Dokumentuaren akzioak
Ezustean harrapatuta
Kritika, '23:22'
Ikusleak ezustean harrapatzea, dantza kaleko jendartean eta bat-batean agertzea, proposamen artistikoak ezohiko lekuetan garatzea... Horiexek dira 23:22 proiektuaren xedeak hasiera batean, baina egunotan Lapurdiko zebrabide, diskoteka eta ostatu banatan izandako esku-hartzea lan-ildo luzeago baten parte da, aurrerago ikusiko dugun bezala.
Izenburuak dioen moduan, dantza gertakizuna gaueko 23:22etan hastekoa zen leku bakoitzean, baina ostiral gauekoan beranduago hastea deliberatu zuten EliralE konpainiaren inguruan bildutako lau artistek, dantzalekuan bildutako jende kopurua nahikoa izan arte. Beraz, gaueko giroa bere punturik gorenean zegoela pasa den mendeko musika giro arrakastatsua eten eta baxu elektrikoa jotzen hasi zen Ion Alberdi, disko jartzailearen kabinatik gertu. Nik neure artean urduritasun puntu bat neukan, hasiera batean ez zegoelako batere argi zer-nolako erreakzioa erakutsiko zuen publikoak, giro aldaketa bortitzaren aurrean, batez ere kontuan izanda baxuak ez daukala berez beste instrumentuek duten indar inposatzailea.
Baina proposamenaren indarra bere itxurazko ahulezian, ezer ere ez inposatzean datza. Gauzak horrela, Alberdik jotzen jarraitu zuen eta halako batean bertan zegoen Sebastien Bertaud Parisko Opera Nazionaleko korifeoa eta EliralEren ohiko kolaboratzailea, bere presentzia leunkiro baina tinko txertatzen han bildutakoen artean. Dantzaria beste edonor bezala jantzita zebilen, eta hasiera batean edaten edo solasean zeudenen artean paseatzen zen, besterik gabe. Beranduago, berriz, inprobisatuak ziruditen bai- na aurretiaz zehaztuak ziren esaldi koreografiko laburrak gara- tzen joan zen, gorputz-jarrera estatiko ezinezkoak osatuz, noraezeko ibilbideak deskribatuz eta jendearen harridura bere mugimenduen zehaztasun perfektuarekin piztuz.
Izan ere, jendearen harridura edo erantzunak ezinbesteko osagaiak dira ikusleak ezustean harrapatu nahi dituen lan honetan eta alde horretatik aipatzekoa da Hendaiako gazte talde batek dantzariarekin sortutako dantza elkarrizketa aberasgarria. Donibane Lohizuneko dantzalekuan ere alkohol aldetik nahiko alai zebiltzan gazte batzuek beren ekarpena tartekatu zuten dantzariaren proposamenean, arazo handirik sortu gabe, eta lerrook idazterakoan ikusteke dago Senpereko ikusleen erantzuna. Hain zuzen ere, hor sartzen da Sylvestre Gobart argazkilari eta artista plastikoaren zeregina, berak prozesatuko baititu bideoan hartutako dantzariaren eta ikusleen irudiak, egunotako osagaiekin beste lengoaia bateko produktua sortzeko.
Dokumentuaren akzioak