Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ezpata-dantzek erotuta

Dokumentuaren akzioak

Ezpata-dantzek erotuta

Egilea
Oier Araolaza
Komunikabidea
Argia.com
Mota
Albistea
Data
2011/09/18
Lotura
Argia.com

Frantisek Pospisilek Brnoko museoan egiten zuen lan, baina ezpata-dantzekiko zuen zaletasunak bere lan-eremua gainditzen zuen, eta bere kasa hasi zen batera eta bestera haiek aztertzen. Diotenez, emaztearen ondasunak xahutu zituen bere obsesio horren eraginez. Jakin-mina 1907an piztu zitzaion, lehen ezpata-dantzak ikusi zituenean. Ondoko urteetan ez zuen deskantsurik izan, beti hara eta hona, ezpata-dantzak ikusten eta ikertzen. Argazkiak egiten zituen, baina ezin haien bidez dantza osorik jaso. Halako batean, zinearen berri izan zuen, eta dirutza ordainduz 35 mmko kamera erosi zuen. Moraviako ezpata-dantzak filmatu zituen, baina bazekien Txekiatik kanpo ere bazirela, eta tresnak hartu eta batera eta bestera hasi zen: Kroazia, Ingalaterra, Euskal Herria..

Beka txiki bat du, baina estu dabil batera eta bestera iristeko, eta patrika erabat hutsik duenean banjoa atera, emanaldia egin eta txapela pasatzen du

Euskal Jaiak ospatzen ziren 1927an Baionan. Ingalaterratik, Violet Alford buru zela, Londresko English Folk Dance Society elkarteko ordezkaritza bat iritsi zen. Txekiatik, Frantisek Pospisil, zine kamera “besapean” zuela. 80 urte ondoren, Juan Antonio Urbeltzi esker ikusi ahal izan ditugu irudi horiek. Gipuzkoako, Nafarroa Behereko, Zuberoako eta Ingalaterrako dantzariak ageri dira irudietan. Hunkigarria da zamaltzaina kamera aurrean antrixatak maisuki dantzatzen ikustea. Donostian brokel-dantza eta Durangaldeko dantzari-dantza grabatu zituen Pospisilek. Ez dakigu ezpata-dantzek zerikusirik izan ote zuten, baina Pospisilek gaizki bukatu zuen. Etxeko ondasunak ahituta, nazien aldeko jarrera leporatu zioten eta museoko lana galdu zuen. Burua nahastuta, eroetxe batean hil zen 1958an.

Jeremy Carter-Gordonek ere ezpata-dantzak ditu zaletasun. Ingalaterrako ezpata-dantzak ikasi ditu bere herrian, Bostonen, eta etnokoreologia ikasketak burututa, Europako ezpata-dantzak ikertu nahi dituela erabaki du. Motxila eta banjoa hartu eta Europara etorri da, ezpata-dantzak ikusi eta ikastera. Beka txiki bat du, baina estu dabil batera eta bestera iristeko, eta patrika erabat hutsik duenean banjoa atera, emanaldia egin eta txapela pasatzen du. Frantzian, Bacchu-ber-en ezpata-dantza eta Italian, Fenestrelle eta Bagnascoko ezpata-dantzak aztertu ditu azken asteotan. Besterik esana zioten arren, Europan oraindik auto-stop eginez ondo bidaiatzen dela dio Jeremyk.

Euskal Herrira iritsi da eta euskal ezpata-dantzak ezagutu nahi ditu. Nork daki, akaso datorren mendean, zoro erromantikoren batek euskal ezpata-dantzak berpiztu nahiko ditu, eta orduan, banjoa jo eta txapela pasatzen zuen amerikarraren grabazioak Pospisilenak moduko altxorra izango dira.

Dokumentuaren akzioak