Dokumentuaren akzioak
Ezkonberrien dantza
1509an hasitako ohiturari jarraituz, esku-dantza dantzatuko dute Ordiziako ezkonberriek
MEZA NAGUSIA AMAITUTA. 11:45 aldera, meza nagusiaren ondoren, iritsiko dira bikote ezkonberriak udaletxera. Hantxe, zain izango dituzte herritarrak. Usadio zaharra izanik, ordiziarrek oso gertutik bizi dute esku-dantza. Hainbesteko jendetza ikusita, ezkontza egunean baino urduriago egongo dira asko eta asko.
Udaletxeko erlojuak 12:00ak jotzean hasiko dira dantzan. Alkatea buru dutela, gizonak izango dira udaletxetik jaisten aurrenekoak. Plazari itzuli bat eman ondoren, ilarako aurrenekoak zortzikoa dantzatuko du. Ondoren, beste itzuli bat eman, eta gauza bera egingo du errenkadako azkenak. Bukatzeko, bi dantzariek batera dantzatuko dute. Artean, emakumeak udaletxeko balkoian egongo dira senarrei begira. Baina haiek ere ez dute askorik itxaron beharko dantzan hasteko. Lau gizon udaletxera igo, eta emakumeetako bat plazara jaitsiko dute. Ohi bezala, zetazko xala eramango du jantzita.
Plaza erdian, aurreskua dantzatuko dio senarrak. Inguruan izango ditu udaletxetik jaisten lagundu dioten lau gizonak. Gauza berdina errepikatuko dute beste behin, eta gero, emakume guztiak jaitsiko dira. Denek batera, fandangoa eta arin-arina dantzatuko dituzte. Bukatzean, kalejiran abiatuko dira, gainontzeko herritarrekin batera koadrila eguna ospatzera. Halaxe amaituko dira jaiak.
############
noiz zer?
Zer: Santanazaleen esku-dantza.
Noiz: Gaur, eguerdian 12:00etan. Ezkonberriak 11:45 aldera iritsiko dira udaletxera.
Non. Ordiziako (Gipuzkoa) Plaza Nagusian.
Dokumentuaren akzioak