Dokumentuaren akzioak
«Ezin dugu iragana ezabatu; beraz, balia gaitezen hartaz »
Ongi jin.
Oso kontent jiteaz. Iaz etorri ginen jada Miarritzerat eta lehenago Donostiarat ere. Ez ninduen batere harritu hizkuntzarekiko harremanak, gu ere egunerokoan kreolaz mintzo baikara, frantsesa baldin bada ere instituzioetako hizkuntza. Hau poza bere ondarea eta hizkuntza azkar aldarrikatzen dituen eskualde bat!
Cercle égal demi cercle au carré (2019) pieza Euskal Herrian erakutsiko duzue.
Ez du ukan merezi zuen igoera, COVID-19agatik. Gizatasunaren adibide eta kultur eskubideen bozeramailea da pieza hau. Anaitasunaren ikur ere bada. Guadalupen eta Martinikan eskatzen diogularik jendeari taula gainerat igaitea, loriatzen da, bere buruaz harro, gazte zein zahar! Edertasuna, zuhurtasuna, konplizitatea, umiltasuna, fiertasuna eta gizatasuna garraiatzen ditu pieza honek. Ene fiertasuna da proiektu hau, ene herrikoa baita, gure ondarea eta belaunaldien artekoa. Ez du oraino ukan merezi duen hedadura.
Josephine2b atera duzue geroztik. Hori ere inportatua izanen da, baina bertze gisa batez.
2008an sortu genuen Zandoli pa tini pat piezaren segida baten gisakoa da. Antilletan sufritzen dugun Kepone konposatuak sortzen duen kutsaduraren ingurukoa da, eta, Miarritzen ingurumenaren inguruan lan handia egiten dutenez, horren aurkezterat gomitatu gintuzten iaz. Oso pieza xumea da, nonahi ematekoa, egunerokoari oso hurbilekoa, apainketa oso gutikoa. Bereziki eskoletan erakusteko pentsatu dugu. Are, haurrek dute apainketa egiten. Iaz, Alsazia ondoan ibili ginen urte osoan gaia lantzen seiehun ikaslerekin. Beraz, etzi Cercle égale demi cercle carré emanen dugu, eta heldu den astean Josephine2b eskoletan, eta asteazkenean publiko zabalaren aitzinean.
Cercle égale demi cercle carré izenburua, zergatik?
Ondare herrikoia baita gurea: belaunaldien artekoa. Zirkulua da gutasuna, elkartzea, La ronde erraten dugu Antilletan. Afrikan eta dantza tradizional askotan ikusten den zirkulutik abiatzen gara; dantza sozialak dira, finean. Kontra-dantza deitu horiek Ingalaterrako errege gorteetan sortu ziren XVII-XVIII. mendeetan, eta, esklabotzaren bidez, Europa zeharkatu zuten, eta barkuz Antilletaraino heldu. Dantza hauek kolonoei ikasi zizkieten, pertsianen artetik, mimetismoz. Antilletako artista gehienek ez dakite musika irakurtzen. Hortik, ene belaunaldiak eta aitzinekoak belarrira jotzen dute, ikasi gabe. Artista bokazioa sortu da kontserbatoriora joan gabe, dantza zein musikan. Kadrilla aski bazterrean den praktika da, adindunek baitute ematen, eta gazteek ez dute nahi kolonoek ekarri baitzuten. Alta, nire bidez bada berrirakurketa bat, ondare hau gal ez dadin, musikari eta praktikatzen duten adindunak hasiak baitira itzaltzen. Guk ez genuen hori galdu nahi. Beraz, nahi genuen hori berreskuratu oraingo hiriko dantzekin uztartuz. Oraingo dantza urbanoak ere dantza sozialak baitira.
Kolonizazioaren tragediatik kreatzea terapeutikoa zaizua?
Hein batean, gure herriak harrotasuna berreskuratzeko manera ere bada. Ezin dugu iragana ezabatu; beraz, balia gaitezen hartaz eta gure gazteei erakuts diezaiegun. Ene konpainian badugu denetarik, eta denek badute identitatearen eta kulturaren bilaketarako nahia. Proiektu honetako batzuk mestizoak dira, edota afro ondorengoekin esposatuak dira. Konpainian berean proiektu hau terapeutikoa da.
Diferentziatik lengoaia berria sortzen duzu.
Arrunt. Birsorkuntza hau hibridazioan ezarri dugu: europar dantza pausoak eta Kadrilla dantzak alderatu ditugu. Hiru kontra dantza ikertu ditugu: La boulangère Guyanakoa, Kadrilla Guadalupekoa eta Martinikako Haute Taille. Han egon gara, hango elkarteekin dantzatu dugu, eta antzekotasunak bildu ditugu: arroparako garrantzia, adibidez. Ezberdintasunak: hiriko dantzak oso zaluak dira, akrobatikoak, oso kanpokoak, zirkuluan, baina, aldi berean, bakarka. Kadrilla, aldiz, konplizitatean, gozotasunean, eztitasunean, urrats ttipietan dantzatzen da, eta ez da hain bakartia.
Badirudi zirkulua eta koadroa elkarren kontra doazela.
Hortik tiratu dugu izenburua: Kadrilla-n badituzu zirkulua nahiz karratua. Gaztetan E=mc2 irakurri nuen, eta markatu ninduen. Hortik atera nuen izenburu hau, aspektu matematikoa baitu: karratua, zirkulua, marrak, obaloa... gure arbasoen dantzetan ikus daitezke, eta Afrikara garamatzate. Zirkuluak jendartea egiten du. Horregatik, dantzariei pelbisarekin zirkuluak dantzatzea eskatu diegu, zirkulu hori ohoratzeko, zeinak biltzen baikaitu, jendartea egiten baitu: izan historia tragikotik heldu zaiguna, izan diskoteketan eta karriketan sortua.
Nola definituko zenuke zure marka?
Ene bidea lan tradizionaletik partitzen da, ene sorleku eta kulturatik, garaikidera buruz joateko. Askok kontrako bidea egiten dute. Afrika, Antillak, Guadalupe eta Martinika biltzen dira bertan. Lan honetan, identitate eta adin guziak ikusten dira, 20 urtetik 70 urte bitarte. Zinezko melting pot bat da.
Dokumentuaren akzioak