Dokumentuaren akzioak
"Ez dut dantzari garaien hutsunerik sentitzen"
Urtzi Aranburu Dantzari ohia eta Nederlands Dans Theater konpainiako irakaslea
Erdi mailako dantzari talde batekin lan egin ondoren, dagoeneko formakuntzan aurreratuago doazen batzuei klasea ematera doa dantzari donostiarra. Izerditan badago ere, egunkari honekin hitz egiteko tartetxo bat hartu du artista donostiarrak.
Urte askotan ikasle izanak lagunduko du, dantzari bat maisu izatera iristen denean.
Horrek beti errazten ditu gauzak. Nik hasieran modu honetako ikastaroak egiten nituen, bai. Oraingo lan hau gauza desberdina baina polita da. Oso gustura nago.
Nola gogoratzen dituzu hasiera haiek?
Oso gaztea nintzen eta ilusio handia izaten nuen horrelakoetan. Beti urduri, baina oso pozik aritzen ginen.
Zer moduzko talentua ikusten duzu Gipuzkoako dantza harrobian?
Ikastaro honetan hiru mailatako ikasleak ditugu. Txikiak, erdi mailakoak eta aurreratuak. Nahiko ondo ikusten ditut.
Aspektu teknikoez gain, zein arlotan jartzen duzu arreta?
Dantza klasikoan, teknika berdina da hemen, Londresen nahiz Parisen. Niri asko gustatzen zait disfrutatzea. Kontua ez da bakarrik teknika landu eta lan gogorra egitea; egiten dena sentitzea oso inportantea da. Ingelesez "have a good time" esaten da. Ongi pasatzea, baina hala eta guztiz ere gauzak ongi egiten. Modu garbian eta egokian.
Badirudi azkenaldian, dantza klasikoa baino, beste motako estimuluak jasotzen dituztela gazteek. Zaila al da gazteei dantza klasikoaren beharra transmititzea?
Ez pentsa. Donostian oso maila oneko irakasleak dauzkagu. Dan-tzariak oso ondo prestatuta etortzen dira. Pixka bat bai, gauzak hobeto egin ditzaten irakatsi behar zaie, baina oinarri oso sendoa eta ona daukate.
Zu hasi zinenetik, iruditzen zaizu dantzaren presentzia handitu egin dela Euskal Herrian?
Beti izan du indarra akademia eta eskolen arloan. Edozein konpainietara audizioak egitera joaten zarenean, beti ikusten dira dantzari euskaldunak. Dantzari onak izaten dira gainera.
Baina zirkulu horretatik kanpora aldatu da zerbait? Nabaritzen duzu gizarteak gehiago estimatzen duela disziplina artistiko hau?
Estimatu ez dakit, baina jendeak errespetu handiagoa dio guk egiten dugunari. Egia da, dena den, diruak ere baduela garrantzia arlo honetan. Beste toki batzuetan agian diru gehiago dago kulturara zuzendua, dantzara eta beste arlo batzuetara.
Orain lau urte zure betiko konpainian aktiboki dantza egiteari utzi zenion. Zertan aritu zara ordutik?
Holandan jarraitzen dut oraindik. Dagoeneko 20 urte daramatzat han. Dantzari bezala 16 urte egin nituenNederlands Dans Theater konpainian; orain, toki berean jarraitzen dut, baina gazteekin lanean. Irakasle edo errepikatzaile -repetidor, gaztelaniaz- lana egiten dut: entsegu guztiak gidatu, ikuskizuna ondo atera dadin saiatzen naiz eta dantzariekin eguneroko kontaktua daukat.
Dantzari "freelance" gisa aritzeko proiektu hura ere amaitu duzu?
Hilabete batzuk bakarrik egin nituen, baina ez zitzaidan gustatu. Dantza egin nuen konpainia oso ona da eta lan pila bat egin behar duzu, baldintzak ez dira onak eta ez du merezi. Hilabete batzuk egin nituen Holandan eta gero Danimarkan. Nire asmoa poliki-poliki uztea zen, baina azkenean kolpetik utzi nuen.
Garai horien falta somatzen duzu?
Ez, ez, ez. Bat ere ez. Ez dut hutsunerik sentitzen.
Osatu duzun ibilbide arrakastatsu horretan, zer eskaintzen dizu irakaskuntzak?
Oso interesgarria da. Ikusten duzu dantzariak pixkanaka hobetzen doazela, disfrutatzen ari direla...
Behin esan zenuen Donostiako Victoria Eugenian dantza egitea zela zure ametsa. ¿Bete al zenuen?
Bai, bete nuen amets hura. Kursaalen dantza egin nahi nuen, baita ere, konpainia handiarekin. Eta hori ere lortu nuen.
Betiko beste amets bat, betiko galdera bat. Noizko euskal dantza konpainia?
Eta betiko erantzuna. Ideia oso polita eta beharrezkoa da; espero dut noizbait egia bilakatzea. Dantzari eta irakasle onak dauzkagu, baina hori gauzatu behar dutenak saiatu behar dira horretan. Guk gogoa badaukagu; haiek jarri behar dira orain.
Dokumentuaren akzioak