Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ez da ideala oraindik

Dokumentuaren akzioak

Ez da ideala oraindik

Haatik dantza konpainiak emakumeak protagonista dituen dantza pieza bat estreinatuko du etzi, Pasai Donibaneko Santiago plazan. Hogei minutu inguruko sorkuntza da «Lau eme», Aiert Beobidek zuzendutakoa. Historian zehar emakumeek izan duten rola aztertzen du eta horien eskubideen aldeko borroka dantzaren bidez irudikatzen. Ustezko egoera ideal batera iristen da, errealitatearen ukabilkada sonatuak ametsa zapuzten badu ere.
Egilea
Ariane Kamio
Komunikabidea
Naiz
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2018/05/31
Lotura
Naiz

Aiert Beobidek zuzendu du “Lau eme”, baina esan daiteke ez dela ohiko zuzendaritzan jardun. Haatik dantza konpainiako emakume dantzariek egindako hausnarketatik dator piezaren sorrera eta beraiek izan dute estreinaldirainoko prozesuan hartu beharreko erabakien ardura; dela jantzietan, dela gidoiaren osaketan.

«Udazkenean dantzari buruz egindako hausnarketa batetik dator guztia», azaldu du Beobidek berak. Emakumeen ikusgarritasuna dantza alorrean. «Justu une horretan euskal dantzatik abiatutako bi talde mutilez bakarrik osatutako ikuskizun banarekin zebiltzan eta ohartu ginen alderantzizkorik ez zegoela». Taldeko emakumeak beren iritzi eta gogoetak mahai gainean jartzen hasi ziren orduan eta paradoxa batera iritsi ziren. «Emakumeak askoz gehiago diren sektore batean gizonok protagonismoa izaten jarraitzen dugu».

Abiatze puntua finkatuta, beren gogoetak dantzara nola eraman aztertzen hasi ziren. «Emakumeen ikusgarritasuna eta papera aldarrikatzeko zerbait egiteko gogoa sortu zen. Lehen pertsonan kontatu nahi dituzte beren bizipen eta arrazoiak».

Haatikek bere baliabideak eta lantaldea emakume dantzarien esku jarri zituzten eta Beobide aritu da zuzendari. «Ni aritu naiz pieza hau zuzentzen, baina beraiek izan dira neurri handi batean gidoia, musika eta jantziak aukeratu dituztenak. Beraiek hartu dute erabakien pisua. Azkenean hori zen nahi genuena. Emakumearen ahalduntzeari buruz hausnartzen ari ginen».

Proiektuak hiru fase izan dituela zehaztu du. Lehenengoa, aipatutakoa, gogoeta prozesua –«berehala jaso genuen emanaldiren bat egiteko aukera, oraindik proiektua paperean besterik ez zegoenean. Ikusi genuen, beraz, interes bat bazegoela»–. Ideia bilketaren ondoren, udaberrian lehenengo probak egin zituzten. DFeria izan zuten aurreneko agertoki eta Martxoaren 8an Ziritzan bigarren erakustaldi bat egin zuten. «Ideiak argitzeko balio izan ziguten ariketa horiek eta azken hilabete hauek guztia biribiltzen aritu gara». Estreinaldia larunbatean izango da, Pasai Donibaneko Santiago plazan (20.00).

Garapena

Kronologia baten zentzuari eusten dio “Lau eme” dantza piezak, azken mendeetan emakumeek izan duten borrokaren garapen moduko bat. «Emakumeen historia kontatu nahi izan dugu. Emakumeak nola bizi ziren duela 200 edo 300 urte, ze pisu zuten gizartean, zein zen beraien papera. Batez ere amatasunean, hezkuntzan, etxearen mantenimenduan. Eta hortik aurrera egon den borroka. Emakumeek egin behar izan duzuen borroka aurrera ateratzeko, gauzak erabaki ahal izateko».

Jantziei ere garrantzi berezia eman diote ikuskizunean eta Ramon Garcia arropa historialaria izan dute bidaide. «Berak kontatzen zigun arropa ez zela moda bat. Horrekin ere bidaiatxo bat egin nahi izan dugu erakusteko nola garatu diren emakumeen jantziak historian zehar eta beraien borrokaren parte izan direla. Gonak, kortseak... nola izan ziren haien gorputzak estaliak eta nola joan diren askatzen, azala erakutsi ahal izaten».

Borroka horretatik atera nahi eta ezin bat izan dela uste du Beobidek, kulturalki ezarritako aurreiritziengatik. «Ulertzen da emakume bakoitzak borroka egin behar duela bere eskubideengatik, bere askatasunagatik». Piezaren amaiera aldera ikusten dira «emakume independente horiek». «Badirudi iristen ari garela mundu ideal batera, non libreak diren, baina amaierarako utzi dugu errealitatera buelta bat; ez dugu pieza egoera irreal horretan utzi nahi izan. Badirudi oso ideala dela emakumeen egoera, baina kritika sakon bat dago agerian dauden arazo guztiekin».

Gizonezko dantzari gisa hitz egin du Aiert Beobidek, eta bere ikuspuntua eman du bere esparrutik. «Nire ustez, dantzako bizitza edozein mutilentzat askoz errazagoa da. Emakume dantzariek ere ikusten dute euskal dantzatik datozen talde indartsuenek gizonezkoek bakarrik egiten dituzten emanaldiak dituztela. Eta, aldiz, ehuneko zenbat izango dira emakumeak? Esan dezakegu %70 edo %80».

Bere hitzetan, alderantzizko bira ematen du bizitzak euskal dantzetatik datozen taldeetan. «Ni neu irakaslea naiz eta ikasleen gehiengoa da emakumezkoa. Pena ematen dizu mutil gutxiago izateak, eta nahi duzu diskriminazio positibo bat egin haien alde, eta aurreraka ekarri, ikus daitezela, baina gero konturatzen zara beste zapalkuntza bat egiten ari garela. Ez gaudela berdintasun batean». Eta jarraitu du: «Matxismoa ez da soilik bortxaketa bat, edo lan baldintza desberdinak izatea, gizarte osoan oso barneratuta dagoen zerbait da. Eta nahiz eta uste izan gauzak asko aldatu direla, oraindik asko dago egiteko».

0531_kul_laueme

Dokumentuaren akzioak