Dokumentuaren akzioak
Ezustean harrapatuta
Beste artista batzuen kontrako erara, bizirik zegoela onarpen handia
eta mota guztietako sariak eta dominak jaso zituen. Baina heriotzaren
balio nagusia, eta agian bakarra, kontuak betiko argitzearena izaten
da, eta horrexegatik da orain inoiz baino egokiagoa geure buruari
galdetzea Cunningham zergatik gogoratu beharko ote dugun.
Egunotan asko idazten ari da, eta idatziko da, artistaren
ibilbideari buruz: haren hastapenak Martha Grahamen konpainian,
esperimentaziorako zeukan joera indartsua, haren ingurukoekin -eta
bereziki John Cagerekin- izandako elkarlan emankorra, ondoko
belaunaldietan utzi duen aztarna... Egia nagusiak dira haiek guztiak,
baina haietan bat nabarmentzekotan, nik azpimarratuko nuke
Cunninghamekin hasi zela dantza benetan dantza izaten, eta berarekin
aurkitu zuela dantzak bere alor espezifikoa, gainontzeko arteetatik
guztiz bereizia dena.
Esan daiteke Isadora Duncan, Balanchine eta Martha Grahamen
bide-urratze ausart eta ezinbestekoen ostean, lurra prest zegoela
urrats definitiborako, eta zoriak edo patuak, edo biek batera, artista
estatubatuarra aukeratu zutela dantzaren artea soberako elementuetatik
askatzeko eta benetan funtsezkoak diren kontuetarantz bideratzeko. Gero
etorriko ziren Pina Bauschen espresionismoa eta azken hamarkadetan
ezagutu ditugun joera eta bilaketen eztanda miresgarria. Baina, azken
finean, esandako guztia posible izan zen pasa den mendeko erdialdean
Cunningham delako batek eszenatokiak erabat hustu, jantzi figuratiboak
bazter utzi, narratibotasuna abandonatu eta, musikaren joera
berritzaileekin bat eginik, dantzaren muinera jo zuelako.
Artista handiekin askotan gertatzen den bezala, bere
proposamen askoren laztasunak eta muturreko saio abangoardistek asko
zaildu zuten publiko zabalekiko komunikazioa, baina dudarik gabe,
soinuak eta isiluneak, denbora eta espazioa, inprobisazioak eta
mugimendu prestatuak nahierara erabiltzeko zeukan estiloak ikuslearen
espiritua ezustean harrapatuta geratzea lortu zuen.
Dokumentuaren akzioak