Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Ez zara Baryshnikov izango, baina dantzatu dezakezu herriko plazan"

Dokumentuaren akzioak

"Ez zara Baryshnikov izango, baina dantzatu dezakezu herriko plazan"

Becky Sieguel

Edonon ikusten du mugimendua Becky Siegel dantzari eta koreografoak, edonon dantza. Baita ia mugitzerik ez dutenengan ere. Esperientziak eman dio begirada: urte batzuk daramatza gaixotasun kronikodun, elbarri eta adinekoekin lanean, dantzan. Dantza integratzaileak horiengan denengan eragindako onurez mintzo da. Baita berari ekarritakoez ere.
Egilea
Ander Perez
Komunikabidea
Argia
Mota
Elkarrizketa
Data
2019/01/13
Lotura
Argia

Argazkia: Joseba Zabalza

Argazkia: Joseba Zabalza

Zer da dantza?
Niretzako, bizitza. Denboran eta espazioan egiten den mugimendua da. Nik edonon ikusten dut dantza. Bizitza bera da dantza bat, eta teknikaz, konposizioz eta elegantziaz bizi behar da, mugak muga.

Dantzarik ez balego...
Ez dut pentsatu nahi ere! Egia esan, ez dut uste pentsatu behar dudanik ere, beti dantzatu baitaiteke.

Beti?
Mugak izan arren, beti dago dantza bat, dantzatzeko modu bat.

Baina, “ez dakit dantzan”.
Ikasi behar da, lengoaia berri bat da eta horregatik praktika eskatzen du, hanka sartzeko prest egotea, eta ego gehiegirik ez izatea, saiatzen jarraitu ahal izateko. Gogoarekin, edozeinek ikas dezake.

Baita –eta hortan zabiltza zu– mugikortasun mugatua duenak ere.
Edozein pertsonekin aurkitu dezakezu abiapuntu bat. Mugikortasun gutxi duenarekin, mugikortasuna sustatzeko modua bilatzen dugu. Txingarra bezalakoa da: putz egin, eta hazten da.

Zer da dantza integratzailea?
Orain arte hainbat espazio eta jardueretarako sarbiderik izan ez duenari sarbidea ematea. Geroz eta gehiago ematen da, nahiz eta asko borrokatu behar izan. Batzuetan, integrazioa da interesgarria, gaitasun ezberdineko jendea batzea dantzan. Beste batzuetan, aldiz, populazio zehatzekin lan egitearen aldekoa naiz. Adibidez, gurpildun aulkian dagoen jendearekin lan egitea, bakarrik.

Argazkia: Joseba Zabalza

Esklerosi anizkoitza duten pertsonekin hasi zinen gaian sakontzen.  
Dantzaren bitartez jendea laguntzeko zerbait egin nahi nuen. Banuen Nafarroako esklerosi anizkoitzaren elkartean fisioterapeuta zebilen ikasle bat. Aukera proposatu nion, eta ongi iruditu zitzaion. Zuhur joan nintzen, gaixotasunarekin lotutako gauzak ikastera, komeni zena eta ez zena komeni. Hasi eta  zoragarria izan zen.

Zergatik?
Magikoa izan zen. Inprobisazioa landu genuen. Mugitzen lagundu genien, askok muga handiak zeuzkatelako. Ikaragarria izan zen, baina ez ninduen harritu, dantzari guztioi pasatzen zaiguna pasa zitzaielako haiei ere: dantzak eraldatzen zaitu.  Areago, esklerosiak geroz eta mugikortasun gutxiago izatera zaramatza, baina gure ikasleek geroz eta gehiago zuten. Ez denek, gaixotasun latza delako, baina onura fisiko, psikiko eta artistikoak ikusi genituen.

Parkinsondun jendearekin ere aritu zara, eta adinekoekin. Zer ematen die dantzak?  
Gorputzaren gaineko kontzientzia. Gorputza izaki armoniko bat bezala sentitzea dakar dantzak, izaki positibo bezala sentitzea, gozatzeko zerbait. Sormenaren plazera ere sentitzen dute, inprobisazioarekin lan egiten dugulako.

Zer eman dizu zuri?
Edozein dantzari, adin batera iritsita, gehiago ezin duela pentsatzen hasten da, denak ematen diola min, ez duela energiarik... Ni duela hamar urte hasi nintzen pentsatzen ez niola erritmoari eutsiko, eta orain pentsatzen dut betirako dantzatuko dudala, beti izango baitut dantza egiteko modu bat, ia edozein egoeratan. Poz handiaz gain, lasaitasun handia ere ematen dit horrek, jarraitu ahalko dut ikasten, nire gorputzean bertan ematen ari diren aldaketak emanda ere. Artista eta koreografo bezala garatzen segitzea da hori. Denak estimulatzen nau.

Zer gara dantzan gaudenean?
Musika gara, eta musikak sendatzen du. Ni kontu handiz ibiltzen naiz musika hautatzen, batez ere pertsona hauskorrentzat denean, erabat eragiten duelako. Musika gure barnera dakarkigu,  barruan sentitzen dugu, eta bat-batean, musika tresna bat da gure gorputza.

Zergatik dantzatzen dugu hain gutxi?
Jendeak ez duelako denborarik, edo alferrik galtzen duelako kontu birtualetan. Dantzaren gauzarik zoragarriena da hemen eta orain gertatzen dela, eta pantailak ez duela balio, hiru dimentsioak behar dira, gutxienez. Lotsak ere badu eragina, eta uste dut, herri honetan gaitz endemikoa dela, nahiz eta, batzuetan, garrantzitsua den eta batzuek gehiago eduki beharko luketen. Pazientzia ere falta da,  dantza mantsoa delako.

Ez ote da dantzak irudi elitista duelako?
Bai, eta hori da dantza inklusiboaren onena, edozeinek egin dezakeenaren ideia. Dantza klasiko eta garaikideko dantzariek supergizakiak dirudite, ia ezinezkoa dirudien maila teknikora iritsi baikara, eta horrek, agian, kanpoan uzten du publikoa, ez baitu bere sentitzen. Baina hainbeste arlo ditu dantzak, ezen beti egon baitaiteke non gozatu. Ez zara Baryshnikov izango, baina dantzatu dezakezu herriko plazan. Lehen hala egiten zen, eta hori ere bada dantza. Ballet klasiko on bat ederra da, eta balio duena ordaindu behar da, baina bada askoz dantza gehiago.

Betidanik eta betiko

“Denverren (AEB, 1959) jaio arren, New Yorken eman nuen haurtzaroa, eta han hasi nintzen dantzan formatzen, Martha Graham eta Merce Cunninghamen mailako maisuekin. 1992an etorri nintzen Iruñera, eta hemen sortu nuen Tempomobile, dantza garaikideko konpainia. Madrilen master bat egiten ari nintzela nire bizitzan egindakoari buruz –hau da, dantzari buruz– gogoetatzen hasi nintzen, eta orduan, dantzaren bitartez jendea laguntzeko zerbait egiteko ezinegona piztu zitzaidan barnean. Hala hasi nintzen dantza integratzailean. Hari esker, betiko dantzatuko dudala pentsatzen dut orain, beti izango dudala nola dantzatu. Asko lasaitzen nau horrek”.

Dokumentuaren akzioak