Ekainaren 6tik 9ra arte, Eztena Jaialdiaren 16. edizioa izango da, eta ohiko moduan Zizt! kultur elkarteak, Mikelazulo kultur elkarteak eta Errenteriako Udalak antolatu dute elkarlanean. Eztena jaialdiak ohiko helburuari heldu dio berriz: edukietan, formetan zein antolakuntza moduetan arriskuak hartzen zituztenei plaza bat eskaintzea.
Bestelakotasunaren gaia abiapuntu hartuta egunotan arte eszenikoek girotuko dute Errenteria/Orereta beste urte batez, eta emanaldi guztiak herriko eszenatokietan egingo dira: Lekuona Fabrikan, Niesseneko entsegu gelan eta Niessen auditorioan.
Antolatzaileek adierazi dutenez, “aurtengo egitaraua nabarmen queerra atera da. Identitate berriak eta giro ez-mainstreama biltzen dituzten emankizunak izango dira jaialdian. Ikuskizun eta tailer denek komunean duten ezaugarria izango da ezohikoarena. Horregatik, bestea edo bestelakotasuna deritzon kontzeptu filosofikoaz baliatu gara aurtengo edizioaren izaera definitzeko. Gainera, Francisaldia jaialdiarekin bat egingo du aurtengo Eztenak eta egitarauaren tailer batzuk elkarlanean eskainiko dira. Artista gonbidatuen zerrenda anitza da. Artista eta ikuskizun denek biltzen dute euren baitan ezohikoa den esentzia bat, ez absolutua, ez zentrikoa, ez kanonikoa. Bestelakoak dira; izaera propiodunak, bazterragokoak, guretzako interesgarriagoak”.
Lehen egunean, hilak 6, ezagunak egiten zaizkigun proposamenak atondu dira: Amaia Bonoren Belarriprest pieza. Identitatea, itzulpena, akatsa, kultura, hitzak, biografía… Hori guztia euskaldun berrien kontakizunetik, eta hizkuntzaren analisiatik.
Eta geroago, Danele Sarriugartek eta Miren Narbaizak hitza eta soinua uztartzen dituen Popperra, Afterra, Utopia saioa egingo dute.
Hurrengo egunetako programazioa eta bestelako xehetasunak: Eztena.