen doktore tesia gai honetara bideratzeko asmoa, baina aurrekaririk gabeko proposamena zela-eta, urteak eman zituen zuzendari bat topatu arte. Azkenean EHUKo Gizarte, Politika eta Kultura Doktoregoko Balioen Filosofia sailean topatu zuen ikerketa garatzeko aukera, Aizpea Leizaolarekin zuzendari lanetan. 2018tik buru-belarri izan da aipatu tesia argitaratu arte. Honen helburuez galdetuta, «Euskal Herriko jantzi eta janzkeren gaia akademiara eramatea», «euskaraz terminologia bat proposatzea» eta «XX. mendea jantziaren ikuspegitik irakurtzea», erantzun Albisuk.
‘Atondu’ egitasmoarekin jada janzkera horretan oinarritutako eredu garaikide batzuk proposatu zituzten. Edozein kasutan, gai honekiko eta beste batzuekiko interesa aspalditik datorkio Ane Albisuri, 70. hamarkadatik baita Argia Dantza Taldeko kide, baita honen baitan eratutako Ikerfolk elkarteko sortzaileetako bat ere. Dantzarena ere bada euskal janzkera tradizionala XXI. mendera eraman duen sektore nagusietako bat, baina bere doktore tesia bi oinarriren baitan eraiki du ikertzaileak; Gipuzkoan eta emakumeen jantzietan. «Lehendik ikertuta neukanaren arabera», dio Albisuk, «ikusi nuen interesgarriena izango litzatekeela Gipuzkoan zentratzea, nire ustez hemen sortu zelako». Emakumearen jantziari dagokionez, «XX. mendean zehar izan duen bilakaera», aztertu du Albisuk, «bai soineko bezala, baina baita jantzeko modu bezala ere. Zer eta nola, bi alderdi horiek».
Dokumentuaren akzioak


