Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ezin geldirik egon

Dokumentuaren akzioak

Ezin geldirik egon

Ohiturei eusteko borondatearen eta eraberritzearen artean mugitzen da euskal dantza tradizionala; arazoak arazo, datuek erakusten dute dantzarako zaletasuna ez dela apaldu Euskal Herrian.

Egilea
Gotzon Hermosilla
Komunikabidea
Berria
Mota
Erreportajea
Data
2010/10/03
Lotura
Berria

Sasoia aldatu da, dantza taldeak sano urritu dira azken hamarkadetan, eta soilik indartsuenek edo sustrai sendoagoak dituztenek iraun dute. Hainbat lekutan, lanak dituzte gazteak dantzara erakartzeko. Baina zaletasuna ez da ahitu, eta, esaterako, ikastaroak edo dantza sustatzeko ekimen berritzaileak inoiz baino ugariagoak dira. Beste aldetik, dantza tradizionalean oinarritu eta adierazpide berriak bilatzen dituzten ikuskizunek sona handia eskuratu ohi dute. Horrelakoxea da euskal dantzaren giroa: kontraesankorra, mugitua, bizia, geldirik ez egotekoa. Dantzan arituta, ezin bestela izan.

Zenbat jende mugitzen du euskal dantza tradizionalak Euskal Herrian? Herrialdeen arteko aldeak hain handiak izaki, ezinezkoa da jakitea, baina ez dira gutxi. Oier Araolazak (Elgoibar, Gipuzkoa, 1972) azaltzen duenez, dantzan.com webgunean ikerketa egin zuten Gipuzkoako dantza irakasleen artean, eta herrialde horretan 241 irakasle identifikatu zituzten. Horietatik, 151ek erantzun zioten proposatutako galdetegiari, eta, erantzunen arabera, jakin zuten irakasle horiek 6.491 ikasle zituztela. Estimazio bat eginda, ondoriozta daiteke Gipuzkoan 10.000 lagun inguru ari direla dantza ikasten: «Jakina, ni ez naiz ausartzen datu horietan oinarrituta Euskal Herri osorako estimazio bat egitera, baina, edozein modutara, kopurua handia da».

«Ikaragarri asko»

Eta, halere, dantza taldeak kexu ibiltzen dira, gazteak —eta, batez ere, mutilak— erakartzea inoiz baino zailagoa delakoan: «Sentsazio orokorra da, baina nahiko endemikoa ere bai», adierazi du Araolazak.

«Gauza bera entzun dut dantzan hasi nintzenetik. Baina nik kontrakoa pentsatzen dut: jende asko dagoela euskal dantza tradizionalen munduan, ikaragarri asko, eta harrigarria da hainbeste jende egotea horrelako jarduera batean, kontuan izanik gizarte mediatiko honetan ze balio eta aisialdirako ze eredu sustatzen diren».

Modaren ikuspegitik, jende askok «atzerakoia, zaharkitua eta ia lotsagarria den zerbait balitz bezala » ikusten du euskal dantza, Araolazaren hitzetan. «Ez dauka glamour-ik. Eta, hala ere, kopuru izugarria dago dantza tradizionalarekin gozatzen jarraitzen duena ».

Beharbada, alderaezinak diren garaiak alderatzeko teman dago akatsa: «60ko eta 70eko hamarkadetan eztanda ikaragarria izan zuen dantza tradizionalak», esan du Araolazak, «eta handik aurrerako guztiak beheranzko joera batean ulertzen ditugu. Dantzak kulturaren eta nortasunaren aldeko funtzioa bete zuen garai hartan, herri honek bere nortasuna plazaratzeko erabil zezakeen tresna bakarretako bat zelako. Baina hori salbuespena da, aurreko mendeekin eta ondoko urteekin alderatuta. Salbuespen hori alde

batera utzita, seguru asko historian ez da inoiz egon gaur beste dantzari ikasi eta antolatu». Antzeko zerbait pentsatzen du Kukai taldeko Jon Maiak (Errenteria, Gipuzkoa, 1977): «Dantza tradizionalak esparru asko ditu,eta dena zaku berean epaitzea ez zait ez justua ez egokia iruditzen. Dantza taldeen esparruan, adibidez, ikus daiteke garai bateko emanaldi moldea egiteko arazoak dituztela taldeek, emanaldi kopurua ere jaitsi dela eta abar. Baina, era berean, uste dut taldeak birdefinitzen ari direla, eta taldeez gain herri askotan mantentzen direla dantzarekin lotutako tradizioak, edo berriak sortzen direla, edo plaza suspertzeko ekimenak daudela. Gogoetarako arrazoi asko dago, baina itxaropentsu izateko ere bai».

Claude Iruretagoienak (Baiona,1960) ondo ezagutzen du dantza tradizionalaren esparrua, bai eta sorkuntzarena ere. «Ez nuke inor mindu nahi», adierazi du, «dantza tradizioa gurasoengandik seme-alabengana igarotzen den ohitura izaki horretan jarduten direnak bihotz-bihotzez ari baitira eta, alde horretatik, bakoitzak ahal duena egiten baitu, baina uste dut gabezia handiak daudela. Konturatu behar dugu dantza tradizionala mantentzeko hori ondo aztertu eta ezagutu behar dela, eta haren testuinguruaren berri izan, historiaren eta kulturaren ikuspegitik».

Ipar Euskal Herrian egoera are larriagoa dela uste du Iruretagoienak: «Turismo gunea da hau, eta horrek kolpe handia eman die kulturari eta tradizioari. Dantza talde batzuk behartuta daude udan frontoietan eta plazetan aritzera, turistei begira, eta dantza folklorekerian erori da». Haren ustez, badago nondik ikasi, Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpo aditu eta ikerketa ugari baitaude. «Baina lehenengo urratsa da onartzea deus guti dakigula, eta dakiten horiengandik ikasteko prest egon. Dantza tradizionalak zerbaiterako balio badu,iraganetik etorkizunera pasatzeko balio behar du. Iragana ikertu, etorkizunaz gozatzeko: horixe da ideia».

Tradizioa berrituz

Behin honezkero, ezin saihestuzkoa da tradizioaren eta berrikuntzaren arteko harremanaren gaia, hamaika eztabaida eta polemikaren iturri izan dena. Oier Araolazaren ustetan, tradizioaren kontzeptuaren definizioan dago arazoa: «Nik garbi daukat etengabeko aldaketa dela tradizioaren oinarrizko ezaugarria. Tradizioa kontzeptu dinamikoa da. Alde horretatik, eztabaida apur bat antzua iruditzen zait niri, berrikuntza tradizioaren oinarrizko osagaia delako». «Arazoa da dantza tradizionala, tradizio bat izateaz gain, estilo bat ere badela», gaineratu du Araolazak. «Heavy metala, esaterako, tradizioa da, eta zaleek hertsiki jarraitzen diote estilo horri, baina etengabe berrituz, hots, berritasunak sartzen dituzte, baina beti estilo horren barruan. Dantza tradizionalekin berdin gertatzen da: estilo bat da, eta horren mugen barruan etengabe berritzen da».

Araolazaren ustez, talka sortzen da estilo horren barruan «aldaketak egin beharrean, estiloen arteko gurutzaketak edo estilo batetik besterako urratsak egiten direnean, batzuek transgresio hori ez dutelako onartzen. Niri behintzat ez zait iruditzen ezer larria gertatzen denik hor: larria jakintza falta eta egiten ari denaren kontzientzia falta da; hots, batzuetan gauza berriak aurkezten dira dantza tradizionalak izango balira bezala, eta alderantziz, erabat tradizionalak direnak berritzat aurkezten dira. Zer egiten ari garen ez dakigun neurrian, egiten ari denaren eta horri buruzko diskurtsoaren arteko inkoherentzia dago».

Jon Maiaren aburuz, tradizioa «egunero-egunero» elikatzen da, eta horrela irauten du bizirik:«Geldirik balego, hilik legoke. Uste dut garai bakoitzean esparru honetan gabiltzanok badugula arduratxo hori: hau da, jaso dugun hori gure garaian kokatzea eta transmititzen jakitea. Errespetuz jokatuz, baina itxitasun antzuetan jausi gabe. Tradizioa-modernitatea eztabaida hori oso azalekoa eta sinplista iruditzen zait».

Maiak argi dauka Kukai taldean egiten dutena ez dela dantza tradizionala, «baina, zalantzarik gabe, dantza tradizionalarekin badu harremana, eta handia. Gureak ez du ezer ordezkatu edo aldatu nahi. Beraz, gauzak garbi esaten direnean uste dut aurreiritzi horiek ez dutela lekurik. Lan esparruak banatzen jakin behar dira. Ni ere dantza tradizionaleko irakaslea banaiz, baina horrek eta Kukain egiten dudanak ez du zerikusirik». Edu Muruamendiaraz ere (Bergara, Gipuzkoa, 1964) nabarmendu da dantza tradizionalean oinarritutako sorkuntza lanetan, Aukeran taldearekin hasi zenetik, 1997tik. Dioenez, lanean hasi zirenean kontrako iritziak jaso zituzten batzuen aldetik: «Nik sumatu nuen batzuk ez zeudela ados. Baina, urteak pasatu eta gero, ikusten dut ahots horiek apaldu direla, gauzak aldatzen ari direla eta jende horrek onartzen duela beste bide batzuk ere egon daitezkeela. Nik beti esaten dut dantza tradizionala hor dagoela, baina beste bide batzuk ere bai, eta nork bereari jarraitu behar diola».

«Zer da tradizioa?», galdetzen du Muruamendiarazek. «Nik ikasi nuena al da tradizioa? Eta nik ikasleei irakasten diedana 25 urte barru tradizioa izango da haientzat? Nik uste dut bizitzan gauzak aldatzen direla, eta dantzaren munduan ere bai. Aldaketak egotea erabat normala da». Berrikuntzen kontrako iritzien artean, Bizkai Folklore Elkarteko Sabin Egiguren (Bilbo, 1940) nabarmendu da gehien. Jakin badaki bere jarrera guztiz minoritarioa dena —«Jaurlaritzaren Kultura Planaren eztabaidan, bakarrik egon nintzen» —, baina tinko eusten dio bereari: «Tradizioa ere aldatzen dela diote batzuek, eta hori gezurra da. Edo, hobeto esanda, aldaketak badaude, baina oso motel suertatzen dira, eta dantzarientzat oharkabean pasatzen dira. Arazoa da batzuek laborategian egin nahi izan dituztela aldaketak, ez direla berezko berrikuntzak ».

Claude Iruretagoienak ere sorkuntza landu du, Maritzuli bere konpainiarekin batera. Sortzeko orduan, baina, tentuz ibili behar dela deritzo: «Dantza tradizionalaren egoeraren aurrean, badirudi sorkuntza dela zabalik gelditzen den ate bakarra. Baina jakintzarik gabeko sorkuntza tradizioaren ukazioa izan daiteke.

Jatorri askotako dantzen mestizajearekin ikuskizun bikaina presta genezake, baina, agian, horrekin Euskal Herria ukatzen ari gara.

Dantzan ikasi, irakasteko

Ehunka irakasle daude Euskal Herrian dantza tradizionalaren esparruan,baina horien trebakuntzaren inguruko

kezka aspaldikoa da.Arazoak konpondu gabe dirauen arren,lehenengo urratsa egin dute dantzan.comwebgunea kudeatzen dutenek; izan ere, arlo horretako zenbait eragilerekin elkarlanean, euskal dantza tradizionaleko irakasleentzako lehenengo curriculuma prestatu dute.Duela hilabete batzuk aurkeztu zuten.

Oier Araolaza Dantzan.com-ekoak dioenez,«curriculuma da dantza irakasle batek eskuratu beharko lituzkeen jakintza eta gaitasunen zerrenda eta irakatsi beharreko edukia.Baina,irakasleentzako dantza ikasketa arauturik ez dagoenez,zaila da curriculuma aplikatzea».

Dokumentuaren akzioak