Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Ez naiz teoriak sortzekoa, nahiago dut egin"

Dokumentuaren akzioak

"Ez naiz teoriak sortzekoa, nahiago dut egin"

Filgi Claverieri elkarrizketa

Egilea
Mikel Asurmendi
Komunikabidea
Argia
Mota
Elkarrizketa
Data
2008/08/03

Filgi Claverie Michelena... Horiek izenak. Filgi...

Nire goitizena da. Philippe da nire izen tipia, baina ia nehork ez du ezagutzen. Faktura, txeke eta nomina anitz Filgiren izenean ditut.

Nondik nora izena?

Baionan ikasle nintzela, 13-14 urtetan, gazte abertzaleen artean lagun batek Filgi izena sortu zuen, ez dakit zerendako. Garai hartan euskalduntzen hasiak ginen, euskaldun agertu nahi genuen, baita izena ere. Philippe ez nuen gustukoa nonbait...

Claverie eta Michelena segidan.

Aita eta amaren familiak biarriztarrak ziren, asko bezala kanpotik etorritakoak. Claverie, ene aitatxi, Biarnotik heldu zen, Michelena berriz Nafarroatik. Nire birraitatxi Zubietatik etorri zen Uztaritze aldera, karlistaden garaian nonbait. Amaren aldeko aitatxik eta amatxik Biarritzen ezagutu zuten elkar. Amatxi Uhalte zen, zuberotarra. Nire gurasoak langileak ziren, ama idazkaria eta aita erloju konpontzailea. Ezkondu zirenean, 27 urte inguru zituztela, aitak bere denda ireki zuen. Urte baten ondotik amari erran zion: “Sobera zaila da jendeari dirua eskatzea. Nahiago dut langile xume izaten jarraitzea”.

Amatxi zuberotarra izaki, euskal kulturarekiko tirria handik jasoko zenuten, dantza eta kantua...

Ez. Peio, Pantxoa eta hiru anaiok –ni erdikoa naiz– ez genuen Zuberoako kanpainako jitea edo giroa batere jaso. Zuberoa guretzat Maule zen. Lehengusuak espartina lantegietako langileak ziren. Zuberoako euskal kultura eta euskara ez genituen batere ezagutu.

Aitatxi eta amatxi euskaldunak zenituen, alta.

Eiki. Haur denboran, larunbatetan Piarres Lafitte kalonjeak Radio Côte Basquen eguerdi bost guttitan, bost minutuko predikua egiten zuen euskaraz. Isiltasun osoa behar zuen aitatxik, bere momentua zen. Ez nekien zer zen mintzaira hura. Amatxi eta aitatxi euskaraz mintzo ziren, baina ez haien artean. Batek nafarreraz egiten zuen, besteak zubereraz, ez zuten elkar ulertzen.

Frantsesez jaioa, hazia eta hezia, haatik beste hizkuntzak ikasi eta erabiltzen dituzu.

Gaztelania gaztetik. Ingelesa ere bai, alta arazo ideologikoak ukan ditut hizkuntza horrekin. Kolegioan militantea nintzen, ingelesa yankien hizkuntza zen niretzat, gaizki ikasi nuen. Aldiz, gaztelera beste zerbait zen niretzat. Gaztelaniazko kulturekin harremana maitagarria daukat. Gaztelania ikasi nuen maite nuelako, karrikan bereziki, Iparraldera etorritako errefuxiatuekin... Ikasi nuen azkena euskara duzu.

Zer da Miarritze Filgirentzat?

Nik Biarritz erraiten dut. Biarritz izen euskalduna da, ez dugu zertan Miarritzera aldatu behar. Niretzat euskaraz, frantsesez, gazteleraz edo ingelesez Biarritz da. Ene irudiko, edo ene irudiaren gibelean hain ziur, herri ez ezagutua da Biarritz. Bi errealitate dira Biarritzen; ezagunena: hiri luxuzkoa eta aisialdikoa da. Baina bada beste bat: Biarritz herria, bere auzo, bizilagun eta errealitate xumearekin. Biarritz hori ezagutu dut tipitan. Orain ere ez naiz hondartza ondoan bizi, Espainiako karrikan bizi naiz.

Biarritz Olympique (BO) errugbi taldea dela-eta ezaguna da Biarritz, bestalde. Donostiara etorri ohi dena aldian-aldian.

Errugbia asko aldatu da, profesional eta ikuskizun bilakatu da. Finalerdiak heldu direnean bi aukera daude: Paue, Bordele edo Tolosara (Okzitania) joaten zara Hegoaldeari bizkarra emanez, edo “herri bat gara” erraiten duzu eta Donostiara etortzen zara. Nik biziki interesgarria atzeman dut Donostiara jitea. Ez dakit herri bera osatzen dugun, baina agintariak ohartu dira Baiona-Donostia hiria sortzen ari dela. Oraindik sinbolikoa da, baina BO klubak publiko berri bat atzeman du ondo-ondoan, kulturalki begi-bistako loturak dituena.

Batzuek kutsu folklorikoa hartzen diote/diogu...

Ikurrina asko dela, sobera? Nahiago dut hori, besterik baino. Zaleak ez dira euskal hiztunak, baina beren nortasuna agertzeko ikurrinak aireratzen dituzte. BO Parisera joaten delarik, zaleek “gu ez gara zuen berdinak, gu Euskal Herrikoak gara –Pays Basquekoak nahi baduzu–” diote. Ez dakite euskaraz, ez dira abertzaleak, frantsesak dira, baina hala ere Euskal Herrikoak dira. Urrats txikia da baina oso garrantzitsua, zinez.

Bi aldeko politikarien harremanak aitzina al doaz?

Hegoaldean nahikari gehiago dago, Iparraldean biziki ontsa ezagutzen ditugu politikeroak. Beren mintzaldiak eta diskurtsoak pixka bat aldatu dituzte, baina praktikan Paue, Bordele eta Parisera begira segitzen dute. Gure Hegoaldera bizkarra emanda, hemengo errealitatea eta gizartea ezagutu gabe.

Politika interesatzen zaizu, agidanez.

Biziki. Kultur eremutik ezagutzen dut politika. Orain hemengoa [Hego Euskal Herrikoa], kultur arloan ari naizelakoz hemen. Eguneroko bizitza oso desberdina da hemen eta han. Badakigu hori, baina aldi batez erran ohi dugu, abertzaleok naski: “Herri bat gara, ez gara ezberdinak”. Baina egunerokoan ez gara berdinak. Eta aldi berean hori aberatsa da. Nik hastapenean izugarrizko hutsak egiten nituen: “Aspaldi ari naiz mundu honetan, besteak bezalakoa naiz” pentsatzen nuen, baina ez nuen hemengo errealitatea ontsa ezagutzen. Beste kode eta klabe batzuk ikasi behar dituzu, alabaina hori zinez interesgarria da, aberasgarria. Aberatsa da bi munduak ezagutzea, biak bizitzea, biak uztartzea...

Abertzalea zara. Nolakoa?

Euskal Herrikoa naiz sortzez, eta euskalduna 18 urtetan euskara ikasi nuenetik. Euskaldun bizi naiz. Zerendako abertzalea izan? Ez dakit. Beste estatu bat eraikitzeko? Ez dut erantzunik. Ez naiz ziur. Estatu izatearen ideia garbirik ez badut ere, euskaldun, abertzale eta europar bizi nahi dut, arrunt. Mugarik gabeko Europa ikusi nahi nuke, estaturik gabekoa eta Euskal Herria bertan egotea, euskalduna. Politikoki nola egin hori? Zaila. Ametsa da, badakit. Europar hizkuntzen, pertsonen eta herrien arteko harremanetan bizi nahi dut, alta.

Frantses Akademiak euskarari buruz duen iritzia ezaguturik...

Frantziako Estatuan gibelera joaten ari gara. Akademiarenak azken putzak direla pentsatu nahi dut, baina maleruski ez naiz ziur. Kinka larrian gaude. Goizetan France Inter irratia entzuten dut. Egun immigrazioari buruz ari ziren, eta zinez pentsamenduan atzera goaz. Gure mugak ixten ari gara. Mugak itxiko direlako geldiaraziko ditugu etorkinak? Etorkin kopuru bat behar dugu, ez gehiago, hori erabaki dugulako? Gure beharrak bete nahi ditugu. Eta haienak? Pertsonak ezin dira horrela erabili. Politikariek eta merkatariek globalizazioa goraipatu dute beren negozioei ongi joan zaien bitartean, baina globalizazioa orokorra izanen da edo ez da izanen. Jendeak planeta osokoak gara, ez gara hiri bakar batekoak, hiri askotakoak gara, hizkuntzaz askotarikoak gara. Frantzian atzera goaz, euskararekin gertatzen dena lekuko. Pentsatu nahi dut frantziarrek gerla hori galdu dutela, luzea izanen dela borroka, baina mentalitatea ez dela nire aitatxi eta amatxirena engoitik. Aitatxi eta amatxi ez ziren elkarrekin euskaraz mintzo, ez zuten elkar konprenitzen. Agian horregatik, aitatxik erraiten zigun “ez ikasi euskara, trabak besterik ez dituzue ukanen”. Eta guk erraiten genion “ez, ez, euskara biziki polita da”. Ahantzi gabe zigortua izan zela euskaraz mintzatzen zuelako. Hori bukatu da gutxienez. Ez da aski, baina bederen nire auzokoek ez dute irri egiten nire alabekin euskaraz mintzatzen naizelako. Duela 20 urte eskas aldiz, bai. Zer ginen gu?

Askok Euskadi Irratiaren bitartez ezagutu zintugun, Bide batez eta Kalaka saioetan, baita ETBko Bertatik bertaran...

Komunikazioa asko gustatzen zait. Komunikazioa behatzen dut, nola komunikatzen ginen lehen eta orain. Radio Euskadin ari naiz orain Más que palabras saioan, Javier Vizcainorekin. Iparraldeko beste irudi eta informazio bat ekartzen entseiatzen naiz. Hedabideak izugarri aldatu dira, komunikazioa asko garatu eta zabaldu da. Azken hamar urteotan mundua arras aldatu da irudiaren, telebistaren eta Interneten bidez. Eta hau hasiera baino ez da, natura bezala komunikazioa aldatuz doa. Abiadura izugarria hartu dugu eta beharbada ez gara konturatzen horretaz.

Soberaxko abiadura hartu dugu, naski.

Soberaxko den ez dakit, sobera dela erraiten baduzu iraganera begiratzen duzu, eta ez du merezi gibelera begiratzeak. Nondik gatozen jakitea beharrezkoa da, nora goazen jakin behar dugu ordea, aldaketa ezin baitugu guk geldiarazi.

Euskarazko komunikabideetan aritu zinen iraganean eta orain gaztelaniazkoan.

Bai. Garaiak aldatzen dira eta euskarazko saioak bukatu ziren niretzat. Radio Euskaditik deitu zidaten. Zergatik ez? 10-15 minutuko kronika egiten dut igande goizetan. Gaztelaniazko munduak guttiago ezagutzen du Iparraldea eta are guttiago euskaldunon mundua. Euskal hedabideetan gehiago ageri da Iparraldea. Jende askoz gehiagorentzat mintzo naiz orain, errealitate hori ere da eta inportantea.

Iparraldeko enbaxadorea zara.

Ez naiz enbaxadorea, zubia naiz. Elixabete Garmendiak behin erran zidanez “zuk zubi lana egiten duzu”. Bereziki tematua naiz horretan. Gustatzen zait.

Donostiara etorri zinen lanera orain bost urte, nola hartu zintuzten inguru honetan?

Auzoan [Egian] frantsesa bezala hartu ninduten hastapenean. Ez nuen onartzen, Iparraldekoa naizela erraiten nien. Auzoan orain Iparraldeko euskaldun gisa hartzen naute bederen. Duela gutti gertatutako anekdota batek balio du egoera agertzeko. Dantzaz Konpainiaren azken emanaldiaren prentsaurrekoa euskaraz eman nuen, baina Diario Vascoko kazetariak honela idatzi du: “Dijo el francés...” (kar, kar, kar). Irri egin dut. Osoki euskaraz egin nuen eta “dijo el francés”. Adiskideek baliatu dute trufa egiteko. Lantokian ere “Como ha dicho el francés...” erraiten didate [antzezle aire batez diosku Filgik].

Donostia eta Baiona hirien arteko bizilagun bilakatu zara. Nola bizi duzu berau, autobidea tarteko?

Parametro normala balitz bezala bizi dut, baina hiriko bizimoldea beharbada sobera sartua da gure egunerokotasunean, eta ez luke normala izan behar, kezkagarria da. 50 kilometro egiteko horrenbeste traba gainditu behar izatea. Hiru ordainleku pasatzen ditut: Biarritz, Hendaia eta Irunen, ez da normala. Ordaintzearena... bon. Baina denbora? Antolamendu pragmatikoagoa egin beharko litzateke eta orain teleordainketa dago. Nik lehen bi teleordainketa nituen, Iparraldekoa eta Hegoaldekoa, orain batekin dena egiten ahal duzu, niretzat magia da. Hori autoz egitea baduzu, baina garraio publikoa penagarria da. Nik ezin dut eguneroko bizimodua egin garraio publikoan. Arrazoi duzu, Donostia-Baiona hiriko herritarra naiz zinez eta praktikan.

Biarritzeko lanean “arrakasta” ukanik ere Donostiara etorri zinen. Ausarta zara gero! Zergatik?

Donostia ezagutzen nuen aspaldi, baina Iparraldeko turista bezala. 1991n Biarritzeko Herriko Etxean sartu nintzelarik, Jakes Abeberrik mugaz gaindiko harremanak bultzatu nahi zituen, bereziki kultur alorrean. Mugaz gaindiko elkartea sortu zen eta 1994 aldean hasi ginen Donostiako Udalarekin harremanetan. Joxean Arbelaitz gizon handiarekin topo egin nuen, handia zentzu guztietan. Bera Donostia Kulturako zuzendaria zen eta ni Biarritzeko Kulturakoa. Ideia beretsuak genituen: mugaz gaindiko harremanak landu, sustraitu eta aberastu nahi genituen biok, ez bakarrik diskurtso mailan edo mezu politikoen zabaltzeko. Kultur ekimenak eguneko bizitzan sustatu nahi genituen.

Baita egin ere!

Dantzaz Konpainia sortu genuen, baina hiru urtez Biarritz Balleteko arduradun segitu nuen, bietan. Momentu batez erabaki nuen honetaz arduratzea bakarrik. Konpainia hau bereziki Gipuzkoan dantza sortzeko antolatu genuen, analisi oso errazaren ondorioz: dantza giroa oso pobrea da hemen –dantza tradizionalaz landa erran nahi dut, hau aberatsa eta bizia baita–. Dantza klasikoa, neoklasikoa eta garaikidea oso gutxi zabalduak dira eta arlo hori garatu nahi genuen. Dantzaz finkatuz joan zen –Mugaz Gaindiko Zentro Koreografikoaren baitan–, eta Ballet Junior Konpainiarekin elkarlanean. Biarritz Balletak proiektua uztea erabaki ondoren, Dantzaz Konpainia gara.

Zergatik?

Biarritz Balleteko Thierry Malandain ez dagoelako ados gure estrategiarekin. Gipuzkoan edota EAEn lan egiten badugu hemengo diru laguntza dugulako da, hemen zerbait eraikitzeko. Dantza garatzeko baliabideak landu nahi ditugu, estrategia sendoa finkatu dantza klasiko eta garaikideari buruz.

Zer da zehatz-mehatz Dantzaz Konpainia?

Gure konpainian dantzariak ez dira profesionalak, pre-profesionalak dira, ez dira ikasleak ez amateurrak, horien artean dira. Dantza ikasketak eginak dira, baina profesional bilakatzeko ofizioa ikasi behar dute. Bi urtez profesional izaten irakasten diegu. Horretarako gakoa ahalik eta emanaldi gehien egitea da. Euskal Herrian ari dira, Ipar eta Hegoan, Frantzian ere pixka bat. Taldean hamar lagun aritzen dira, une honetan sei neska eta lau mutil. Adriana Pouse da zuzendari artistikoa, uruguaitarra. Biarritz Ballet uztea erabaki zuen Dantzaz Konpainiaz arduratzeko.

Jendeak klasikoa edo garaikidea maite al ditu?

Jendeak kalitatezko dantza maite du. Ni ez naiz aditua dantza kontuetan, baina asko maite dut dantza, plazer handia hartzen dut dantza ikustean. Dantzak plazer eman behar du. Dantza mintzaira da, espresioa, gauza oso indartsuak transmititzen ditu. Nik emozioa transmititzea eskatzen diot, baita publikoak ere, noski. Publikoari fitsik ulertu ez duen zerbait ematen badiozu, zer den hau edo beste galdezka hasten bada, ihes egiten du. Dantzariak zirrara eragiten badu jendea bereganatua du arras.

Politikariekin negoziatzen trebea zara nonbait, xarma omen duzu ere horretarako.

Ez dakit [irriak]. Ez. Ez dut uste xarmarekin gauza handirik egiten ahal duzunik. Lehenik eta behin, egin egin behar duzu. Egin eta egin. Aproba egin eta erakutsi, frogatu egiteko gauza zarela.

Oteiza bezala orduan, haren zalea zara nonbait.

[Irriak] Arrunt bai. Baiki, egin behar da. Diskurtsoak aspertu egiten nau pixka bat. Kultur eremuan oro har, intelektual –umore puntu batez erraiten dut– eta mintzaldi asko dago, baina unea iritsita, ekimenak ez dira gauzatzen. Ni ez naiz ikerketak eta teoriak sortzekoa, nahiago dut egin, eraiki, hori da ekimenen froga inportanteena. Ene xarma aipatu duzu, enetzat xarma egitea da, gauzak egitea. Gauza asko txar egiten dugu, baina Oteizak arrazoi zuen, zerbait geratzen da. Azken hiru urteotan Gipuzkoan gauza berri bakarra iduriz, dantza eremuan Dantzaz Konpainia izan da. Dantza neoklasiko eta garaikidearentzat lekua dagoela erakutsi dugu. Oso pozik nago. Publikoaren nahikaria badago. 40 emanaldi inguru ematen dugu urtero. Segura eta Zumaia herrietan izan gara, baita Kursaalen eta Euskalduna Jauregian ere. Edozein lekura joaten gara, gela txikietan ere aritzen gara. Hemengo bizilagunek horrelako emanaldiak ikusteko eskubidea daukate.

 

argazkia

Dani Blanco

Dokumentuaren akzioak