Dokumentuaren akzioak
Farruquitoren flamenkoak abiatuko du Dantzaldia
Urriaren 19an hasi, eta Espainiako Balet Nazionalak itxiko du azaroan
Farruco aitaitak sortutako flamenko eskolaren zaindari zorrotza da Farruquito. Farruquito eta familia izenburuko ikuskizuna aurkeztuko du Bilbon, urriaren 19an. Flamenkoa ulertzeko modu zehatz baten ikurra dugu Farruquito; eskubidea duelako dantza egitea eta errotik dantzatzea du helburu: «arima zabal-zabalik» duela dantzatzea. Hala, bere dantzen aurrean hunkitzen den ikusleak haren benetako sentitzea ulertu duela uste du Farruquitok. Harekin batera oholtza gainean aritzen diren kantariak eta gitarristak bat-batean jotzen dutenaren arabera egiten du dantza Farruquitok. «Hirurok bat egiten duguneko une hori sortzean ez da beti sortzen jendeak berehala antzematzen dio; une magikoa da», dio. «Bizitzaren menpe dagoen sentimendua da flamenkoa», Farruquitoren hitzetan. Urriaren 19an ariko da Euskalduna jauregian, 20:00etatik aurrera.
Venezuelatik eta Suitzatik
Ondoren, Venezuelako Danzahoy konpainiak Exodo ikuskaria aurkeztuko du estreinako aldiz Bilbon, azaroaren 2an. Sentsibilitate zorrotza eta estetika ausarta eta garaikidea darabil bere ikuskizunetan. Hala, gizakiaren arimaren erbesteratzea du gai nagusi Luz Urdaneta venezuelar koreografoak zuzentzen duen Exodo-k. Egungo gizakiaren mugak aintzat hartzen dituen obra hiritarra da; giza harremanak goraipatzen ditu, tangoa erabiliz. Suitzako Genevako Alias konpainiak L'odeur du voisin dantza ikuskizuna eskainiko du, azaroaren 16an. Alias taldeko Guilherme Botelho koreografoaren eta dantzariaren dantza zuzena da, argia. Eta fisikoa ere bai. Larruazalean du emozioa; trantze organikoa eta erritmo bizia du. Pertsonaiaren inguruko dantza ikuskaria da L'odeur du voisin. Pertsonaia nola sortzen den, eta nola egin daitekeen pertsonaia bati zuzenduriko koreografia du ardatz Botelhorekin batera hogei dantzarik Euskaldunan interpretatuko duten lanak.
Txalaparta, Espainiako Baletaren eskutik
Nacho Duato zuzendari dela, Espainiako Balet Nazionalak itxiko du Dantzaldia, azaroaren 29an eta 30ean egingo dituen bi emanaldirekin. Txalaparta eta Tabulae ikuskizunak agertuko ditu, oraindik zehaztu ez duten hirugarren obra batekin batera. Kepa Junkera eta Oreka Tx taldearen txalaparta doinuek lagunduko dute, bada, Duatok zuzentzen duen baleta Txalaparta ikuskizunean. «Txalapartaren soinuak harrapaturik, narrazio bako pieza eskatu zion Duatok Junkerari; sentitzeko eginiko obra», azaldu du Fundicion aretoko koordinatzaile Luque Taguak. Hala, dantza tradizionalarekin lotura gutxi du Txalaparta-k, eta teknikoki oso eszenografia konplexua eta zaindua. Inprobisaziorako tartea ere hartzen dute musikariek. Txalaparta eta Tabulae orain aste gutxi estreinatu zituen Balet Nazionalak Madrilen; Euskal Herrian Euskaldunako auditorioan aurkeztuko ditu azaroaren akaberan.
Dokumentuaren akzioak