Dokumentuaren akzioak
Ezpeizen abiatuko dira Zuberoako maskaradak
Igande honetan, urtarrilak 22, abiatuko da Zuberoan maskaraden sasoia-edo deitu daitekeena. Apirilaren 30era arte, hiru hilabete luzez, 15 herrik hartuko dute herrialde horrek bere-berea duen antzerki mota. Kaleko antzerkia, hain zuzen, dantza eta kantua biltzen dituena, inauteriari lotua. Aurten Pettarra eskualdeko Xiberoko Jauna elkarteko neska-mutil gazteen gain dago maskaraden antolaketa. Zuberoa iparraldean kokatutako eskualdea Ezpeize-Ündürein, Ürrüstoi-Larrabile, Ainharbe, Sarrikota, Onizepea eta Mitikilek osatzen dute, eta aurreneko herri horretan, Ezpeizen, egingo da bihar lehen emanaldia.
Barrikadekin hasiko da eguna 10:00etan, eta maskaradak 15:30ean izango dira. Bertaratzekotan, edo beste egunen batean bertaratzeko asmorik izatekotan, oso-oso komenigarria da, ezinbestekoa ‘manexkeria’ hangiegirik ez egiteko, Aritz Ibañez Lusarretak dantzan.eus atarian argitaratutako gida moduko hau irakurtzea. 2014koa da, baina ez du interes eta gaurkotasun izpirik galdu.
Hurrengo asteetan, apirilaren 30era arte, honeko egitarau honen arabera ibiliko dira maskaradak Zuberoan barrena:
Urtarrilak 22, igandea: Ezpeize
Urtarrilak 29, igandea: Gotaine
Otsailak 5, igandea: Altzai-Lakarri
Otsailak 12, igandea: Altzürükü
Otsailak 19, igandea: Müskildi
Otsailak 26, igandea: Pagola
Martxoak 4, larunbata: Maule
Martxoak 11, larunbata: Idauze
Martxoak 18, larunbata: Iruri-Zalgize
Martxoak 26, igandea: Urdiñarbe
Apirilak 2, igandea: Larraine
Apirilak 9, igandea: Hoki
Apirilak 16, igandea: Barkoxe
Apirilak 23, igandea: Gamere
Apirilak 30, igandea: Ürrüstoï
Gero, maiatzean, Tolosaldean izango da aurten errejenta lanetan Allande Davant eta dantza irakasle Margot Fauri dituen ikuskizunaren emanaldi bat bertatik bertara ikusteko aukera.
Dokumentuaren akzioak