Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ez dago sarrera-txartelik

Dokumentuaren akzioak

Ez dago sarrera-txartelik

Kritika, Teresa Nieto - Asami Maki

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2005/09/14

Nolabaiteko jakingura nuen Teresa Nietoren proposamenaren aurrean, duela bospasei urte ikusitako lanetan ÐIsla, De noche todos los gatos son pardos ... flamenko eta dantza garaikidearekin konektaturiko artista zintzoaren irudia eman zidalako. Oraingoan, Consuelo piezarekin etorri da bere aspaldiko lankide den Claudia Facirekin batera. Bien artean emakume heldua eta berak gogoratzen duen neska gazteagoa interpretatzen dute, eta badago Jesus Caramesek gorpuzten duen hirugarren Ðedo bigarrenÐ pertsonaia bat: bera da emakume helduak gogoratu eta gazteak maite izandako gizona. Egoerak, beraz, interesgarria dirudi, baina Nietok hautatutako estilo dramatizatua nahiko antzua izan da, musika, argiak, interpreteen keinuak eta estetika dotoreak diren arren. Izan ere, koreografoak antzerki-dantzaren bidetik adierazten ditu bere barne- bizipenak, eta horrek melodramaren atzaparretan trabatu du lana, irtenbiderik gabe.



Astelehen gauean «Ez dago sarrera-txartelik» jarri behar izan zuten Pink Floyd Ballet-en emanaldian. Argi dago Tokioko Asami Maki baletaren lana aretoak betetzeko sortua dela, bai konpainiaren mailarengatik, bai gonbidatuen bikaintasunarengatik Ðbesteak beste, Paris, Berlin, Mongolia eta Japoniako dantzariakÐ, bai Pink Floyd guztiz talde entzutetsua izateagatik. Gainera, beti profitatu behar da Roland Petiten koreografia bat ikusteko aukera. Koreografia Pink Floyden abestiak bezainbeste zatitan banatzen da, haietariko bakoitzean bakarlariak, bikoteak edota konpainiako berrogei lagunak aritzen direla. Mugimenduak estuki lotuak dira musikaren inflexioei, eta haietariko gehienetan zuzenean baliatzen da balet klasikoaren lengoaia zenbait ukitu garaikiderekin batera. Agerraldi orokorretan proban jartzen da talde osoaren arteko koordinazio bikaina (nahiz eta herenegungo emanaldian akats pare bat izan ziren), eta koreografoak gozatu egiten du arabeskoak eta efektu optikoak egiten dantzari-multzoen hanka, beso eta buruekin. Hala ere, jantzien zuritasunak, argi diseinuaren gogortasunak eta koreografien planteamendu zatituak hoztasun sentsazio nabaria utzi zidaten, emaitzaren edertasuna eta dantzarien maila teknikoa ukaezinak izan arren. g Agus Perez

Dokumentuaren akzioak