Dokumentuaren akzioak
Ezpata dantza, plazan
Aupa Aritz! Folklore jale baten an-dantzak
Amak dio nik txikitan toreatzaile izan nahi nuela. Baina, egia esan, zezenketak ez ditut gustuko, ez ditut ulertzen, eta zezenketara noanean apenas ikusten ditudan zezenak. Eguzkiko harmailetara doan jende gehiena bezala, parranda egitera noa. Uste dut ikusi nuela nola jartzen zuen El Fandik banderilla bat, baina gehiagoz ez nintzen ohartu. Harrapaketa dagoenean, orduan begiratzen duzu hondarrera. Baina zezenketa hori nahiko aspergarria izan zen, zezenek ez baitzuten inor harrapatu.
Askaltzeko, urdaiazpikoa tomatearekin eraman genuen. Gurasoek eginda. Oporretan joan dira eta horixe utzi digute prestatua arrebari eta bioi, badaezpada ere, egunen batean bazkaria egiteko gai ez bagara. Eta zezenketara eramateko baliatu genuen. Nahiko askari tristea izan zen, inguruan mugitzen ziren maisu lanak ikusita.
Nahiko toki garbian jarri ginen. Parrandazale gutxi genituen inguruan. Behekoen zikinkeriak ez gintuen harrapatzen, eta goikoek botatzen zituzten gauzek ez gintuzten jotzen. Beraz, plazatik garbi-garbi atera ginen, zuri-zuri. Dantzariak gara eta beti joan behar dugu txukun eta garbi.
Ondoan, La Unica peñaren txaranga genuen, eta oso ongi izan ginen haiekin. Estatubatuar-txinatar batekin ere ibili ginen, hizketan. Geure edaritik eta askaritik eman genion, eta argazki bat egin zigun, oroigarri moduan eramateko.
Zezenketa osoan, kapela eraman nuen buruan, eta ezpata eskuan, San Lorentzoko dantzarien omenez. Antzeko itxura duen kapela daramate eta ezpata dantza egiten dute. Niri asko gustatzen zait San Lorentzoko dantzariek egiten dutena. Grazia berezia dute. Aurten esan didate beraiekin dantzara ateratzeko, jendea behar dutelako. Eta omenaldi gisa hartu nuen kapela eta ezpata. Abuztuan hasiko dira entseguak egiten eta espero dut zezen-plazan eginiko antzerki hori benetakoa izatea laster.
Dokumentuaren akzioak