Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Festa giroa eta omenaldiak Itsasi eta Udal Musika bandaren ospakizunetan

Dokumentuaren akzioak

Festa giroa eta omenaldiak Itsasi eta Udal Musika bandaren ospakizunetan

Dantzariek larunbatean agurtu zuten euren 25. urteurrena

Egilea
Mailo Oiarzabal
Komunikabidea
Diario Vasco
Tokia
Azpeitia
Mota
Albistea
Data
2002/11/27

Larunbatean lehen hitzordua udaletxeko arkupetan egon zen. Han, Julian Barrenetxea Abesbatzak aurtengo 'Udazkenean Abesbatzak' egitasmoaren barru-an kontzertua eskaini zuen eta, era berean, bezperan izan zen Santa Zezilia eguna gogoratzeko balio izan zuen azpeitiarren saioak.



Larunbatean bertan, baina Izarraitz frontoian, Itsasik 25. urteurreneko ekitaldi guztiak borobiltzeko balio izan zuen 'Lehena, oraina eta geroa' ikuskizuna eskaini zuen. Ikusle ugari bildu zen Izarraitzera, XX. Euskal Antzerki Topaketen egitarauaren barruan sartzen zen ikuskizuna jarraitu eta Itsasikoekin batera urte berezi honi amaiera jarri nahian. Eta joan zirenek ez zuten aspertzeko betarik izan, Itsasiko lehengo, gaur egungo eta etorkizuneko dantzari eta musikoek osatu zuten 160 lagun inguruko talde zabalak dantza eta musika ikuskizun ederra eskaini baitzieten.



Dantza ezagunen sorta ederra eskaini zuten Itsasikoek Izarraitzen, azken hiru hilabete hauetako entseiu saioetan sartutako orduen eta taldearen mende laurdeneko ibilbidearen erakusgarri. Horrelako gau batean esker ona adierazteko tartea ere hartu zuten taldekideek. Horrela, Mikel Larrañaga, Begoña Aizpuru eta Marilolo Goenagak ondo merezitako txaloak eta oroigarriak jaso zituzten, Itsasiren haseretan eta ondorengo urte luzeetan taldearen alde eginiko lan guztiaren truke, eta taldeak berak ere Udalaren partetik jaso zuen zilarrezko ezteiak direla eta zegokion oroigarria.



Itsasi eguna



Urteurreneko ekitaldi guztiak amaitu dira beraz Itsasikoentzat, baina festa giroan jarraitzeko asmoa dute taldekideek. Izan ere datorren igandean, abenduak 1, 'Itsasi Eguna' ospatuko dute. Eguerdiko 12:00etan meza izango da Esklabetako elizan eta, irteeran, dantzari txikiek saioa eskainiko dute eliz atarian. Hurrengo hitzordua Kiruri jatetxean izango dute, 14:30etan hasita egingo den bazkarian.



Itsasiko kide diren eta izan diren guztiak gonbidatuta daude bazkari horretara. Bazkaria 27 euro kostatuko da eta joan nahi dutenek aurrez izena eman behar dute, Itsasiko telefonora (943 151849) deituz. Deiaren momentuan inor ez balego, mezua erantzungailuan uzteko eskatzen dute taldekoek.



Bandakoen festa



Igandean Udal Musika Banda izan zen bere egun handia ospatu zuena, Santa Zeziliaren ohoretan urtero egin ohi duen bezala. Bandakoen festaren unerik nagusienak eguerdi partean iritsi ziren udaletxeko arkupetan. Bertan Santa Zezilia kontzertua eskaini zuen Bandak eta, horren barruan, taldean 50 urte daramatzaten bi musiko omendu zituzten: Javier Bergara 'Pio' eta Joxe Arruti 'Josetxo'.



Bi musiko beterano hauek, urteetan Bandako bonbardinoa eta tronpeta izan direnak, zalantzarik gabe eguneko protagonista nagusiak izan ziren. Biek ala biek, gainera, igandetik aurrera euren izena daramaten pieza bana badutela esateko moduan dira. Izan ere, omenaldiaren barruan Udal Musika Bandak bi pieza berri estreinatu zituen. 'Javier Bergara' habanera eta 'Joxe Arruti' pasodoblea, biak ere taldeko zuzendaria den Jose Luis Franzesenak sortutakoak.



Arkupetan bizitako une hunkigarrien ostean, Bandako familia handia lagunarteko bazkari batean elkartu zen.

Dokumentuaren akzioak