Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Ez dugu zirkuiturik, ez programarik ere"

Dokumentuaren akzioak

"Ez dugu zirkuiturik, ez programarik ere"

Jorge Jauregi, dantzaria

Egilea
Ane Sarasketa
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Mota
Elkarrizketa
Data
2002/04/27

Hogeita zazpi urte ditu, eta zazpi urte daramatza dantza munduan buru-belarri sartuta bilbotar horrek. Gasteizen ekin zion dantza ibilbideari, Moaré dantza taldean. Gerora, Ikutu dantza taldean ere aritu da. Orain, Damian Muñozen konpainian egiten du lan. Kanaria uharteetan egon ostean, Bartzelonan egin ditu egun batzuk Jorge Jauregik, eta, orain gutxi, Bilbora bueltatu da, laster batean Bartzelonara itzultzeko berriro. Izan ere, hainbat dantza proiektutan dihardu lanean Jorge Jauregik, eta han eta hemen dabil, entsegu eta saio artean.



-Kanaria uharteetako lehiaketa horretarako espresuki prestatutako saioa da 79 pauso obra. Zertan oinarritzen da?



Hiru elementu nagusirekin egiten dugu lan obran. Batetik, pisuaren ideia landu dugu; gertaeren pisua; iraganarena; orainarena. Giza erlazioetako pisua jorratu dugu. Bigarrena, errepikapena da, eta hori bilatzen dugu. Eta, azkenik, arto biltzeko kirolean oinarritzen den horren ingurukoa da; errepikapenari oso lotutako elementua da, gainera. Ez dugu gai garbi bat aurkezten, ideien nahasketa eta adierazpena baizik.



-Pieza motza da.



15 minutukoa; lehiaketak hala eskatzen zuelako.



-Birjinia Garciarekin eta Damian Muñozekin batera egindako lana da. Elkarrekin lanean noiztik ari zarete?



Damian Muñozen konpainian nabil lanean, orain urtebete. Las mentiras del entusiasmo (Berotasunaren gezurrak) obran lanean hasi ginen, eta, hala, proiektu hau sortu zen gerora.



-Diru sari handia jaso duzue. Lanean jarraitzeko aukera emango dizue?



Dirua baino sari garrantzitsuagoak izan dira. Batetik, Valentziako Egoitza Koreografikoan hiru hilabetez lanean aritzeko aukera izango dugu. Bestetik, zirkuitua zabaltzeko aukera eskaini digu sariak.



-Kanpoko zirkuituei begira ari zarete lanean, ala?



Ez bereziki, baina ez ditugu mugak itxi nahi. Euskal Herrian ez da dantza garaikiderik programatzen, are gutxiago bertako taldeen obrarik. Eta hori oztopoa da lanean nahi bezain malgu aritzeko. Ez dakit, ordea, zergatik, dantzari oso onak baitaude hemen.



-Beraz, ez duzue bestelako irteerarik?



Ez, ez. Interesa ere badugu kanpora joateko. Utopikoa da kanpora joan beharra duen dantzariaren istorioa. Hemen eginiko lana kanpora zabaltzeko asmoa ere gurea da. Baina egia da Euskal Herrian zirkuituak eta programazioak behar direla, horrelakorik ez dagoela.



-Aurkeztuko duzue Euskal Herrian 79 pauso?



La Fundicion-en aurkezteko asmoa badugu; aukera bat izan daiteke. Dena den, ekainean, Donostiako Kursaalean egongo gara, beste lantxo batekin.



-Idoia Zabaletarekin ere ari zara lanean, El rato de Jose piezarekin. Proiektu paraleloak dira.



Asteburuan La Fundicionen eskainiko dugu obra. Anaia German eta Idoiarekin egindako pieza luzea da hori.



-Zein teknika interesatzen zaizkizu batik bat?



Oinarrizko mugimendua, Contact teknika eta inprobisazioa lantzen ditut batik bat, eta bide horri eutsi nahi diot oraingoz. Dena den, teknika baino gehiago helburu jakin bat duen mugimendua bilatu nahi dut; eta esanahi hori beste aldean ikusteko moduan aurkezten duen mugimendua.



-Aspaldian dantza tradizionaletik garaikidera salto egiteko saioak ezagutu ditugu. Alderantziz, ostera, ez dago ezer gutxi. Beste herrialde batzuetan, ordea, sarri egiten den kontua da.



Beti ezagutu dut dantza tradizionalaren mundutik garaikidera salto egin duen jendea. Ez alderantziz, ostera. Eta nire interesek ez dute bide tradizionala bilatzen. Ostera, oso ongi irudituko litzaizkidake halako saiakerak, egingo balira, edo egiten badira. Niri, ordea, ez zaizkit interesatzen.

Dokumentuaren akzioak