Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ezkutukoak dantzan

Dokumentuaren akzioak

Ezkutukoak dantzan

Nahiz eta bekatua, errua eta bakardadea izan gai nagusitzat, ikuskizuna ez dela iluna dio koreografoak

Egilea
Ainhoa Oiartzabal
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2002/06/23

Arduraturik zebilen Damian Muñoz koreografoa Donaberak saioaren azken uneko gauzak lotzen. «Bezperan agertzen dira monstruo guztiak», zioen. Hala ere, oso gustura dago gaur 20:00etan Plaza jaialdian estreinatuko duen koreografiarekin. Jaialdiak hala proposatuta hasi zen Muñoz Lecciones de tinieblas ikuskaria antolatzen, gerora jaialdiaren ildo nagusi izango zen gaiaren harian: «Antolatzaileek oso argi zuten Francois Couperinen Lecons de tenebres musika piezarekin zerbait egin behar zela aurtengo ekitaldian. Bestalde, nik ezagutzen nuen pieza hori, eta noizbait musika klasikoarekin koreografia bat egitekotan horrekin egitea pentsaturik nuen. Oso pozik nago kasualitateen batuketarekin».



Donaberak ikuskariaren hasieran hebrear alfabetoaren letra bat kantatzen da, eta jarraian Jeremias profetaren Erostak liburuko zati bat. «Ikuskizun barrokoa da. Garizumako musikaren doinura gizakiaren bizitza trajikoari buruz diharduten Bibliako zatiak kantatuko dira». Ondorioz, berak ere ikuskizun tragikoa egin duela adierazi digu Muñozek. Hala ere, bekatua, errua, bakardadea gaitzat dituen koreografia ez dela iluna deritzo Damian Muñozek: «Norbanakoaren alderdi intimoena da hori guztia. Ahalik eta gutxien agertzea komeni den baina beti gure barruan daramagun alde ezkutua, alegia».



Lurralderik gabeko jendea



Jeremiasen erbesteratzea dela-eta eszenatokia erbesteko irudiekin beterik izango da Donaberak-en, «lurralderik gabe alde batetik bestera dabilen jendea agertuko da». Dantza, musika eta bideoa izango dira ikusgai, batzuetan batera, besteetan txandakaturik. «Eta aipagarria da argiak hartuko duen protagonismoa».



Musikarien lanarekin oso gustura dago Damian Muñoz. «Horietako batzuk gaur bertan ezagutu ditut!», zehaztu digu, Plazako ikuskizunek atxikita daramaten arrisku eta inprobisazioaren xarma agerian utziz. Isabel Alvarez sopranoak, Alicia Borges mezzosopranoak, Loreto F. Imaz organistak eta Renée Bosch biola jotzaileak interpretatuko dute Couperinen obra. Haien doinuen erritmora egingo dute dantza Virginia Garcia eta Jorge Jauregi dantzariek. Musikariak izan ezik, Muñozen taldekoak dira Donaberak-eko partaide guztiak.



Bukatzeko, Plaza jaialdiaren «magia» goraipatu digu Muñozek: «Nire dantza konpainiarekin ezingo nuke halako lanik egin. Hots, ezingo nituzke musikari handi horiek ekarri». Arte disziplina desberdin arteko nahasketak eta elkarlanak fruitu emankorrak eta interesgarriak ematen dituelakoan dago.



Behin emanaldia amaituta Holandara joango da Damian Muñoz. Beraz, ez du Plazako beste ekitaldietan parte hartzeko aukerarik izango.

Dokumentuaren akzioak