Gattikenekoen iritzia
Txistulari taldeak eta dantza taldeak 50 urte bete dituzte eta ezpata-dantzari buruzko dokumental bat egin nahi zuten urteurrena ospatzeko. Izan ere, bi talde hauek arduratzen dira Zumarragako ezpata-dantzaz. «Zer edo zer berezia egin nahi zuten, ez beraien historia jaso», azaldu du Gattikeneko Alex Areizagak.
Gattikenekoak txistulari eta dantzariek emandako ideietan oinarritu ziren gidoia prestatzeko. «Ideia batzuk eman zizkiguten eta hortik aurrera gidoia garatu genuen. 30 bat elkarrizketa egin ditugu: Jose Inazio Ansorenari, Juan Antonio Urbeltzi, dantzan.eus-eko Oier Arabaolazari, Mikel Sarriegi beasaindarrari, Antxiñako Ama eta Irrintziko jendeari… Gainera, lana osatzeko, Antonio Prada eta Anjel Kruz Jakaren lanak irakurri ditugu, besteak beste».
Gattikenekoak ezpata-dantzan adituak bihurtu dira ia. «Jende guztiak dakiena bakarrik genekien eta ezpata-dantzaren bidez Euskal Herriko historia errepasatu daitekeela konturatu gara: aintzinako sinismenak, gerrak…».
Ansorenak Zumarragako ezpata-dantzaren balioa azpimarratu du. Garai bateko jotzeko modua gorde dutela. Dantzariak, berriz, «harro» sentitzen dira historia luze baten parte direlako. «Kate luze baten parte dira eta harro eta pozik ikusten dira horregatik. Denek gogoratzen dute noiz dantza egin zuten eta ezpata-dantza egiten dutenean barruan zerbait astintzen zaiela onartzen dute».