Dokumentuaren akzioak
Ezin dantza egiteari utzi
Erromeria doinuen gune nagusi izan da Errenteria. Erromeria Eguna beroa izan da, eta dantzariek egunaz gozatu ahal izan dute. Oro har, dantzariak eta musikariak gustura ibili dira.
Kalera irten, eta musika edonondik zetorren; joaldunak gertu sumatzen ziren, bestela. Merkatu eguna zen atzokoa, eta postu artetik plaza batera irtenda bertan zeuden, biribil handi batean, dantzari mordoxka. Juanan Laboak hamabi urte daramatza Erromeria Egunean txistua jotzen, eta, bere taldean, besteak beste Errenteria, Hernani, Astigarraga eta Pasai Donibaneko musikariak zeuden: «Egun polita izaten da, eta jendeak parte hartzen du». Joseba Ibarguren Oiartzun-Irun taldeko dultzaina jotzaileak ere «jendearen parte hartzea» nabarmendu zuen egun horretatik.
Emakumeak koloretako gonekin jantzita zeuden, zapia lepoan, baita buruan ere. Gizon gehienek alkandora zuria eta galtza ilunak zituzten soinean, eta, nola ez, txapela buruan. Guztien artean bazen begirada erakartzen zuenik. Iurretako (Bizkaia) Mikel Deuna dantza taldeko mutilak ziren, aurtengo dantza talde gonbidatua. Txalekoa, txapel eta gerriko gorria, alkandora zuria, eta txintxarriak hanketan. Bandera eta guzti, konkistara joango balira bezala. «Hemezortzi kide etorri gara. Bazkaldu ostean, erromeriara joango gara, eta, gauean, parranda egingo dugu hemen», adierazi zuen Eneko Abasolok, Iurretako dantzariak. Bertsolari lanak atzean alboratu zituen atzo. Bitartean, biribil handi bat sortu zuten dantzariek elizako atarian.
Ikusleen artean zegoen Arantxa Zuloaga. Erosketak egiten, kaleko arropak jantzita, dantzakide bila: «Erromeria dantzak ikasten ditut, eta, egun guztia luzea egiten zaidanez, arratsaldean batuko naiz». Ez zen erromeria dantzak ikasten dituen bakarra. Maite Esnaola eta Isabel Rueda ere Ereintza dantza taldeko partaideak dira. Urte mordoxka daramatzate Erromeria Egunean kalera irteten, baina aurten berezitasun batekin: «Denboraz gaizki ibili gara, eta bazkaria gure kontura egitea erabaki dugu» onartu zuen Ruedak. Arratsaldean erromeriara joango zirela ziurtatu zuten biek, burua gora-behera mugituz.
13:30 zenean, kalez kaleko jira amaituta, dantza taldeen erakustaldiaren txanda iritsi zen. Zumardian, gogor berotzen zuen eguzkiak, eta ikusleak gerizpean zeuden, babesean. Mikel Deuna dantza taldekoek ireki zuten saioa, Durangaldeko dantzekin. Mutilak lehenengo, neskak jarraian. Emanaldi berezia izan zen bigarren hauena: bi neska dantzan, eta beste lau txistuarekin batera kantuan. Bazkaltzera joan aurretik, eta goizeko lanak amaitutzat emateko: arin-arina, fandangoa eta kalejira Ereintza dantza taldeko kideekin batera. Baita publikotik animatu zirenekin ere. Izerdia bota ostean, indarrak hartzeko garaia.
Dantzak segi dezala
Intxaurrondoko Lagunak arduratu ziren bazkariaz. Zuloagaren arabera, «bazkarian berotzen da gehiago giroa». 18:00etan hasi zen erromeria. Jon Maiak ireki zuen saioa, bertsotan. Ondoren, txarangaren ordua zen. Ernioko Magalean taldea zetorren jarraian. Kontzerturako gogotsu zeuden bertaratutako asko. Aiko taldearen musika doinuen erritmoan amaitu zen eguna. Errenteriako jaiak gertu izanik, ez zen aitzakiarik dantzaldia gera zedin.
Dokumentuaren akzioak