Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ezinezkoa lortzeko ahaleginaren dantza eskainiko du gaur Emio Grecok Donostian

Dokumentuaren akzioak

Ezinezkoa lortzeko ahaleginaren dantza eskainiko du gaur Emio Grecok Donostian

Koreografian antzerkia eta dantza uztartu ditu, Scholten antzerkigilearekin batera

Egilea
Amagoia Mujika
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2000/05/13

Conjunto de falda y chaqueta ikuskizuna Sevillan enkarguz sortu eta landu dute. Emio Greco italiarrak eta Pieter C. Scholten holandarrak sortutako ikuskizuna izanik, Andaluziara doazen atzerritarrek Sevillari buruz izan duten lehen irudia azaltzen izenburuak. Gona eta jaka janztea modan omen dago Sevillan. Antzezlana Maiatza Dantzan ekitaldien barruan izango da gaur Donostian.

Ideia horretatik abiatuta, Sevillak duen argitasuna eta doinuak erabili dituzte hainbat balio unibertsal eszenaratzeko. Argiak eta soinuak dantzarekin nahasten dira, eta agertokia bizitza bada, oholtzaren gune anitzetan barrena gizakien bizitza bidaia antzezten dute: «Zazpi une dira, eta horiek garatuz joango dira, bizitzako aroak balira bezala. Agertokiak ordezkatzen du bizitzaren bidaia», adierazi zuen atzo Donostian Keith Seiji Morino kanadarrak, parte hartzen duten bost dantzarietako batek.

Ezinezkoaren bila

Bost dantzarien sentsazioek eta sentimenduek bat egiten dute koreografian, baina mugimenduaren bateratasunak ez du harmonia helburu. Nahiak eta ezinak berdintzen ditu gorputzen mugimenduak, ezinezkoa denaren bila etengabe ari delako ideiak batzen ditu dantzariak agertokian, Grecoren eta Scholtenen filosofiari jarraituz. Hori adierazteko, mugimendu bortxatuak, derrigortuak egingo dituzte dantzariek, Grecoren aginduetara. Musika eta irudi indartsuek bat egingo dute dantzarien munduarekin, horiek adierazten dutena doinu bilakatuz, eta soinuaren indarraz mugimendua eraginez; argi bizien aginduan, mugimenduak argia erakarriz.

Inteligentziaren eta gorputzaren arteko oreka da ikuskizun honetan Grecoren eta Scholtenen ezinezko desioa. Ezina ezinbesteko bilakatuko da, eta bilaketa etengabean murgildu da Scholten dantzariak aktore bilakatze lanean. Izan ere, antzerkia eta dantza batzeko apustua aspaldidanik egina baitu hark. Mugimenduak dramatismoz jantzirik sinesgarriagoa egiten baitu ikuskizuna. Hortara, ikusleak ez du gorputzaren mugimenduaren jarraipen soila egingo, barrutik adierazi nahi dena berarengan sentituko du, gorputz arin eta gartsu bat ikusteaz haratago. Hori da behintzat Scholtenek dantza antzeztuz lortu nahi duena. Gorputzak barrutik hitz egitea.

Bertha Bermudez iruindarra dantzari

Bost dantzari dira protagonista ikuskizunean, eta horietako bat Bertha Bermudez iruindarra da. Nazioarteko konpainia anitzetan aritua da, nahiz eta oso gaztea den. Ikuskizunaren gaineko hainbat xehetasun eman zituen atzo: «Gorputz mugimenduak izan ditzakeen mugak gainditu nahian gabiltza. Dantzarien arteko lana gogorra eta bizia da. Argiak, soinua eta mugimendua ez dira bereizten, eta oholtza gure oinen aginduetara dago. Ikuskizuna baino zerbait gehiago eskaini nahi diogu ikusleari; adierazi nahi duguna ulertzea nahi dugu».

Ikuskizun honetarako casting-a egin zuten Sevillan, eta hantxe aukeratu zuten Bermudez, egokia omen delako egin behar duen rolerako. Bermudezek, berriz, Grecoren lana gertutik jarraitu du azken aldian, eta lan egiteko duen modu exijenteak erakarrita aurkeztu zen probara: «Dantza munduan fenomeno bilakatu da Greco. Oso gaztea da, baina dantzari eta zuzendari askok baino heldutasun handiagoa du».

Donostian izan ondoren, Holandan eskainiko dute ikuskizuna.

Dokumentuaren akzioak