Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ezpatadantza

Dokumentuaren akzioak

Ezpatadantza

Egilea
Juan Antonio Urbeltz
Komunikabidea
Nora
Mota
Erreportajea
Data
2008/06/01

Baina folkloreari dagokionez, ezpal guztiak ez dira enbor berekoak: milaka orrialde idatzi dira armaren ebidentzia dela-eta, koreografia hauek gerran oinarrituak daudela baiesteko; baina, horiez gain, badira bestelako hipotesi garrantzitsuak ere, dantza horien inguruan dantzan, eta horiek azalpen alternatiboak ematen dituzte. Hasteko eta behin, ezpataren jatorri metalurgikoa. Hipotesi horren arabera, Cabiro, Cudete eta beste hainbat kofradia metalurgiko mitikoek dantzatutako dantza armadunekin loturik leudeke ezpatadantzak. Aurreko hipotesiaren haritik, eta oinarri mitiko horren erro beretik, espezialista batzuen irudiko meatzaritzan dute sorburua dantza horiek. Ingalaterra iparraldean zenbait eredu oso barruti estuetan dantzatzen direla arrazoitu dute, uste hori sendotzeko. Alegia, meategi bateko galeria estuan irudikatu dituzte meatzariak dantzan. Beste hipotesi batek dio beharbada Erdi Aroko aiztogile eta ezpatagile gremioen asmakizuna direla. Ikusmolde horrek ere badu bere oinarria: hain zuzen, lanbide hauteko gilden artean ematen den elkartzea, ezpatak eskulekutik eta puntatik hartzean gertatzen den kateatzeagatik. Nolanahi dela ere, Errenazimenduko festa liturgikoetan eta jai ospakizunetan oso zabalduak zeuden ezpatadantzak.

Euskal Herrian, ezpatadantza terminoa genrikoa da. Hain modu orokorrean erabili da izendapen hori, Gipuzkoan eta Bizkaian batez ere, zeremonia eta errituetako dantzaren metonimia bihurtu baita, eta ezpatadantzaria terminoa, berriz, dantzari huts bilakatu da, ezpatarekin edo ezpatarik gabe dantzatu. Ezpatadantza zeremoniala hainbat lekutan mantendu da; eredu interesgarriak gorde dira gurean. Hiru forma edo egitura dira nabarmentzekoak: lehena, ezpata luzeak eskulekutik eta puntatik helduta bata besteari lotutako dantzariekin. Euskal ereduak badu  Europako antzeko ereduetan ohikoa ez den bereizgarria: ezpata luzeko dantzarien katetik kanpo ere badira dantzari armadunak, sastakai edo dagekin. Bi kasutan, Legazpin eta Xemeinen, ezpaten txirikorda dantzari nagusiaren lepo inguruan biltzen dute. "Lepogabetzea" esaten zaio moldaera horri. Durangok Merindadeko (Bizkaia) dantza pirriko edo borrokadantza ikaragarri ederraren aldaerek osatzen dute hirugarren taldea. Bi dantzari ilara, ezpata edo sableekin armaturik, elkarren aurka aritzen dira dantzan, eraso eta defentsako mugimeduak tartekatuz. Dantza guztiek, bai figura-dantzek eta bai arma-dantzek, antzeko kolorea dute. C. Sachek "Dantzaren Historia Unibertsala" liburuan zertutako "pauso luzeko" dantzen moldekoak dira; jauzia eta airera egindako ostiko handiak, horiek dira dantza-molde horren ezaugarri nagusienak. Bestalde, dantzari kopuru desberdinarekin egin ohi ziren figura-dantzetan agerian geratzen zen dantzari gazteek herriko nagusien aurrean egin beharreko iniziazio edo erakustaldi kutsua.

Koreografiaren moldaketak era askotakoak dira. Ezpatekin eta egurrezko astamakilekin armaturik, zortzi dantzari ateratzen dira plazara, martxa baten pausoan desfilatuz. Bandera daramanak ixten du taldea. Aurreko doinu berarekin haizatzen da bandera dantzarien buru gainean (belauniko egoten dira tarte horretan dantzariak). Jarraian hainbat moldaketa datoz: talde osoak dantzatuak; banaka-banaka, binaka; edo launaka. Ezpatekin egindako dantzak elkarren aurka borrokan aritzeko itxuran; eta makila lodiekin dantzatutako errepika bat. Azken irudia iksugarria da oso, txotxongilo esaten zaiona: dantzari baten heriotza eta berpiztea irudikatzen duen pantomima. Iurretan, zinta-dantza unibertsalarekin bukatzen dira dantzak.

Nahiz eta bereizgarriak izan, euskal dantza armadunak Europakoen moldekoak dira: atorra eta galtza zuriak, banda gurutzatuak bular eta bizkarraldetik, kaskabilo-kordak zangosarretan... Jantzi horien zati batzuk agertzen ziren jada zeramika iberiarrean. Baina, besteak beste, Ingalaterrako tradizioko morris dances edo dantza moriskoetan, edo Errumaniako calusaritan antzematen da euskal dantza armadunen europartasun hori. 1907an Cecil J. Sharpek zenbait euskal dantza ezagutu zituen eta harrituta geratu zen zein antzekoak ziren dantza ingelesekin. Telesforo Aranzadirekin mintzatu zen gaiaz, eta Nazioarteko Eusko Ikaskuntzen Aldizkarian plazaratu zituen bere iritziak. Ingalaterrako kasuan, morisko izendapen hori aintzat harturik, dantza horiek ikertu izan dituzten espezialistak saiatu dira lotura korapilatsu samarrak bilatzen Islamarekin. Baina, kasu honetan, mairu hitza, mairua, metafora gisa baliatzen da udaberriko eltxo gogaikarriak ezkutatzeko. Adibidez, morris dantzetako bat zapiekin dantzatzen da: dantzariek dantzaren pausoan mugizen dute zapia, euliak uxatzen ariko balira bezala. Eginkizun sinboliko bera du bandera haizatzeak Durangaldeko dantzetan. Izan ere, banderak, zapiak eta zaldi edo behorren zurdekin egindako tresnak -Ituren eta Zubietako joaldunenak, esaterako- horretarako izan dira, euliak uxatzeko.

Gure hipotesiaren arabera dantza armadunek ez dute gerra-historiekin loturarik. Ondorio horretara iritsita, beraz, pentsatu beharko da armak zerbaiten metafora direla. Eta bai, halaxe dira. Euskaraz ezpata edo ezpatie hitzak, ezpata ez ezik, mandeulia ere esan nahi du, baita haren eztena ere. Lehen taldeko dantzetan, eskulekuko eta puntakoetan, dantzariek aurrera apuntatuz erakusten dituzte dagak, ahoaren eta begien arteko altueran jartzen dituzte eta, ezten mehatxatzaileak nola, hala ibiltzen dituzte biraka. Borroka-dantzen edo dantza pirrikoen aldaeretan, berriz, eraso eta defentsa itxurak egiten dituzte dantzariek, eta halakoetan bi eskuekin hartzen dute ezpata, ezten baten mehatxua irudikatuz. Keinu mehatxatzaile horrez gainera, ezpata ahotik heldu eta ezkerraz hartzea ez da keinu naturala; ezingo litzateke halakorik egin gerrarako ezpata batekin, behatzak edo, areago, esku osoa galtzeko arriskurik gabe. Ikusmolde honen argitan, armaren ebidentziak eragindako nahasmenetik ateratzen dira ezpatadantzak.

Dokumentuaren akzioak