Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Ez dadila galdu dantza tradizionala»

Dokumentuaren akzioak

«Ez dadila galdu dantza tradizionala»

Egilea
Tere Madinabeitia
Komunikabidea
Goiberri
Tokia
Legazpi
Mota
Elkarrizketa
Data
2023/09/29
Lotura
Goiberri

Sustraiak dantza taldeko kidea besterik ez dela dio Jon Dorronsoro Goikoetxeak (Legazpi, 1967), baina beteranoena izanda eta egiten dituen irakasle eta koordinatzaile lanak kontuan hartuta, taldeko arima dela esan daiteke. Txikitatik dago murgilduta dantzan, eta horregatik azken urteetan mundu horrek bizi izan dituen aldaketen lekuko pribilegiatua izan da. Dantzan jarraitzeko asmoa du.

Noiz hasi zinen dantzan?
Sustraiak sortu eta urte betera, umeen taldea sortu zutenean, 9 urterekin. 47 urte daramazkit taldean.

Noiz sortu zen Sustraiak taldea?
1975ean sortu zuten, eta hurrengo urtean ikastaro bat egin zuten, fandangoa eta arin-arina erakusteko, neska eta mutilentzat. Jende pila bat apuntatu ginen. Garai haiek oso desberdinak ziren.

Zergatik? Politikagatik, euskararen eta euskaldunaren aldeko aldarriengatik…?
Alde batetik, bai. Garai haietan Gipuzkoan dantza talde asko sortu ziren. Legazpikoa 18-19 urteko gazteek sortu zuten, Itxaropena eta Umetxoak taldeetako kide ohiak ziren: Rosa Murua eta Angel Murua anaia-arrebak, beste Angel Murua bat, Albisu, Berri, Josu Aztiria, Andres Goenaga, Lourdes eta Nieves Garcia… Umeen taldeetatik zetozen dantzariak, eta helduen talde bat sortu zuten, Sustraiak. Lehen emanaldia 1976ko abenduaren 8an egin zuten, Telleriarten, On Migel apaizari egin zioten omenaldian.

Zein izan zen zure irakaslea?
Gureak, bi Angel Muruak, eta neskenak Maite Murua, Amaia Murua…

Zer ikasten zen orduan?
Fandango eta arin-arinarekin hasi ginen. Ni anaiarekin batera joan nintzen, eta hasieran ez zitzaidan gehiegi gustatu. Gainera, entseguak larunbat arratsaldetan ziren. Baina etxean, hasi nintzela eta jarraitzeko esan zidaten. Gero, aukeraketa egin zuten taldean, eta ni oso dantzari ona ez nintzenez, azkenetakoa izango nintzela uste nuen, baina sartu nintzen. Eta orain arte.

Nolakoak ziren entseguak?
Neskak eta mutilak bananduta egoten ginen, eta dantza mistoak entseatzeko elkartzen ginen.

Dantzan ikasi, eta ekitaldietan parte hartzen hasi zineten?
Bai… oso irakasle onak ziren gureak, eta ondo erakutsi ziguten dantzan. Horregatik, kanpotik deitzen ziguten eta Bizkaira joaten ginen batez ere, helduek hango taldeekin kontaktuak zituztelako: Elorriora, Ermuara… Baina baita Ordiziara edo Gabiriara ere, Goierriko taldeekin ere ondo konpontzen zirelako. Inguruan ere ibiltzen ginen, Aztirian, Brinkolan, Telleriarten.. . Askotan ez ginen ateratzen, baina ateratzen ginen, bai. Gogoratzen dut behin Ordiziara joan behar ginela, baina ekitaldia bertan behera utzi zutela atentatu bat egon zelako, eta gu jantzita geundenez, hemen, Legazpin dantza egin genuela.

Zeu ere erakusten hasi zinen.
Bai, 15 urtera arte dantza egiten nuen bakarrik, eta orduan beste ardura batzuk hartzen hasi nintzen, anaia txikia ere taldean sartu zela eta hari laguntzeko aitzakiarekin. Nire adinkideak lehenago zeuden hasita umeei erakusten, baina ni 15 urterekin hasi nintzen. Garai hartan beste lan batean ere hasi nintzen. Angel Murua Legazpiko folkloreari buruzko liburua argitaratzeko ikertzen hasi zen orduan, eta larunbat goizetan udaletxeko artxibategira joaten hasi nintzen berarekin, laguntzeko.

Folklore horren barruan ezpata-dantza dago. Sustraiak oso lotuta dago jaietako dantza horrekin.
Bai, baina lan horrekin hasi aurretik berreskuratu zuen taldeak. Sustraiak sortu zutenek bazekiten aurretik ezpata-dantza egiten zela herrian, eta Nikolas Urmenetarekin, Erostarberekin eta Maiztegirekin hitz egin eta gero, lortu zituzten txisturako partiturak, Venezuelatik Legazpiko txistularia izandako Iriartek bidalita. Nikolasek erakutsi zien orduko dantzari helduei nola dantzatzen zen, eta horrela berreskuratu zuten. Ezpata-dantzaren aro berriaren estreinaldia atentatu batekin dago lotuta. Sustraiak 1975ean sortu zuten, eta hurrengo urteko festetan ziren ezpata-dantza egiteko, maiatzaren 3an. Baina aurreko egunetan guardia zibil bat hil zuten herrian, eta festak bertan behera utzi zituzten. Beraz, 1977an dantzatu zuten lehen aldiz.

Bestela, nolako ekitaldietan hartzen zenuten parte orduan?
Gu hasi ginenean dantzari txiki egunak ez ziren egiten, adibidez, baina Legazpiko lehena antolatu genuen, ia helduen taldean geundela, Korostirekin batera, duela 30 urte edo. Arratsalde batean izan zen lehena, eta gero hasi ginen beste herrietara joaten txikiekin. Gerora, helduok urrutira joaten ere hasi ginen, Madrilera, Kataluniara, Almeriara, Pragara… Oso gutxitan joan gara, egia esan, baina joan gara kanpora, bai.

Lokal kontuetan ere bidaiatu duzue.
Makina bat lokal ezagutu ditut. Santa Teresa mojen eskolan, orain Txolartek Laubiden duen lokala, plazako eskola zaharrak, ikastola, Latxartegi… eta Itxaropeneko lokaletan hogei urtetik gora pasatu genituen.

Handik etorri zineten gaurko lokalera, Kultur Etxe ondora.
Bai, lokalarena beti izan da gure eskakizuna. Kultur Etxea egin zutenean aztertu zuten Sustraiak bertan sartzea, baita pilotaleku atzealdeko lokaletan ere aurrerago. Baina oraingo lokaletara suhiltzaile boluntarioak joandakoan sartu ginen. Gustura gaude, batzuetan txiki geratzen bazaigu ere.

Zenbat jende pasatu da taldetik?
Asko eta asko. Kontuan izan Korosti sortu aurretik talde bakarra zegoela herrian, eta ume guztiak gurekin ibiltzen zirela. Urte batzuetan gurean sartzeko aukeraketa egin behar izaten genuen, eta guk irakasleok, astelehenetik igandera ematen genituen klaseak. Korosti sortu zenean jaitsiera izan zen izen emateetan, eta lasaiago ibili ginen. Gero, izan dira urteak izen emate askokoak eta beste batzuk gutxiagorekin. Baina beti arazoak izan ditugu mutilekin, baita orain ere.

Mutil faltak aldaketak ekarri ditu dantzaren munduan, ezta?
Orain neskek eta mutilek bat eginda egiten dute dantza. Lehen mutilen dantzak mutilek egiten zituzten, eta neskenak neskek, entseguak ere aparte egiten ziren gainera. Gure kasuan, oraingo lokalera jaitsi ginenean, gela bakarra genuenez, eta mutil gutxiago ere bai, denek batera entseatzen hasi ginen. Genuenarekin moldatzen hasi ginen, eta adibidez Uztai txiki egiteko zortziko taldea behar bagenuen eta hiru mutil bakarrik bazeuden, neskekin osatzen genuen, modu naturalean. Ezpata-dantzarekin ere gauza bera gertatu zen.

Ezpata-dantzan emakumeak sartu bakarrik ez, ezpaten gainean ere jarri zenituzten dantzan.
Bai, baina aurretik, 2011n, neskek bakarrik dantzatu zuten, eta orduan Agurtzane Gabiria igo zen ezpaten gainera. Ezpata-dantzarako hamabost dantzari behar dira, eta batzuetan zaila izaten da taldea egitea. 2011 aurretik emakume batzuek parte hartu zuten, taldea osatzeko. Baina 2015etik aurrera, talde mistoa da. Urte hartan Leire Madina igo zen gainera, eta ordutik gehiago ere bai.

Nola aukeratzen duzue Ezpata-dantzako dantzari hori?
Batzuetan ondo nork dantzatzen duen begiratzen dugu, beste batzuetan zeinek merezi duen… Garai batean, mutilok bakarrik egiten genuenean, ez zen aldaketa askorik izaten eta urteetan mutil berberak dantzatzen zuen, ni neu ere urte pila batean egindakoa naiz.

Nolako taldea da orain Sustraiak?
Ez gara bakarrik dantzara eta entseatzera joaten garenak, dantzari izandako batzuk taldearekin lotuta jarraitzen dute, eta behar ditugunean gurekin dantza egiten dute. Talde-taldean 40-bat heldu eta 45-bat ume daude. Horiez gain, jaiei begira antolatzen ditugun ikastaroetara etortzen direnak daude.

Zer dira ikastaro horiek?
Dantza taldeak sortu zirenean mesede egin zitzaion dantzari, baina aldi berean kaletik desagertu egin zen eta dantzarien gauza bihurtu zen. Horri buelta eman nahi genion, eta fandango eta arin-arin ikastaroak ematen hasi ginen, eta aurrerago, jendea animoso zegoela, inauterietarako ere bai. Horrela sortu genuen konpartsa 1991n, eta ordutik urtero ateratzen dena. Konpartsan jende finkoa dugu dagoeneko. Kapela dantzarekin ere berdin hasi ginen.

Hori ere, Sustraiak taldeak berreskuratutakoa da.
Bai, 1995ean. Nikolasek esaten zuen Gerra ostean egiten zela, eta agiri batzuk ere bazeuden. Hasieran mutilek bakarrik egiten genuen, eta neskak sartzen genituen sokan, baina misto bihurtu genuen azkenean. Honetan ere nahi duten herritarrek parte hartzen dute. Herriko beste festa bat bihurtu da, eta lortu dugu Legazpiko jende asko gurekin dantzatzera animatzea.

Txapelketatan ere jartzen du indarra Sustraiak taldeak.
Lehenago ere egiten ziren, eta parte hartzen genuen aurresku txapelketatan, sueltokoetan, eskola artekoetan… Baina oraingo martxa Beñat Olaizolarekin hasi zen. Txapelketan parte hartu nahi zuen, eta prestatzen hasi ginen. Hurrengo urtean neskekin hasi ginen, zazpi apuntatu ziren, eta lehena Beasainen egin zuten. Gero nesken txapelketa bera antolatzen ere hasi ginen. Azkenean hori ere misto bihurtu da, mutilena eta neskena batuta.
Egia esan, gu ez geunden oso ados txapelketekin, gure ustez dantzarien arteko lehia bultzatzen dutelako, baina bestetik, dantzaren kalitatea ere igotzen dute, beraz, aurrera egin genuen.

Ikasturte berria hasita dago.
Bai. Taldeak osatu ditugu, eta hasita daude ikastaroak.

Zuri zer eman dizu dantzak hainbeste urtetan egoteko?
Gauza asko. Ariketa fisikoa, hasteko. Jende asko ere ezagutu dut, eta sekula dantzari oso ona izan ez banaiz ere, gauza pila bat ikasi ditut, belaunaldien arteko harremanak landu ditut haurrekin eta gurasoekin, baita taldean bertan ere, adin askokoak elkartzen garelako. Parranda batzuk ere egin ditut dantzaren kontura…

Noiz arte jarraituko duzu?
Ez dakit, gorputzak uzten didan arte, edo taldetik botatzen nauten arte. Momentuz ondo moldatzen gara guztiak, baina gertatu daiteke beste taldeetan bezala desadostasunak egotea.

Nolako desadostasunak?
Orain eboluzio bat gertatzen ari da, eta ikusi dezakezu dantza tradizional bat dantzatzea pauso modernoekin eta beste era bateko musika bati egokitutakoekin. Horretan koreografiarekin asmatu egin behar da. Lehen zonalde bakoitzak bere pausoak eta bere koreografiak zituen, eta orain denak nahastu egiten dira, aurreskuan bezala. Adibidez, koreografia batean suletinoko pausoak, Bizkaiko pausoak… Horrelakoetan gertatu daitezke desadostasunak.
Hori ez da euskal dantza tradizionala niretzat, baina ez dut esan nahi ez dela eboluzio hori eman behar, hori bai, behintzat jendeak jakin dezala zer den zer, eta zergatik egiten diren aldaketak. Ez nago horren kontra, baina ez dadila galdu dantza tradizionala.

Dantzari «makarra-xamarrak»

Kulturweb Gipuzkoako agenda digitala kudeatzen lan egiten du Jon Dorronsorok eta horrekin eta dantzari eskainitakoarekin, ez zaio denbora libre asko geratzen, eta ez du zaletasun berezirik.

Dantza barru-barruan darama, eta bere bizitzaren zati handi bat Sustraiak Dantza Taldeari lotuta eman du. Gaur egungoa, «adin, izaera, karaktere eta kalitate ezberdineko dantzarien taldea» dela dio.

«Txiki-txikitatik edota zaharxeago sartutakoek, hasi berri edota bizitza erdia (edo gehiago) daramatenek, hanka gerritik behera edota belarri ondora altxatzen dutenek, soilik dantzatzera edota inplikazio gehiago dutenek, parranda-zale edota parranda-zaleek (kasualitatez hemen desberdintasunik ez dago) den-denek alpargatak jantzi eta dantzari bat bezala dantzatzen dugu, gutxi batzuetan exkax, gehienetan bikain…». Horren guztiaren isla da Jon Dorronsororen argazki kuttuna.

Aurtengo uztailean ateratakoa da. Azken urteetan taldeak kalean aurkeztu du bere urteroko jaialdia, eta hori amaitutakoan «ditxosozko COVID-19ak izan duen gauza on bakarra guri jaialdia kanpoan egitera behartzea izan da», eta horrekin «ikuslegoa zabaldu dugu, aretora etortzen ziren senide eta lagunei oraingoan kalean gurekin topatzen direnak gehituz».

Argazki horrek «Sustraiak dantza taldea zer den argi eta garbi azaltzen du: dantzatzen dugunean normalean oso aurpegi serioarekin ibiltzen gara (horregatik taldean sartzeko borde xamarrak izan behar garela esaten omen da), baina amaitu eta tentsioa kanporatu ondoren garen bezala azaltzen gara, irribarretsu eta makarra-xamarrak…».

Dokumentuaren akzioak