Plaza inguruan, herriko zaharrek, besteak beste, lekua hartu dute. Berokiz, esku larruz eta lepokoz jantzirik hurbildu dira. Erdian, gazteak dira: dantzariak, kauterak, buhameak, kerestuak, xorrotxak, jauna eta anderea, laboraria eta laborarisa... Azken mustrakak dituzte, azken errepikak, orduan egiazko baldintzetara usatzeko pausua egin dute: plazan, eta hotzean.
Betiko martxan, barrikada hautsi dute aitzindariek; xorrotxek bi kobla eman; marexalek zamaltzaina ferratu; xorrotxek beste bi kobla; gabota dantza, eta sartu dira buhameak. «Zer dira pagolarrak? Manexez egiten duten zuberotarrak, ala zuberotarrez egiten duten manexak?», galdegin du buhame jaunak; tarte bat itxoin, erantzuna zuen papera ipurdi zulora sartu, eta oihukatu du: «Biba euskal buhameak!».
Ikusi gehiago
Maskarada hausnartzen
Pagolako gazteek euskara kurtsoak egiteko erabakia hartu zuten maskarada errepikak hasi aitzineko urtean; sekula ez da horrelako dinamikarik eraman orain arteko maskaradetan. Galdera gazteek helarazi zioten Oskaxe Zolan elkarteari, hura baita herriko kultur elkartea, 2019an Domingo Garat pastorala eraman zuena. Xiberoko Gau Eskolarekin harremanetan sartu, eta bi talde sortu ziren, irakasle banarekin: Didier Agerre, euskaraz jadanik zekitenentzat baina zuberera hobetu nahi zutenentzat; eta Mirentxu Lako, hitzik ere ez zekitenentzat. Lakok ihauteriak dakarren hizkuntza errealitatea azaldu du: «Maskarada egiten da herrian dituzun gazteekin; pastorala egiten den bezala herritar ororekin: euskaltzale, euskaldun ez direnak, euskaldun ez-euskaltzale... denekin. Hor izan den funtsezko jestu salbagarria izan duzu bi urte lehenago aurreikusirik, besta komitean egin dela eskaera hori eta hasi dela euskaltzaletasunari indarra ematen maskaradan aritzea baino lehen. Horrek dena aldatu dizu». Gisa horretan, maskarada euskaraz emateaz at, euskaraz eramana izan da, mustrakaz mustraka, eta mustraka ondoko gaualdiz gaualdi.
Euskaraz jadanik zekitenei dagokienez, zubereraren hobetzeko aukera eman zaie pagolar gazteei; mugako herria izanik, Pagolak errealitate soziolinguistikoa Zuberoako beste herriez desberdina baitu. Baina helburua ez da izan pagolarrak zuberotartzea; hori garbi utzi nahi izan du Lakok: «Bere garaian aipatu zen Koldo Zuazok Pagolako eüskara terminoa agerrarazi zuela liburu batean. Hatsarretik, Didierrek erran zizun: ‘Ez dugu eginen zubereraz: eginen dugu Pagolako euskaran’. Orain ez dakizut batere zer bilakatu den eta zer ematen dugun. Baina bost axola: euskaraz den ber!». Xabi Etxart maskaradako antolatzaile taldean da, eta Lakorekin bat agertu da: «Ez da zuberotar puru-purua, ez da arrunt manexa ere. Badugu zinez identitate hori, eta, ene ustez, ez dugu gure hizkuntzatik atera behar ere. Gure euskara da».
Antolaketaz bestalde, entseinaria karguan arituko da dantzari Etxart. Zuberotar dantzena 2019ko pastoraleko erronka ukan zuten; lau urte aitzin hasi ziren trebatzen, 2015ean. Hamasei satan ziren garai hartan, eta aurten, zortzi aitzindari arituko dira entrexat eta frijatez Zuberoako eta Baxenabarreko plazak zeharkatzen. «Pastorala eman dugularik, maila hein bat txar genuen halarik ere; denbora guti genuen. Bistan dena kritika batzuk ukan ditugu, baina kunplimendu anitz ere bai: erraten zuten denbora gutiz egin genuela behar zen lana. Orain, pentsatzen dut gainditu ditugula zuberotarrengandik heldu ziren komentarioak».
Lehen emanaldira bidean
Bi aste besterik ez zaie geratzen orain. Azken bizpahiru errepika egitekoak dituzte, Unai Phagaburu buhameak azaldu duenaz. Lehen aldia zuten igandekoa buhameen antzerkia osorik ematen zutena; nahiko kontent agertu da. «Hastapena ontsa; gehiago landu dugu, aspaldirago idatzia baitugu. Bukaera, aldiz, zailago, ez baikenuen bortxaz egina aldi bakarrean. Baina, ene ustez, ez da hain gaizki atera. Hobetzen ahal da; baditugu beste bizpahiru errepika dena finkatzeko, eta ikusiko nola hartua izanen den».
Bunuzekoa (Nafarroa Beherea) da Phagaburu, baina familia badu Pagolan, eta ttipitatik laguna da herriko gazteekin. «Jinak gara bestan, egun-pasa Pagolan, betidanik. Hortik geroztik ezagutu ditugu pagolarrak, komitekoak, eta biziki ontsa moldatzen gara». Duela urtebete, Pagolatik deitu zituzten bera eta bere anaia: «Maskarada egiteko proposatu ziguten. Esperientzia bat zen; antzerkia maite dut, eta nahi nuen deskubritu zer zen maskarada bat; kanpotik ezagutzen bainuen baina barnetik ez baita ber gauza. Orain berantzen zait hastea!». Errepika hilabete luzeak izan dituzte, eta abiatzea berantzen zaie gehienei. Etxartek ere erran du: «Orain has dadin, eta ikusiko!».