Dokumentuaren akzioak
Ezkontzerakoan bezain urduri
Azken urtean ezkondutako hamasei bikote ordiziarrek 1509an hasitako usadiori eutsi diote, eta esku dantza dantzatu dute.
Taberna inguruak hustu egin dira bat-batean, eta plaza jendez bete da. Garagardo, sagardo edo txakolin edalontziak beharrean, argazki makinak dituzte orain eskuetan. Emakumezkoak udaletxeko balkoian agertu direnean atera dituzte lehen argazkiak. Orduan entzun dira, hain zuzen, goizeko lehen txaloak. Benetan dotore daude. Ehunka urte dituzten zetazko sorbaldazapi ikusgarriak daramatzate jantzita. Handik, ikusleen artean dituzten senide eta lagunak agurtzeko aprobetxatu dute, eskuarekin zein musu bat botaz.
Txistularien doinuak entzuterakoan plaza isilik geratu da. Orduan, elkarri eskua emanda, eta Alejandra Iturriotz alkatea buru dutela, plazan agertu dira gizonak. Emakumeen antzera, oso dotore daude haiek ere. Galtza beltzak eta alkandora zuria daramate gehienek. Halaber, errenkadako aurrenekoak eta azkenak txapela daramate jantzita. Haiei egokituko zaie, ondoren, bakarka dantzatzea.
Urduritasunagatik edo, serio eta izerditan daude gehienak. Ozta-ozta, irribarre txiki bat baino ez diete egiten ikusleei. Apuntadorearen edo hitz-emailearen aginduen zain daude denak. Izan ere, filmetan eta antzerkietan bezala, santanazaleen esku dantzan ere bada zuzendari bat.
Plazari itzuli bat eman, eta lehen geldialdia egin dute. Orduan, ilarako lehendabizikoak zortzikoa dantzatu du. Txukun egin du, eta ikusleek txaloz eskertu dute. «Primeran egin duzu», esan dio ilarara itzuli denean ondoan duen dantzariak. Hark esandakoa berretsi dio hitz-emaileak keinu bidez. Beste buelta bat eman, eta orain ilarako azkenak dantzatu du zortzikoa. Hari ere gogotik txalo egin diote ikusleek. Balkoitik adi-adi daude begira emazteak. Bukatzean, batera dantzatu dute bi gizonek.
Ondoren, lau gizon igo dira udaletxera: etxezainak. Haiek lagundu diete emakumeei plazara jaisten. Lehendabiziko biak bakarka jaitsi dira, eta senarrek aurreskua dantzatu diete. Ondoren, gainerako emakume guztiak jaitsi dira, eta zapiekin helduta hainbat bira eman dituzte plazan. Jada lasaiago daude, eta agurtu ez ezik, ikusleei keinuak egiten dizkiete. Gertu dituztela aprobetxatuz, batek baino gehiagok senideekin hitz egiteko aprobetxatu du: «Oso dotore zaude txiki», esan dio emakumeetako batek dantzarietako bati. «Semea dut, badakizu...», argitu digu gero. Bukatzeko, arin-arina eta fandangoa dantzatu dituzte. Daramaten xal eta zapata takoidunekin, emakumeek ez dute meritu makala.
Amaitzean, txakolin eta pintxo artean, errepikatzeko moduko esperientzia dela nabarmendu digute: «Urduri egon arren, oso ondo pasatu dugu». Hurrengo urtean beste batzuek izango dute usadioa betetzeko ardura.
Dokumentuaren akzioak