Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Ez daukat B planik, nire lehen aukera eta bakarra dantza da»

Dokumentuaren akzioak

«Ez daukat B planik, nire lehen aukera eta bakarra dantza da»

Hessisches Staatsballet konpainian. Dantza Profesionalen Elkarteak Gipuzkoako dantzari hasiberri onenaren saria eman dio berriki.
Egilea
Jon Miranda Labaien
Komunikabidea
Ataria
Tokia
Villabona, Alemania
Mota
Albistea
Data
2025/07/13
Lotura
Ataria
«Ez daukat B planik, nire lehen aukera eta bakarra dantza da»
Gorka Duran Villar dantzaria, Villabonan. J.M.

Dantzari profesional bezala lehenengo denboraldia egin du Alemaniako Hessisches Staatsballet konpainian. Dantza Profesionalen Elkarteak Gipuzkoako dantzari hasiberri onenaren saria eman dio berriki.

Hiru urterekin hasi zen Oinkarin Gorka Duran Villar (Amasa-Villabona, 2004). Euskal dantzetan trebatu eta Villabonako taldean izan zuen lehenengo harremana dantza garaikidearekin. Koska bat hobetzeko asmoz, 13 urterekin jo zuen Pasaiako Iker Murillo Ballet Studio24ra; orduan konturatu zen bide hori gustuko zuela eta dantzaz bizi nahi zuela. Dantza ikasketak Burgosko (Espainia) Ana Laguna Dantza Kontserbatorioan egin zituen eta gradua lortuta, berehala sortu zitzaion lanerako aukera. Aurrena Valentzian (Herrialde Katalanak), segidan Irlandan eta, azkenik, Suitzan. 2024-2025 denboraldian hasi zen Alemaniako Hessisches Staatsballet konpainian eta bertan jarraitzen du.

Eten txiki bat egin duzu udan eta herrira bueltatu zara. Zer moduzko harrera egin dizute ingurukoek?

Beti bezala oso harrera ona. Familia eta lagunak beti daude ni bueltatzeko gogoz.

Eta zu gustura itzultzen zara Amasa-Villabonara?

Bai. Hemengoaren aldean Alemanian daramadan bizimodua ezberdina da eta faltan botatzen dut hemengo giroa. Dena dela, abuztuaren 15era arte nago oporretan, beraz, izango dut okasioa gozatzeko. 

Baita Santio festez ere... 

Bai. Zalea naiz. Gustuko ditut festak. Aurten ez dut soka dantzan parte hartuko, erabat libre egongo naiz jaiez gozatzeko. 

Batere dantzarik egin gabe emango dituzu aste hauek?

Hasierakoak bai, behintzat. Egun hauek deskantsurako baliatzen ditut, opor bezala hartu eta ez dut ezer askorik egiten. Lanera itzuli aurreko asteetan pixkanaka mugitzen hasten naiz, eta berriro ere, lanera bueltatu behar garela ohartarazten diot gorputzari. Abisu modukoak ematen dizkiot. 

Sakrifizio handiko lana da dantzari profesionalarena?

Bai. Ordu asko, izerdi asko eta gauza asko utzi behar izaten ditugu alde batera. Baina ezingo naiz kexatu hori baita aukeratu dudana. Txikitatik erakutsi izan didaten diziplinak eramanerrazagoa egiten dit egunerokoa. Dantzariok gure lanerako instrumentua, uneoro, gainean daramagu eta diziplinak laguntzen digu gorputzaren kudeaketa egokia egiten.

«Dantzariok gure lanerako instrumentua gainean daramagu uneoro eta ezinbestekoa zaigu gorputzaren kudeaketa egokia»

Zuk nola zaintzen duzu zure gorputza?

Saiatzen naiz ondo jaten eta ondo lo egiten. Egunero zortzi ordu estudioan dantzan pasa behar badituzu, elikadura egokia behar duzu, bestela ez zarelako iritsiko laugarren ordura. Gorputza lantzeko ez dugu aparteko ariketa fisikorik egin behar izaten, estudioko martxa badelako nahikoa exijentea. Ez gara korrika egitera edo bizikletan ibiltzera joaten, kirol horiek praktikatuz gero, gainkargaren bat edukitzeko arriskua izaten dugulako. Guk dantzarako beste muskulu batzuk erabiltzen ditugu eta zerbait egitekotan, pisuarekin aritzen gara, gorputza indartzeko eta.

Gorputz guztiek balio dute dantzarako?

Bai, guztiz. Gainera, pentsatzen dut denak dantzatu beharko ginatekeela. Ona da bai gorputzarentzat eta baita buruarentzat ere. Gure gorputzaren kontzientzia hartzen laguntzen digu dantzak eta estresaren kontrakoa ere bada. Ni agertoki batean aritzen naiz, baina uste dut, modu batera edo bestera, denoi gustatzen zaigula dantza egitea, parrandan, etxean, norbere logelan, dutxan...

Zuek, dantzariok, kanon estetiko jakin batzuetan sartu beharraren presioa sentitzen al duzue?

Bai. Mutilok sufritzen dugu, baina gehiago nabarmentzen da neskengan. Egia da ez dela konpainia guztietan berdin gertatzen, baina neskak, askotan, gorputz eredu jakin batean sartu behar izaten dira eta pena da. Esan beharra daukat, ni kanon horien barruan sartzen naizela eta eskertuta nago, baina badakit beste dantzari batzuk sufritzen dutela kontu honekin. 

Mutila izan eta dantzara dedikatzeagatik sufritu al duzu inoiz estigmarik?

Hori, batez ere, Euskal Herrian sumatu dut, kanpoan ez baitut behin ere arazorik izan. Ulertzen ez dudan gauza bat da. Arazo handia da, zeren euskal dantzetan badago mutil dantzetarako kultura eta baita aukera ere. Ez da, beraz, kontu kulturala, soziala baizik; gutxitan ikusiko dituzu hemen mutilak dantzan. Pena ematen dit euskal dantza taldeetan mutilak eskas dabiltzala ikusteak, horregatik, dantzara animatu nahi nituzke, bereziki, gizonezkoak. Igual dio zein estilotan, baina mugitu daitezela eta egin dezatela dantza.

«Pena ematen dit euskal dantza taldeetan mutilak eskas dabiltzala ikusteak, horregatik, dantzara animatu nahi nituzke gizonezkoak»

Gorputza bai, baina burua zenbateraino eduki behar du bere tokian dantzari profesionalak?

Esango nuke, gorputza baino are garrantzitsuagoa dela burua. Neurri batean erraza da gorputzarekin funtzionatzea: gorputzak baietz esan diezazuke, baina burua ezezkoarekin badatorkizu, ez zoaz inora. Nire ustez ezinbestekoa da burua bere tokian edukitzea, beste gauza askotarako bezala, baita dantzarako ere: ideiak argi edukitzea, nolakoa zaren eta zer nahi duzun jakitea... Inork ez dizu erakusten hori kudeatzen, izatekotan, bidean egiten dituzun akatsek erakusten dizute. Erori ahala zutitu, eta berriro eroriz gero, berriro zutitu. Hori da formula. 

 

«Neurri batean erraza da gorputzarekin funtzionatzea: gorputzak baietz esan diezazuke, baina burua ezezkoarekin badatorkizu, ez zoaz inora»

Gorka Duran noraino iritsi den ikusita, askok esango lukete ez dela askotan erori.

Bada alderantzizkoa da. Aurrera jarraitzeko ezinbestekoa da jakitea non egiten duzun huts, akatsekin ohartu eta haiek ez errepikatzen saiatuta baino ez duzu ikasiko. Ez da seinale ona, bizitzan inoiz erori gabe ibiltzea.

Txikitatik hasi zinen dantzan nabarmentzen?

Ez dakit. Normalean ez zait axola izaten ondokoak zer egiten duen, ni baino hobea ote den edo ez. Gainera, ni baino hobea dela sumatzen badut, zorionak ematen dizkiot eta kito. Ez naiz pertsona konpetitiboa eta nirean zentratuta egotea gustatzen zait. Gozatzea da bilatzen dudana eta neure buruarekin gustura egotea. Besterik ez. 

Gaztetan hainbat txapelketa irabazi zenituen. 

Bai. Oinkarin genbiltzala, Maitane Irurtzun bikotearekin batera txapelketa askotara aurkeztu ginen; batzuk irabazi genituen eta beste batzuk, berriz, ez. Oso oroitzapen polita daukat garai hartaz.

Zer esan nahi du zuretzat Oinkari dantza taldeak?

Gauza asko. Niri Oinkarik eman dit agertoki askotan dantza egiteko aukera eta jende garrantzitsu askorekin egoteko aukera. Oso eskertuta nago. Nik txikitan euskal dantzak ikasteko eta lagunak egiteko eman nuen izena taldean, asmo handirik gabe; ez nuen inondik inora uste gerora dantza nire ofizioa bihurtu zenik.

«Oinkarik eman dit agertoki askotan dantza egiteko aukera eta jende garrantzitsu askorekin egoteko aukera. Oso eskertuta nago»

Tolosaldea IKTn ere ibiltzen zinen igerian. Bi afizioen artean erabaki beharrean ikusi zenuen zeure burua?

Bai. Hiru bat urtez, bitan aritu nintzen, igerian eta dantzan eta oso gogorra egin zitzaidan ezin bainuen bietara iritsi. Gustuko nuen igeri egitea eta, gaur egun ere, Villabonan nagoenetan maiz joaten naiz kiroldegiko igerilekura, baina zerbaitek esaten zidan nire baitako barne-lehia horretan dantzak irabazten zuela. 

Noiz erabaki zenuen dantzara dedikatu nahi zenuela?

DBHko laugarren mailan dagoeneko buruan neukan dantzaz bizi nahi nuenaren kontu hori. Laskorainen ikasi nuen batxilergoa, letretakoa, eta horretan ari nintzela dagoeneko hasi nintzen begiratzen non ikasi ote nezakeen. Banekien kanpora joango nintzela. 

Erraza izan al zen erabakia?

Kasik errazena erabakia hartzea izaten da, arazoak gero datoz, erabaki hori aurrera eramaten duzunean. Bidera zalantzak agertuagatik, horiek kudeatzen jakin behar duzu eta, zorionez, gurasoek erabateko babesa eman izan didate. Etxean betidanik egon da presente dantza eta, hortaz, nire aukera ez zaie inoiz arrotza egin. 

Inguruan ere sumatu zenuen babesa dantzari izan zenuela erabaki zenuenean?

Bai. Kontua da jende askorentzat dantza ez dela lanbide bat bere horretan. Askok galdetzen didate zein den nire B plana. Ez daukat B planik, nire lehen aukera eta bakarra dantza da. Eskerrak inguruan izan dudan jendearen bultzada sumatu dudan, ez etxean bakarrik. Bere garaian, Oinkariko Eneko Arteagak asko lagundu ninduen. Nire bizitzan pertsona garrantzitsua izan da, egia esan. Bere garaian konfiantza handia jarri zuen nigan eta oraindik ere jartzen du. Aukera asko eman dizkit eta oso eskertuta nago. 

Eneko Gil eta Agurtzane Intxaurraga ere Oinkarin ezagutu zenituen. 

Bai, garrantzitsuak izan dira nire ibilbidean. Biak eman zidaten bere garaian, dantzarekiko ikuspegi profesionalagoa. Enekok, alde batetik, dantza garaikiderako salto hori ematen lagundu zidan; eta Agurtzanerengatik, berriz, profesional gisa lan egiteko jarrera ikasi nuen. Haiei eskerrak konturatu nintzen bizimodu hau gustatzen zitzaidala.

Erreferente gehiago izan dituzu dantza munduan. 

Nire irakasle izandakoak eredutzat dauzkat, Iker Murillo, esate baterako. Ez dago gaizki ibilbide bat edo beste erreferentziatzat hartzea, baina, hala ere, uste dut norberak bere bidea egin behar duela. Beste baten islari jarraitzea arriskutsua edo toxikoa izan daiteke zenbait garaitan. Espektatibak denok dauzkagu, baina ezin dugu haien arabera bizi. Nik ez dauzkat hain presente nire bizitzan eta hori lortu dut neure buruarekin lanketa egin dudalako. Ikusi ditut espektatiba handiak izan eta gauzak gaizki joan zaizkien lagunak, ez gorputzak muga jarri dielako, buruak lagundu ez dielako baizik. Osasuntsuena espektatibak jaistea dela uste dut eta datorkizunarekin pozik egoten ikastea.

Filosofia horrekin nola jaso izan dituzu sariak, adibidez, Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteak eman berri dizuna?

Bada poz handiarekin. Niretzat opari handia izan da. Zure herriak zugan pentsatzea beti da gauza polita. Sari banaketa ekitaldia ere ederra izan zen, etxean profesional bezala dantza egiteko aukera eman zidatelako lehen aldiz. Ingurukoekin ospatu nuen eta oso egun berezia izan zen. Horrelako sariek gogorarazten didate nondik natorren eta nora joan nahi dudan. 

«[Dantzari hasiberriaren sariaz] Horrelako sariek gogorarazten didate nondik natorren eta nora joan nahi dudan»

Dantzari hasiberri onenaren saria jaso zuen Duranek maiatzean. ATARIA

Argi zeneukan dantzari izan nahi zenuela gaztetan eta baita dantza ikasketak Burgosen egin nahi zenituela. Euskal Herrian ez zegoen horretarako aukerarik?

Bai, uste dut badela eskola bat Gasteizen, baina hala ere, nik argi nuen Ana Laguna Dantza Kontserbatorioan egin nahi nituela ikasketak. Erakartzen ninduen eskolaren egiturak eta baita filosofiak ere. Oso pozik nago egindako aukerarekin, formazio ona jaso nuen. Ez naiz batere damutzen han eman nuen urtebeteaz. 

Etxetik kanpo joan behar izan zenuen, oso gazterik. Ondo moldatu zinen?

Bai. Burgos ez dago etxetik hain urrun eta esperientzia ona izan zen. Lagun asko egin nituen eta haiek lagundu zidaten ingurura egokitzen. Oso ondo moldatu nintzen. 

Ikasketak amaituta zu joan zinen lan bila edo zuregana etorri ziren?

Burgosen ikasten ari nintzela dagoeneko lan bila hasi nintzen. Normalean dantza garaikideko konpainiek audizioak proposatzen dituzte eta haietara zure curriculuma, argazkiak eta bideoak bidaltzen dituzu eta egoki iruditzen bazaie probetara deitzen zaituzte. Horrelakoetan jende mordo bat egoten da eta banan-banan dantzariak baztertzen joaten dira, hautatutakoekin geratzen diren arte. 

Herrialde Katalanetan, Irlandan eta Suitzan izan zara lanean. Zer ikasi duzu ibilbide horretan?

Gauza asko. Sentitzen dut zorte handia izan dudala. Valentzian, esango nuke, estudioan nola egon ikasi nuela; Dublinen, berriz, alderdi teknikoan sakondu nuen; eta Suitzan, azkenik, agertoki batean era profesionalago batean nola egon erakutsi zidaten. Esperientzia guztiak oso aberasgarriak izan ziren. 

Eta orain, Alemanian zabiltza, Hessisches Staatsballet konpainian. Nola sortu zitzaizun hara joateko aukera?

Bada berdintsu. Audizio baterako deia egin zuten eta gonbidatu egin ninduten. Egun oso bat pasa nuen probak egiten, 10:00etatik 20:00etara, eta egunaren amaieran elkarrizketa bat egin zidaten. Momentuan bertan onartzen nindutela esan eta kontratua luzatu zidaten, sina nezan. 

Lan baldintza egokiak dituzue dantzari profesionalek?

Baldin eta zein konpainiatan aritzen zaren. Nirea handi xamarra da eta nik baldintza oso onak ditut baina ez da beti gertatzen. Ezin naiz kexatu, dantzari profesionalen lan baldintzak askotan ez direla behar bezain onak izaten. Pixkanaka ari gara bide bat egiten eta esan beharra dago egokiago gaudela Alemanian hemen Euskal Herrian baino. Ea hango oihartzunak hona ere iristen diren. 

Aurrez ezagutzen al zenuen konpainia?

Bai. Dantzariok elkarren berri izaten dugu eta nik jarraitzen nuen konpainiaren kontua Instagramen. Banekien zein lan mota egiten zuten eta zein dantzari zebiltzan bertan. 

Zenbat jendek egiten duzue lan Hessisches Staatsballet konpainian?

28 gara guztira eta alemaniar bakarra dago, gainontzeko guztiak kanpoko herrialdetatik joandakoak gara. Taiwan, Australia, Txina, AEB, Frantzia, Belgika... herrialde askotako lankideak dauzkat eta polita da oso nazioarteko kideez osatutako konpainia izatea gurea. Dibertsitate hori gustukoa dut. 

Euskaldun bakarra zara zu?

Aurreko denboraldian beste bi euskaldun ere egon dira nirekin. Dantzarietako bat, Jorge, Gasteizkoa; eta, entseguak zuzentzen ibili den beste irakasle bat, Jaione. Noizbehinka, behintzat, euskaraz aritzeko aukera izan dugu ikasturte honetan. 

Alemanera ikasi duzu?

Ari naiz, baina oso poliki. Nire bizimodu guztia ingelesez egiten dut, hori da gure lantokian darabilgun hizkuntza nagusia. 

Zein da zure eguneroko martxa Alemanian?

08:00ak aldera jaikitzen naiz, gosaldu eta lanera joateko. 10:00etan hasten dugu gure jarduna eta beroketak egiten ordubete baino gehiago pasatzen dugu, ballet klasikoa edo gaga teknika lantzen dugu horrelakoetan. Zenbaitetan kanpotik irakasleak etortzen zaizkigu klaseak ematera. Gero eguerdira arteko tartea emanaldiak prestatzen eta koreografiak sortzen pasatzen dugu; bazkaltzeko ordubete hartzen dugu eta arratsaldean beste hiru ordu ematen ditugu estudioan prestaketa lanetan. Oso-oso nekatuta bukatzen dugu, eta gehienetan, handik etxera joaten gara zuzenean. 

Zer nabarmenduko zenuke Wiesbadengo bizimoduaz?

300.000 biztanle inguru bizi dira bertan, Frankfurtetik ordu erdira dagoen hiria da. Ez dago unibertsitaterik eta gazte mugimendu handirik, beraz, oso lasaia da. Ni gustura bizi naiz. Harrituta nago, hori bai, kulturari han dioten estimuarekin. Txiki-txikitatik kultur ekitaldietara joateko ohitura dute: dantza, opera, antzerkia, musika... Familiarentzako plana da antzokira joatea, baita zer programatu duten jakin gabe. Poza ematen dit jendeak interes hori duela ikusteak. Hemen, alderantziz, ez dago horrelako ohiturarik, jendeak nahiago ditu beste plan batzuk. Pena apur bat ematen dit.

Noiz arte segituko duzu Hessisches Staatsballet konpainian?

Ez dakit esaten. Normalean zurekin gustura badago zuzendariak urtero berritzen dizu kontratua. Ikusiko dut aurrerantzean gustura nagoen han. Denborak esango du. Gorputzak eskatu eta buruak agintzen didan lekura joango naiz. Egunetik egunera ikusiko dugu. 

Dantzari profesional batek noiz uzten ditu agertokiak?

Ez dago jakiterik. Badago iraungitze data bat baina dantzariaren araberakoa izaten da. Gorputza zaindu baduzu gehiago iraun dezakezu emanaldietan, baina ez da determinantea, agian gogoa da falta zaizuna oholtza gainean jarraitzeko. Pentsatzen dut, ez bada dantzari gisa, badagoela dantzaren munduan lanean jarraitzeko modua, koreografo bezala edo dantza konpainia bateko beste ardura batzuetan. Beti dago aukera dantzaren munduan lan egiteko.

Epe motzera zein asmo dituzu?

Duran Hessisches Staatsballeteko kideekin. ATARIA

Hurrengo denboraldian, behintzat, jarraituko dut Hessisches Staatsballet konpainian. Abuztu erdialdera itzuliko naiz eta handik berehala obra bat estreinatuko dugu. Oporren aurretik hasi ginen pieza prestatzen. Sharon Eyal koreografoarena da eta lehen aldia da harekin lan egiten dudala. 2010ean sortu zuen pieza eta nahikoa gogorra da dantzarako. Hamabi dantzarik hartzen dugu parte eta ordubetez, gelditu gabe aritzen gara dantzan. Baina, hala ere, oso pozik nago, gustura ari naiz. Behin obra estreinatuta, konpainiak munduan zehar zenbait emanaldi hitzartu ditu, Txinan, Polonian eta Bartzelonan, adibidez. Horietan ibiliko gara eta behin bira txiki hori amaituta, beste obra batzuk prestatuko ditugu ikasturtea amaitu aurretik. 

Orain estreinatuko duzuen lan hori ez duzue Euskal Herrian eskainiko. 

Ez. Zoritxarrez ez, gustatuko litzaidake, baina oraingoz ez da posible. 

Oinkarik 50 urte beteko ditu azaroan eta orduan egingo ditu ospakizun nagusiak. Bertan izango zara?

Ez dakit. Badabiltza zurrumurruak baina ezin dut ezer konfirmatu. Niri asko gustatuko litzaidake. Ahal den guztia egingo dut egun horietan, hemen, Villabonan egoteko.

Duranek iazko Santio eguneko soka dantzan aitonari dantzatu zion agurra. J. M.

Dokumentuaren akzioak