Dokumentuaren akzioak
Ezpaten irrintzi ozena
Prest dira ezpatak Zumarragan (Gipuzkoa), eta, prest, beraz, Irrintzi dantza taldeko dantzariak. Gaur haiek izango dira protagonista; gaurkoa baitute, hain zuzen ere, Santa Isabel eguna, ezpata dantza dantzatzeko eguna. «Egun berezi bat da gure dantza taldearentzat, eta baita herriarentzat berarentzat ere». Hala azaldu du Sara Bidartek, Irrintzi dantza taldeko kideak.
Urteroko legez, dantzariak Antioko ermitara abiatuko dira gaur goizean goiz, oinez. Meza nagusia baino lehen, ermita barruan dantzatuko dira Ama Birjinaren ohoretan. Eta, mezaren ondoren, berriz, kanpoaldean. Herritarrak izango dituzte han zain. Bidartek adierazi du taldean urduritasuna eta irrika izaten direla nagusi gaurko egunez. Taldekide guztiek ez dute, ordea, urduritasun hori urtero bizitzeko aukera, hamabi irteten baitira soilik dantzara: «Batez ere, hamabi dantzarientzat izaten da egun berezia».
Lau dantzarik egiten dute kapitainarena. Eta, aurten, Maddi Barrenak, Lide Mendiarazek, Miren Hernandezek eta Irati Etxeberriak hartuko dute kapitainaren rola. Galtza gorriak eramango dituzte soinean, eta horrek bereiziko ditu, besteak beste, lau kapitainak eta gainontzeko dantzariak. «Errespetua ematen du elizan dantzatzeak», jakinarazi du Bidartek.
Ermitaren barnealdean. Meza nagusia baino lehen, Ama Birjinaren omenez, elizan egiten dute dantza. Asier zaldua / Goierriko Hitza
Kapitainen dantzak irauten duen bitartean, galtza zuriz jantzitako zortzi dantzarik egingo dute kapitainen atzeko «soka». Aurten, Paula Urteagak, Iñaki Urteagak, Elena Urteagak, Josune Martinek, Nahia Alustizak, Nekane Martinek, Mikel Antiak eta Naroa Gonzalezek osatuko dute zortzikote hori.
Urduritasunak urduritasun, prest daude dantzariak gaurko egunerako. Izan ere, Bidartek azaldu du maiatz hasiera aldera hasi zirela, ohi bezala, entseguekin. «Kapitainarena egitea beti da berezia, eta hori bizitzeko entsegu guztiak ere bereziak izaten dira». Gaineratu du lehen aldiz kapitain izateak ematen diela berebiziko intentsitatea entseguei. 2018an izan zen Bidarte lehendabizikoz ezpata dantzako kapitain, eta hark behintzat hala bizi izan zuela nabarmendu du.
"Kapitainarena egitea beti da berezia, eta hori bizitzeko entsegu guztiak ere bereziak izaten dira"
Sara Bidarte. Irrintzi dantza taldeko kidea
Bidarteren hitzetan, urtero aldatzen dira Santa Isabel egunean dantzatzen diren dantzariak. Azaldu du urte osoan taldean izandako arduraren arabera izan ohi dela hori, eta, nolabait, «merezimendu» gisa ematen zaiela dantzariei dantzatzeko aukera. «Saiatzen gara gure artean aldatzen, dantzari berriak ere dantzatu daitezen».
Orain dela zazpi urtera arte, ordea, taldeko kide guztiek ez zuten eskubiderik dantzan parte hartzeko. Izan ere, 2015. urtera arte gizonezkoek soilik egiten zuten Zumarragako ezpata dantza. Geroztik, baina, taldeko emakumeak ere badira protagonista urtero. Ondo gogoan du 2015eko uztailaren 2 hura Bidartek. Ikusleen artean zegoen orduan: «Antion bertan izan nintzen ni. Egia da banuela urduritasun puntu bat Hondarribian eta Irunen gertatzen ari zena gertatu zitekeelako beldurrez. Baina, beste alde batetik, berezia izan zen». Hari horretatik tiraka, ordea, azpimarratu nahi izan du, egun jakin horri garrantzia kendu gabe, herriko emakumeak ere, gizonen gisan, «badirela nor» ezpata dantzan parte hartzeko.
Kapitaina. Lau kapitain dira. Argazkian, Sara Bidarte, Irrintzi dantza taldeko kidea. Ariane Vierbücher / Goierriko hitza
Jantzietako galtzak aldatu zituzten emakumeak batu ziren urtean; mutilentzat zein neskentzat egokiak zirenak hautatu zituzten. Dantzan.eus atariaren arabera, Juan Antonio Urbeltzengana jo zuten orduan aholku eske, eta Ikerfolk elkartearen laguntza eduki zuten jantziak egokitzeko orduan. Hain justu ere, elkarteko Ane Albisuk egin zituen jantzi horien guztien egokitzapenak, eta horiexek darabiltzate ordutik.
Intsektuen aurkako konjuru
Hala ere, folklore ikuskizun bat baino gehiago da Zumarragako ezpata dantza: zenbait kontakizun historiko ere badaude haren inguruan, Oier Araolaza dantza adituak jakinarazi duenez. Dantzan.eus webguneak baieztatzen du hori. Izan ere, Zumarragako ezpata dantzaren gaineko zenbait bitxikeria jasotzen dira hartan. Araolazak egin du istorio horietako baten argazkia: «Abarketak jantzita hil zen Zumarragako dantza maisu baten istorioa, esaterako». Dantza.eus atariaren arabera, Antioko ezpata dantzako desafioan gertatu zitzaion hori Jose Antonio Olano dantza maisuari, bere talde ordiziarrarekin dantzatzera joan zenean, 1882an, gaurko egunez: «Gazteagoa zen dantzari baten aurrean ondoezak eman, eta, handik gutxira hil omen zen». Ikasle bat zuen aurrez aurre, Francisco Olaran, eta haren aurkako desafioan gertatu zen hori.
Juan Alzolaren istorioa ere ekarri du gogora Araolazak: dantza behar bezala ez zekielako, gidari lanetan zebilen Bartolome Ibargurenek dantzatik kanporatu zuen. Eta Alzolak, suminduta, ezpata sartu omen zion Ibargureni.
Ezpata dantza 1932. urtean. Argazkian, Mariano Gabilondo dantzaria. Pascual Marin / Kutxateka
Ezpata dantzari buruz gaur egunera iritsi diren bitxikerietako batzuk dira horiek. Baina haren jatorria gudarekin lotu izan da sarri; dantza militar bat irudikatuko balu bezala, alegia. Zenbait ikerketa antropologikok, ordea, gezurtatu egiten dute teoria hori. Juan Antonio Urbeltz aditua da horretan. Harena da, hain zuzen, Los bailes de espada y sus símblos (Ezpata dantzak eta horien sinboloak) ikerketa argitaratua. Hartan jaso zuenaren arabera, ezpata dantza bezalako arma dantzek ez dute inolako zerikusirik gudaldiekin edota alardeekin; ikerketak dio armak metaforak baino ez direla. Gainera, azterketa horretan zehaztu zuen intsektuen izurriteak uxatzeko erritualetan dutela jatorria ezpata dantzek. Beraz, Urbeltzen arabera, eztenak izango lirateke ezpatak, besteak beste.
Ipuina eta dokumentala
Hain zuzen ere, Urbeltzen hipotesien alde egin zuten Zumarragan orain bost urte. Izan ere, teoria horiei guztiei heldu eta ipuin bat idatzi zuen Antxiñe Mendizabal idazle eta kazetariak 2017an, Josu Marotoren ilustrazioek lagunduta: Zumarragako ezpata dantza: magia dantza. Fikzioa, herriko historia eta Urbeltzen ikerketak uztartu zituen Mendizabalek ipuinean. Finean, ezpata dantza eta haren melodia nola sortu eta garatu ziren kontatzeko alegoria bat da.
Dokumental bat ere kaleratu zuten urte berean: Zumarragako ezpata dantza: ipuinak dantzaren bidez kontatzen dituen herria. Oraindik ere ikusgai dago sarean. Irrintzi dantza taldearen eta Antxiñako Ama txistulari taldearen 50. urteurrenean eman zuten argitara dokumentala. Andoni Jaka, Jose Antonio Ansorena, Joxe Mari Telleria, Juan Antonio Urbeltz, Oier Araolaza eta Mikel Sarriegi adituek ezpata dantzaren gaineko informazioa ematen dute dokumentalean, norbere esparrutik abiatuta. Gainera, Zumarragako ezpata dantzariek eta txistulariek kontatzen dute zer sentimendu pizten dien Zumarragako ezpata dantzak.
Dokumentuaren akzioak