Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzari eta txistulariek abuztuaren 15eko Ezpata Dantza prest dute Zumarragan

Dokumentuaren akzioak

Dantzari eta txistulariek abuztuaren 15eko Ezpata Dantza prest dute Zumarragan

Udal artxibategiko agiri askotan ageri da dantza hau eta aipamenik zaharrena 1628koa da

Komunikabidea
Noticias de Gipuzkoa
Tokia
Zumarraga
Mota
Albistea
Data
2006/07/27

Abuztuan herritar gehienak Zumarragatik kanpo diren arren, ohitura zaharrari eutsiko diote beste behin. Izan ere, garai batean, egun horretan bakarrik dantzatzen zen. Gero, festak uztaila hasierara pasa ziren eta, ordutik, uztailaren 2an Antiguan dantzatzen da eta abuztuaren 15ean Andre Maria Jasokundekoaren elizan.

Amabirjinaren eguneko ekitaldia eta Santa Isabel egunekoa oso an-tzekoak dira. Abuztuaren 15ean, txistularien kalejira 9.30ean hasiko da. Ondoren, 11.00etan, dantzari, txistulari eta udal agintariek udaletxetik elizara arteko bidea elkarrekin egingo dute. Bertan, Ezpata Dantza egingo da. Meza ondoren, guztiak elkarrekin plazara itzuliko dira, non kaleko Ezpata Dantza dantzatuko den.

Aipatu bezala, abuztuaren 15ean zumarragar asko herritik kanpo dira. Hori dela eta, zailagoa da behar adina dantzari eta txistulari lortzea. Endika Alzelai txistulariak dionez, "egun horretan hemen egoten ahalegintzen gara guztiok. Zailtasun gehiagorekin bada ere, beti lortzen da nahikoa jende. Dena den, urte batean sokan atera behar izan nintzela oroitzen dut. Oporrak igarotzeko hautatu dugun herria gertu badago, abuztuaren 15ean herrira etortzen gara".

Izan ere, Ezpata Dantza oso garrantzitsua da Zumarragan. Antonio Prada artxibozainak esandakoaren arabera, 1628ko agiri batean dantza hau aipatzen da jada. Jasotako lehen anekdotak ere mende berekoak dira: 1656an bi dantzari borrokatu egin ziren eta hikamika hasi zuena kartzelara bidali zuten. 1762an, bi dantzari ez ziren zitara azaldu eta horiek ere espetxera eraman zituzten.

Urte batzuetan, Ezpata Dantzak gainbehera ezagutu zuen herrian eta ordiziar maisuak izan ziren bizirik mantendu zutenak. Herritarren artean, Saturnino Etxebarriak, Martin Elolak, Julian Zabaletak, Joxe Odriozolak eta Pascual Okarizek lan handia egin zuten. 1970. urtea geroztik, Irrintzi taldekoena da Ezpata Dantzaren osasuna zain-tzearen ardura.

Dokumentuaren akzioak