Dokumentuaren akzioak
«Ez da dantza teknikoa; mugimendua da, dantzari bakoitzari dagokiona, propioa»
Koxka Elkartea. Ixkoen pare jarri beharko dug
Emanaldi berezia eskainiko du bihar Maylis Arrabit, Xabier Madina eta Ebi Soriak osatutako lagun taldeak, Koxka elkarteak gonbidatuta. Ixkoen pare jarri beharko dugu (Izenburu originala: Habrá que ponerse cachas) dantza-antzerkia eramango dute Biteri kultur etxeko areto nagusiko oholtzara; arratsaldeko 19:00etatik aurrera izango da hori, eta sarrera debalde izango da, joan nahi duenarentzat.
Bi anaien arteko harremanaz
Hernaniarrek oholtza gainean ikusiko dutena da dantza-antzerki bat; hau da, dantzaren eta mugimenduaren bidez, istorio bat kontatuko dute: «oinarrian dagoen istorioa da: Ebi eta Xabier ospital bateko itxaron-gelan daude zain, Ebi aulki batean dago eta Xabier bere aulkian, biak dantzan», azaltzen du Maylis Arrabit gida artistikoak.
Arrabit da, hain zuzen, oholtza gainean agertzen ez den bakarra. Ebi Soria eta Xabier Madina dira bi dantzari protagonistak, eta ko-koreografoak, beraiek sortzen baitituzte beren mugimendu propioak.
Izan ere, «ez da dantza teknikoa; mugimendua da, dantzari bakoitzari dagokiona, propioa eta bakarra dena». Horien bitartez, bi anaien arteko harremana islatzen da; «jokoa ere badauka eta ikusten da nola garatzen den harreman hori bizitzako epe desberdinetan».
Eta horretarako, ez dute hitzik ere egiten: «garrantzia ematen diogu gorputzaren lengoaiari, keinuei, begiradari...», dio Ebi Soriak.
Izenburua, solasaldi baten emaitza
Laguntasunaren emaitza izan da emanaldia bera, eta baita izenburua ere: «Whatsappeko solasaldi batean sortu zen, nik [Maylis Arrabitek] neukan ideia azaldu nien, eta Ebik esan zion Xabierri: ‘beraz, Xabi, ixkoen pare jarri beharko dugu’. Eta izenburu ederra iruditu zitzaigun!».
Ez dute hitzik ere egiten: «garrantzia ematen diogu gorputzaren lengoaiari, keinuei, begiradari...»
Dantza inklusiboa, «dantzariontzat eta publikoarentzat»
Dantza inklusiboa egiten dutela diote askok, baina haientzat ez da helburua bere horretan: «gure helburua da, denen gainetik, espresio artistiko bat egitea; baina proiektuaren barruan daudenen singulartasunagatik, dantza inklusiboa deitzen da». Dena den, ez da desgaitasuna dutenei buruzko istorio bat: «bakoitza modu desberdin batean mugitzen da», eta hori da islatu nahi dutena.
Baina dantza inklusiboa da bai «dantzariontzat eta baita publikoarentzat ere», izan ere: «ez dago hitzik, musika besterik ez dago; begiekin ikusteko pieza bat da, inklusiboago egiten du horrek».
Koxka elkarteak, gonbidapena
Ezaugarri horiengatik guztiengatik gonbidatu ditu Koxka elkarteak Biterira, hernaniarrak: «modu desberdinak daude artea egiteko, eta hau da horietako bat. Era berean, hernaniarrak sentsibilizatzeko modu bat da, modu ludiko batean», azaldu du Elkarteak berak.
Dokumentuaren akzioak