Dokumentuaren akzioak
Ezpatak bihotzak hunkitzen
Bi hitzekin harilkatu daiteke atzoko ezpata dantzak Zumarragako Antion emandakoa: babesa eta emozioa. Lehen aldiz egin zuten ezpaten dantza neskek mutilekin batera. Lehenengo ermita barruan, baseliza kanpoan ondoren. Bietan emozioak ukitu egin ahal ziren, barruan isilean gordeta, kanpoan oihu bihurtuta. Zumarragako herriak hunkituta hartu zituen neskak eta, behin dantzak eginda, ondo egindakoaren sentipena barreiatu zen inoiz ez bezala Antioko zelaietan.
Antiora igotzeko autobusari itxaroteko lehenengo ilarak sortzen ari zirela Elizkalera iritsi ziren txistulariak, Irrintziko dantzariak eta udal agintariak. Ilarak, goizak aurrera egin ahala, Filipina Uharteak kaleraino luzatuko ziren.
Irrintzikoak Santa Ixabel egunak agintzen duen jantziak soinean zeramatzaten. Ez ziren, halere, betiko jantziak. Hamalau dantzarietatik zazpi neska eta zazpi mutil; dantzariak parekide, kasualitatez. Gorri eta zuri koloreei eutsita ere, galtzen lihozko oihalak bonbatxoetan josita zeuden eta hala neskei nola mutilei ederki egokitzen zitzaizkien.Dantzarien aurpegietan poza, baita urduri ukitu bat ere. Lau kapitainen galtzak gorriak ziren, bina neska eta bina mutil kapitainetan; hori ere kasualitatez.
Eitzagarako bidea egin zuten Elizkaletik. San Gregorioko elizaren aterpean mokadutxo bat jan zuten aldaparik pikoenari heldu aurretik. Gero, Aintxiñako Hiribidean gora egin zuten lastoz eta lorez estalitako zorutik.
Eitzagan gora
Giroa sargori, hezetasunak izerdi patsetan eraman zituen ibilian joandako denak Antioko gailurreraino. Behin goran, arnasa bere onera etortzeko tartea hartu zuten. Ordurako bete antzera zegoen ermita erabat bete zen denbora gutxian. Hamaiketako kanpaiekin batera sartu ziren agintariak eta atzetik txistulariak zein dantzariak. Ines Aztiria ezpata dantzariaren hitzetan, «guk, neskok, beti aurrean jarrita ikusi dugu ezpata dantza eta inoiz ez gara jabetu atzean dagoen jendetzarekin. Gaur bai». Aztiriak sokan egin zuen dantza atzokoan. Baselizan sartzean barruak pixka bat kiribildu zitzaizkiola esan zuen dantza egin ondoren.
Nork bere tokia hartu zuenean, isiltasunez bete zen baseliza eta Mikel Aranburu sokan zihoan kapitainak dantza egin zuen. Ondoren, Oihane Vicente ermitaren erdian belaunikatu eta dantzan hasi aurretik irri fin bat marraztu zitzaion. Baselizatik irteterakoan jendearen babesa sentitu zuela esan zuen. Bere atzetik Eneko Galdos eta Josune Martin dantzatu ziren bakarka. Amaieran kapitainek elkarrekin egin zuten ezpaten dantza.
Kanpoan txaloetan
Eliza barruko solemnitatearen ondoren, erromeria girorako tartea zabaldu zen Antioko inguruetan. Meza amaitu eta baseliza kanpoko oholtza gainean dantzatu ziren. Emozioak piztuta zeuden eta dantza amaierak txalo zaparradekin eskertu zituen bildutako jendetzak. Dantza egin bitartean, animo eta babes oihuak gailendu ziren. Malko bat baino gehiago isuri zen atzokoan kolore, adin eta genero guztietako pertsonen aurpegietatik.
Ohorezko aurreskurako Eider Mendoza Gipuzkoako Batzar Orokorretako lehendakaria atera zuten oholtzara; Galdosek dantzatu zion. Bigarren aurreskua Rakel Guridiri dantzatu zion Mikel Aranburu semeak.
Atzoko emozioek bidea egin diete datozen urteko ezpata dantzei. Hurrengoetan neskak ezpatekin dantzan ikustea naturala izango da, besterik ez.
Dokumentuaren akzioak