Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ezkonberrien esku dantza, tradizioari eutsiz

Dokumentuaren akzioak

Ezkonberrien esku dantza, tradizioari eutsiz

Iazko festetatik hona ezkondu diren bederatzi bikotek tradiziozko dantza egin dute herriko plazan

Egilea
Iñaki Gurrutxaga
Komunikabidea
Berria
Tokia
Ordizia
Mota
Albistea
Data
2007/07/28

Primerako giroa izan zuten ezkonberriek atzo. Eguraldi eguzkitsua zegoen, eta kalean festa usaina sumatzen zen oraindik, festetako azken eguna izan arren. Ezkonberriek garaiz hasten dute eguna. Lehendabizi, udaletxera joan ziren, eta Santazanale izeneko akta liburu zaharrean sinatu zuten. 1792koa da liburua. Ondoren, alkatea lagun zutela, meza nagusira joan ziren. 11:45ean plazara itzuli ziren denak, txistulariek lagunduta.

Gizonezkoek alkandora zuria eta praka beltzak janzten dituzte. Emakumezkoek okasiorako prestatzen dute euren burua. Soinekoa, zapata takoidunak eta zetazko xala daramate soinean. Ezkonberri guztiak udaletxean zeuden, eta 12:00ak puntuan zirela bederatzi mutilak plazara atera ziren. Neskak, berriz, udaletxeko balkoian zeuden, senarren dantza saioa ikusteko prest.

Mutilen artean bi nabarmentzen ziren: aurrenekoa eta azkenekoa. Biek txapela zuten buruan. Plazan buelta bat eman ondoren, ilarako lehenak aurreskua dantzatu zuen. Gero azkenak gauza bera egin zuen, eta, ondoren, biak elkarri begira jarri, eta biek batera egin zuten dantza. Lehena dantzaria zen, eta sumatzen zitzaion, baina bigarrenak ere ez zuen gaizki egin. Hilabete eskas izaten dute dantza prestatzeko.

Desafioa bukatuta, lau mutil udaletxera igo ziren, eta neska bat ekarri zuten beraiekin. Plazaren erdi-erdian jarri, eta lehen mutilak aurreskua dantzatu zion. Ondoren, bete neska baten bila abiatu ziren, eta atzeskuak egin zuen dantza orduan. Gero, emakumezko guztiak jaitsi ziren, eta guztiek elkarrekin fandangoa eta arin-arina dantzatu zituzten. Bildutakoek gogoz egin zieten txalo.

Kale Nagusira atera ziren gero, eta Alde Zaharrean barrena ibili ziren, bata bestearen segidan, zapi zuria tartean zutela. Santa Maria kalean dagoen Martinez jatetxearen aurrean geldialdia egin, azken dantza dantzatu, eta bazkaltzeko moduan gelditu ziren denak.

Santanazaleen Kofradia, 500. urtea betetzeko bidean

Santanazaleen esku dantzari buruz hitz egiteko ia 500 urte egin beharra dago atzera. 1509. urtean onartu zituen Santa Ana Kofradiak bere ordenantzak, eta, gaur egun, bere horretan jarraitzen dute, ia batere aldatu gabe. Ezkonberrien esku dantza da uztailaren 27an egiten den ikuskizunaren une gorena, eta, hala eta guztiz ere, udal artxiboan kofradiak dituen hiru liburukietan ez zaio aipamenik ere egiten dantza horri. Dirudienez, kofradia Santa Ana herriko zaindariari gurtzeak egiteko sortu zen, eta horregatik ez zaio aipamenik egiten esku dantzari.

Esku dantzarako emakumezkoek janzten duten zetazko xalak ere badu bere istorioa. Xal horiek udaletxean bertan jasotzen dituzte. Zenbaiten esanetan, Andres Urdanetak ekarri zituen xal horiek Filipinetatik, sorterriari opari bat egiteko asmoz. Beste batzuen ustez, berriz, ohiko artilezko xalak ordezkatzeko ekarri zituzten zetazkoak urteren batean.

Dokumentuaren akzioak