Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Fandango ala arin-arin, bi emakume elkarrekin

Dokumentuaren akzioak

Fandango ala arin-arin, bi emakume elkarrekin

Euskal Herriko Dantza Txapelketa jokatuko dute larunbatean Seguran. Helduen mailan, hamahiru bikote lehiatuko dira, eta horietatik bat ez da mistoa izango: Leire Urresti getariarrak eta Irati Aranguren azpeitiarrak osatutakoa, hain zuzen.
Egilea
Ihintza Elustondo
Komunikabidea
Urola Kostako Hitza
Mota
Albistea
Data
2017/10/19
Lotura
Urola Kostako Hitza

Hankak airean eta gorputzak arin. Halaxe aritzen dira Irati Aranguren (Azpeitia, 1993) eta Leire Urresti (Getaria, 1992) dantzan elkarrekin. Edozein estilotako bikoteak onartzen diren garaiotan –izan mutil eta neska, bi neska edo bi mutil–, Euskal Herriko 41. Dantza Txapelketan parte hartzera animatu dira, lehen aldiz. “Amets bat genuen, eta ikusten genuenez bazegoela betetzea, ez genuen oztopo gisa ikusi bi neska izatea”.

Duela pare bat urte ezagutu zuen elkar bikoteak, Sahatsa dantza taldean. Gogoan dute noiz egin zuten lehen aldiz dantza elkarrekin: Kepa Junkeraren Maletak bideokliperako bideo bat grabatzera animatu ziren, eta, ordutik, beste hainbat gauza egin dute. Uztailaren 1ean parte hartu zuten aurrenekoz dantza sueltoko txapelketa batean, Zumarragan (Gipuzkoa); eta, orain, Segurako (Gipuzkoa) txapelketara ere animatu dira. “Afari batean, elkarri komentatu genion gustura parte hartuko genukeela, eta animatu egin ginen. Biontzako amets bat zen horrelako txapelketa batean parte hartzea; dantza bizi dugunontzat, txapelketa goren horretara iristea ilusioa da”.

Umeak zirela hasi ziren bi emakumeak dantzan. Urrestiri betidanik gustatzen zaizkio dantza tradizionalak, eta 6 urterekin hasi zen dantza ikasten Getarian; haren arabera, lehenago ez zen hasi “ezin delako”. Arangurenek, berriz, are lehenago ekin zion: “4 urterekin-edo apuntatu ninduten dantzara, baina negarrez joaten omen nintzen, eta utzi egin nuen. Gero, 6 urterekin, berriz hasi nintzen. Etxean hori esaten didate, baina ni ez naiz ezertaz gogoratzen”. Ordutik aurrera, sekula ez du dantza uzterik pentsatu, baina, dioenez, ez daki noiz konturatu zen benetan gustatzen zaiona hori dela.

Azpeitia eta Getaria hogei minutuko distantziak banatzen baditu ere, afizioak lotuta, denbora asko ematen dute elkarrekin Urrestik eta Arangurenek: entseguetan, erromerietan… Horrek beren arteko harremana estutu du. “Egun txarra baldin badaukazu, aldamenekoak aguantatu behar zaitu, eta ona baldin badaukazu ere bai”, adierazi du Arangurenek. Elkarren berri izateak elkar ondo ulertzen laguntzen duela uste du Urrestik: “Dantza ez da fisikoki egiten den konexioa bakarrik, barrutik beste konexio bat egin behar da elkar ondo ulertzeko”.

Oraindik, gutxiengoa
Tradizioz, dantza sueltoko txapelketetako bikoteak mistoak izan ohi diren arren, gaur-gaurkoz, edozein motatako bikoteak aurkez daitezke. Arangurenen arabera, lau bat urte izango dira Segurako txapelketara lehen aldiz bi emakume aurkeztu zirenetik, eta bi mutil iaz atera ziren aurrenekoz. “Gaur egun dena da libre”, dio. Dena den, dantzariek argi dute oraindik ere askoz gutxiago direla bi mutilez edo bi neskaz osatutako bikoteak. “Oraindik jendeak esaten digu: ‘Nolatan bi neska?’. Asko eta asko harritu egiten dira”, azaldu du Urrestik. “Garai batean, erromerietan, bi mutilek edo bi neskak elkarrekin dantza egitea normal-normala zen, baina kontua da txapelketatan orain arte ez zela horrela egiten”, erantsi du Arangurenek.

Beraiek ez zuten inoiz pentsatu bi emakume txapelketara aurkeztea oztopo izan zitekeenik: “Gure kezkak gehiago ziren fisikoak, gorputzak aguantatuko ote zuen… eta horrelakoak”, adierazi du Urrestik. Dena den, uste dute ikusleen begiak zein epaimahaiarenak oraindik ez direla guztiz ohitu mistoak ez diren bikoteak oholtzan ikustera. Halere, itxaropentsu dira; pixkanaka-pixkanaka, haiek ere egoera berrira egokituko direla uste dute.

Txapelketarako prest
Fandangoa eta arin-arina dantzatu beharko ditu bikoteak larunbatean Seguran. Fandangoa egiteko bi modu daude, txistuarekin edo albokarekin, eta Arangurenek eta Urrestik txistuaren aldeko hautua egin dute. Arin-arina, berriz, beti dantzatu ohi da trikitiarekin. Zertan moldatzen diren hobeto galdetuta, dantza bakoitzak bere ezaugarriak dituela azaldu du Urrestik: “Fandangoak indarra du eta eleganteagoa da; arin-arina, berriz, biziagoa da”. Diotenez, “Gipuzkoako tradiziotik datorren estiloan” dantza egingo dute beraiek.

Oraingoz, ez dira Euskal Herriko Dantza Txapelketa irabaziko ote duten pentsatzen jarri. “Gu txapelketa guztietara ondo pasatzera joaten gara, ez dugu irabazteko aukera inoiz planteatu. Gure erronka da ondo pasatzea eta gure gorputzarekin ahalik eta ondoen sentitzea. Txapela, oraingoz, ez dago gure ametsen artean”, azaldu du Urrestik.

Arangurenek beti errepikatu ohi duen esaldi bat ekarri du gogora: “Seguran, mahai gainean, irabazleentzat txapel bat eta zapi bat dauden bitartean, bi neskak ez dugu sekula irabaziko txapelketa. Gauzek pila bat aldatu beharko dute, nahiz eta bi neskak hobeto egin dantzan, lehia horiek irabazteko”.

http://urolakosta.hitza.eus/files/2017/10/IMG_2223.jpg

Irati Aranguren eta Leire Urresti, Markinan (Bizkaia) dantzan. (Hitza)

Dokumentuaren akzioak