Dokumentuaren akzioak
Ezpata dantzarien festa
Durangaldeko Ezpata Dantzari Eguna ospatuko dute bihar Axpen, Atxondon
«Orain osasun oneko dantza dugu, baina garai batean ez», azaldu digu Jon Irazabalek, kultur ekintzetako koordinatzaileak. Horrexegatik sortu zen festa, ezpata dantza galtzeko arriskuan zegoela ohartu zirelako. «XIX. mendean, sei herritan dantzatzen zen. Bultzatu beharra zegoela ikusi genuen, eta, apurka-apurka, galduta zeuden pausoak berreskuratzen joan ziren».
Egun xume baina polita izaten da Ezpata Dantzari Eguna. Iurretan ospatu zuten lehenengoa, eta Durangaldeko hainbat herritan egin da handik hona. Aurten, Axpek du lekukoa, Atxondon. «Toki zoragarria da, Anbotoko magalean. Herri txikia eta polita, egun ederra pasatzeko modukoa»; parte hartzeko deia egin du Irazabalek.
EGUERDITIK AURRERA. Eguerdian hasiko da festa. Axpeko frontoian elkartuko dira dantzariak, eta herriko plazan ezpata dantza dantzatuko dute; orotara, ehun bat dantzari dira. Ondoren, Pili Bernas herritarra omenduko dute, dantza taldeen alde «hainbeste urtean musutruk egindako lanaren ordain gisa». Gero, soka sortuko da, eta hainbat dantza egingo dituzte hala. Ikuskizuna amaitzean, dantzariek bazkari-legea egingo dute frontoian, eta arratsaldean ere Axpen jai giroa bizirik mantentzen saiatuko dira, trikitilarien laguntzaz.
Bederatzi dantzak osatzen dute ezpata dantza: agintariena, zortzinango, ezpata joko txikia, banango, ezpata joko nagusia, binango, launango, makil jokoa eta txotxongiloa. Bost mendetik gorako tradizioa duen dantza ikusgarri hori ezagutu edo gogoratu nahi baduzue, badakizue nora jo.
############
bihar, atxondon
12:00. Dantzarien bilera, Axpeko frontoian.
12:30. Dantzari dantza Axpeko plazan. Omenaldia. Soka dantza.
14:30. Lagun arteko bazkaria pilotalekuan. Bazkalostean, trikitilariak.
############
Dokumentuaren akzioak