Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ez dago sarrerarik

Dokumentuaren akzioak

Ez dago sarrerarik

Thalia dantza akademiaren 25. urteurrena

Egilea
Oier Araolaza
Komunikabidea
Berria
Mota
Erreportajea
Data
2005/12/29

Thalian, Donostiako dantza akademian hezitakoak dira denak. Mentxu Medelek gidatzen duen eskolaren mende laurdena ospatzeko bilduko dira bere ikasle izandakoak. Batutako dirua Boliviako umeen egoitza bat laguntzeko erabiliko dute.

Emanaldian parte hartuko duten dantzarien zerrenda harrigarria da. Zaila egiten da sinestea denak dantza akademia beretik pasatutakoak izan daitezkeenik. Dantza irakaskuntzan eta goi mailara iritsi nahi duten dantzarien prestaketan gailurra jo duen irakaslea da horren guztiaren erantzule. Mentxu Medelek ondo erakutsi du bere ibilbidean dantzariak prestatzeko duen dohaina. Ondorioz, askok jo izan du haren atea, dantzaren munduan urrats sendoak egin nahirik.

Thaliaren lehen urteetako ikaslea da Jone San Martin donostiarra. 1992an iritsi zen William Forsythek zuzentzen zuen Frankfurteko Baletera. Orain bi urte, The Forsythe Company sortu zuen William Forsythek berak, eta bertan dihardu ordutik Jone San Martinek. Konpainia horretako dantzari bat izango du lagun Kursaalean eskainiko dituen koreografietan: Fabrice Mazliah.

Urtzi Aranburuk dantza tradizionalean egin zituen lehen urratsak, eta 1981 eta 1986 bitartean izan zen Mentxu Medelen ikasle. 1991n sartu zen Nederlans Dans Theateren, bigarren taldean hasieran, eta lehengo taldean dihardu 1993tik. Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteko saria jaso du 2005ean.

Ezaguna da Lucia Lakarra zumaiarrak dantzaren munduan egindako ibilbide arrakastatsua. Mentxe Medelen akademia utzitakoan, Victor Ullateren eskolan hasi zen, eta gero konpainian berehala. Handik Marseillako Baletera pasatu zen, eta Roland Petiten gidaritzapean jardun zuen. San Frantziskoko Baletean aritu da 1997tik 2002ra bitartean, eta azken hiru urteotan Municheko Operako Baletean dihardu. Dantzaren munduan lor daitezkeen nazioarteko sari garrantzitsuenak jaso ditu: Nijinski saria 2000 eta 2002 urteetan, eta Benois saria 2003an. Cyril Pierrekin batera dantzatuko da Donostian.

Iker Murillo errenteriarrak 12 urte zituen Mentxu Medelen akademiara iritsi zenean. Ordu arte dantza tradizionala egiten zuen. Lau urteren buruan, Madrilerako bidea hartu zuen, eta Carmen Rocheren eskolan jarraitu zituen dantza ikasketak. 1997an Alemanian, Saarbruukeneko Operako Baletean hasi zen dantzari, eta 2001etik Zuricheko Baletean ari da. Konpainia horretako dantzari Yen Han izango du lagun Thaliaren urteurreneko jaialdian.

Eneko Alcarazek Bartzelonako bidea hartu zuen Mentxu Medelekin prestatzen aritu ondoren. Institut de Teatren osatu zituen ikasketak, eta Eusko Jaurlaritzak antolatutako Koreografo Berrien lehen erakusketan parte hartu zuen, eta dantzari, koreografo eta irakasle lanetan dihardu. Adaya Martinezek ere aurkeztu ditu lanak Euskal Koreografoen Erakusketan. Aracaladanza eta Sol Pico dantza konpainietako dantzaria izan da, eta irakasle eta koreografo lanetan ere aritzen da. Amaia Dorronsoro, Larraitz Ugartemendia eta Katixa Pereak berriz, Madrilen osatu zituzten Thalian sendotutako dantza ikasketak, eta gero han eta hemen ibili dira dantzari, irakasle eta koreografo lanak uztartuz.

Mentxu Medel, Carmen Roche eta Maria de Avilaren eskoletan osatu du prestakuntza Irma Hoffrenek, eta gaur egun Ballet Biarritz Junior sortu berriko dantzaria da. Mentxu Medelen akademiatik Carmen Rocheren eskolarako bidea hainbat dantzarik egin dute azken urteotan. Adibidez, horixe egin zuten Jon Vallejok eta Asier Edesok. Vallejo orain Espainiako Compañia Nacional de Danza 2 taldeko dantzaria da. Asier Edeso, berriz, Eskoziako Baletean ari da. Hain zuzen ere, konpainia horrekin emaldi bat suertatu zaio egunotan eta ondorioz ezingo du Thaliaren urteurreneko emanaldian parte hartu. Mentxu Medelen eskolatik Madrilerako bidea egin duten azken dantzarietako bat da Jon Agirretxe. Hori ere dantza tradizionalean hasitakoa, eta gaur egun dantza klasikoko ikasketak egiten ari da.

Egoitza Donostian bertan duen dantza konpainia batek biribilduko du jaialdiaren egitaraua. Aukeran dantza konpainiak dantza tradizionaletik abiatutako ikuskizunak egiten ditu, eta bere dantzarien prestakuntzarako Thalia eskolara jotzen du. Edu Muruamendiarazek gidatutako taldeak Sutargi eta Izena duen guztia omen da ikuskizunak plazaratu ditu azken urteotan.

Ekimen pribatua,babes publikoa

Gipuzkoako Foru Aldundiak babesten du jaialdia. Jakina da eskola pribatu baten lanaren fruitu direla dantzari bikain horiek guztiak. Dantzaren goi mailako ikasketak burutzeko aukerarik ez da izan orain arte Donostian eta Mentxu Medelek egin ditu dantzari profesional izateko eman beharreko urratsetan formatzaile eta aholkulari lanak. Dantzaren alorrean erakunde publikoek bete ez duten hutsunea bete du 25 urtez Mentxu Medelek.

Baina horrekin batera, ezin dira ahaztu Gipuzkoako Foru Aldundiak dantzari gazteentzat eman dituen eta ematen dituen bekak. Zerrendatutako ia dantzari guztiek, ikasketekin jarraitzeko Diputazioaren diru-laguntza jaso zuten Gipuzkoatik kanpora joan behar izan zuten garaian. Dantzaren alorrean erakunde publikoen parte hartze urria aipatu izan den moduan, azpimarratu beharrekoa da Gipuzkoako Foru Aldundiaren beka horrek hainbat dantzariri eskaini dien laguntza.

Oso gazterik erabaki zailak hartu behar ditu dantzari izan nahi duen edonork. Ez da samurra nerabe izanik, ohiko ikasketak, lagunak, ingurukoak eta familia herrian utzi eta dantzari izateko asmoz kanpora joateko erabakia hartzea. Kinka horretan, Foru Aldundiaren beka diru laguntza soil bat baino gehiago dela esan liteke, Mentxu Medelek dantzariei eskaini dien tutoretza lan bikaina osatzera etorri dena.

Jaialdian parte hartuko dutenak

Hauek dira jaialdian parte hartuko duten Thalia akademiako ikasleak:

- Jone San Martin (The Forsythe Company, Frankfurt)

- Urtzi Aranburu (Nederlands Dans Theater, Haga)

- Lucia Lakarra (Municheko Operako Baleta, Munich)

- Iker Murillo (Zuricheko Baleta, Zurich)

- Jon Vallejo (Compañia Nacional de Danza 1, Madril)

- Adaya Martinez (Sol Pico, Bartzelona)

- Eneko Alkaraz (dantzaria, koreografoa eta irakaslea)

- Amaia Dorronsoro (dantzaria, koreografoa eta irakaslea)

- Katixa Perea (dantzaria, koreografoa eta irakaslea)

- Larraitz Ugartemendia (dantzaria, koreografoa eta irakaslea)

- Irma Hoffren (Ballet Biarritz junior, Donostia-Miarritze)

- Jon Agirretxe (Madrileko Kontserbatorioa, Madril)

- Edu Muruamendiaraz (Aukeran dantza konpainia, Donostia)

Dokumentuaren akzioak