Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Ez da larria Aste Nagusia San Ferminen pare ez egotea»

Dokumentuaren akzioak

«Ez da larria Aste Nagusia San Ferminen pare ez egotea»

ATZEKOZ AURRERA. Gari Otamendi. Musikaria

Hainbat proiektutan sartuta dago Gari Otamendi, eta, besteak beste, Errebal erromeria taldeko biolin jotzailea da. Gaur gauean joko du taldeak, Donostiako Konstituzio plazan.
Egilea
Olaia Iraola
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2016/08/18
Lotura
Berria

Aurreko urtean sortu zen Errebal erromeria taldea, eta ordutik ez dira gelditu ere egin. 13-14 bat emanaldi egin dituzte sortu zenetik.

Gari Otamendik biolina jotzen du, eta hankarekin, perkusioa. Ixak Arrutik gitarra jotzen du, eta Eneko Dorronsorok trikitia. Jokin Otamendik, Gariren anaiak, gidatzen du dantzaldia, momentuan bertan dantza erakutsiz.

Nola dago gaur egun erromeria?

Euskal kulturgintzan hogei galdera zail baldin badaude, horixe da bat. Agian, ez dago oso osasuntsu. Eskaria badago, ordea, eta ikusten da jendeak gustuko duela.

Taldea duela gutxi sortu duzue, eta Konstituzio plazan joko jada.

Errebal izena jarri genion taldeari, eta periferia esan nahi du horrek. Añorgakoak gara, gainera. Garrantzitsua da handik erdigunera etortzea. Polita da Konstituzio plazan erromeria eskaintzea. Nire gurasoak donostiarrak dira, eta hantxe egiten zituzten gaztetan dantzaldiak. Guk ere publikoa dantzan jarri nahi dugu. Plaza handia da, eta jendea handik pasatuko da.

Zer espero duzue iluntzean?

Gure helburuak nahiko xumeak eta, aldi berean, zailak dira. Ahalik eta jende gehiena animatzea nahi dugu dantzara, eta goza dezaten. Ondo edo gaizki egiten duten ez zaigu axola. Ondo pasatzeko proposamena da. Jendea zirikatzen eta lotsa hausten ahaleginduko gara. Gure ezinbesteko baldintza, ordea, jendea egotea da.

Zuen orduaren bueltan hainbat ekitaldi antolatu dira. Esaterako, Antonio Orozcoren kontzertua.

Guk egiten duguna txikia da, nahiz eta euskalduna izan. Badakigu publiko masibo bat ez dela etorriko. Guk alde eduki dugu emanaldia festa dagoen lekuan jarri digutela. Jendea ez da guregana etorriko, baina Konstituzio plazan egonda, badakigu jendea pasatu eta geldituko dela. Antonio Orozco ikustera bai joango da jendea.

Zu dantzaria ere bazara.

Bai. Hilaren 15ean Añorgako Arkaitz dantza taldearekin dantzatu nuen. Ezpata dantza, tropel dantza eta sokadantza erritual bihurtzeko helburuarekin egiten dugu, agertokirik gabe. Ikuskizunetik haratago joanda, herritarrek herritarrei eskaintzen dieten emanaldia da.

Festak, beraz, nahiko okupatuak ari zara izaten.

Aipatutako emanaldiez gain, beste batean ere hartu dut parte. Errebal taldeko bat estatubatuar batzuekin bira txiki bat ari da egiten. Horiekin jo nuen astelehenean. Festarako ere hartuko dut tartea. Lasai ibili ohi naiz Aste Nagusian, baina urtero dago gau tranpa bat.

Festetan denbora libre gehiago edukiz gero, zer egingo zenuke?

Piraten abordatzean parte hartzea gustatuko litzaidake. Egiteko daukat hori. Hala ere, oro har, Aste Nagusia baino gehiago gustatzen zaizkit sansebastian edo santomas jaiak. Urte osoan banatuta badaude, festa politagoak, nire ustez.

Aste Nagusia, orduan, ez duzu oso gustuko?

Turismo ereduari lotuegia dagoela uste dut. Ez dut partekatzen parte zaharra hartzen ari den erakarpen gunearen itxura. Turismoari begira sortutako festak dira nire ustez. Urtean zehar badago nahiko festa.

Betidanik izan al da erakarpen gune, edo kultur hiriburua izateak eragina izan du?

Aste Nagusiarekin batera datorren zerbait dela uste dut. Aste Nagusiko ikurra pasiboa da. Zinemara joan eta krispetak jatea bezala da suak ikusi eta izozkia jatea. Herritarrak aktiboki mantentzeko festarik egokienak ez dira, nire iritziz. Agian, ez da beharrezkoa euskal hiriburu guztiek udan festa indartsuak izatea. Donostiak udan ez du festa handi baten beharrik; ez da larria Aste Nagusia San Ferminen pare ez egotea.

Argazkia: GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Dokumentuaren akzioak