Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Ez badago beldurrik, zerbait ez dabil ondo»

Dokumentuaren akzioak

«Ez badago beldurrik, zerbait ez dabil ondo»

Dantza ogibidetzat nahi duelako ideia bezain argi du Leire Ondarroak bideaz gozatzeko helburua. Enbata Espazioa sortu zuen iaz Algortan, eta askotariko gorputzen mugimenduari lekua egin nahi die han.
Egilea
Naroa Torralba Rodriguez
Komunikabidea
Berria
Tokia
Algorta
Mota
Albistea
Data
2023/07/06
Lotura
Berria

ARITZ LOIOLA / FOKU

 

Enbata Espazioa Algortako (Bizkaia) kale nagusian dago. Leire Ondarroak (Algorta, 1998) jarri zuen martxan, duela urtebete, eta dantza eskola bat izatetik urruti dago: esperimentazio leku izan asmo du, «gorputzaren mugimenduari balioa emateko». Ikerketa jorratzen ari da, eszenari begirik kendu gabe.

Nola erakarri zintuen dantzak?

Gehien erakartzen nauena mugimendua da. Dantzan ari naizela sentitzen dudan indarra ere gustuko dut, baita energia ere. Bestela lortzea ezinezkoak zaizkidan egoeretara eramaten nauelako. Asko gustatzen zaidalako nire gorputza zelan mugitzen den sentitzea. Horretarako ibilbide asko dago, ez baitago dantza egiteko modu bakarra.

Nola hasi zinen dantza egiten?

Ahizparen lagun batek dantza egiten zuen, eta askotan joan izan naiz Getxoko [Bizkaia] Biotz Alai plazan hainbat dantza eskolak egiten zituzten emanaldiak ikustera ere. Gero, gimnastika erritmikoa irakasten zidan irakasle batekin dantza gehiago lantzen hasi nintzen, eta buruak klik egin zidan. Izan ere, betidanik egin izan nuen gimnastika erritmikoa, baina, dantza probatu nuenean, ate bat zabaldu zen nigan.

Helbururik jarri zenion zeure buruari ikasketa profesionalekin hasi zinenean?

Bai. Interpretea izan nahi nuke, eszenan aritzen den dantzaria. Hasieran, ikasten hasi nintzenean, Europan neukan bista jarrita. Niri gehien gustatzen zaidan estiloa Alemanian eta Belgikan egiten baita. Lanketa sakonagoa eta sentikorragoa dela iruditzen zait.

Europara begira egon zinen arren, zergatik amaitu zenuen berriro Euskal Herrian?

Bi arrazoi nagusi daude: lehena da bizitzak berak ekarri ninduela ikasketak amaitzean Burgostik [Espainia] Algortara bueltan. Gainera, Gizarteratzea ikasten ari nintzen orduan, eta kontserbatorioa ere garai berean amaitu nuen. Praktikak non egin bilatzen hasi nintzen, eta Haszten topatu nuen. Kirol egokitu inklusiboa egiteko elkarte bat da. Biak uztartu nahi nituzke epe motzera.

Bigarren arrazoia zein da?

Konturatu naiz ezin naizela aritu Euskal Herrian dauden baldintza eta aukera urriak kritikatzen batere eragin gabe. Ni ere banaiz ekosistema honen parte eta alea jarri nahi nuke.

Zer-nolakoa da egoera?

Prekaritate handia dago, eta aukera gutxi. Hemen, asko jota, konpainiek lauzpabost kide dituzte. Hori pentsaezina da Europako zenbait herritan. Gainera, uste dut hemen ez dela behar bezala bultzatzen kultura. Beste herrialde batzuetan, ohitura handiagoa dago arte eszenikoak kontsumitzeko.

 

 

Gorputzak mugimenduan ikertu nahi zenituzke. Baduzu arrazoirik?

Duela hilabete lesio bat izan nuen, eta eragin handia izan zuen nigan. Lan egiteko era aldatu behar izan nuen, eta nire gorputza eta taldekideena beste modu batean ikustea eragin zidan horrek. Dantzari buruz nuen kontzeptua aldatu zitzaidan.

Horregatik sortu duzu Enbata?

Duela urtebete jarri nuen martxan. Hasieran, niretzat izango zen, nik luzatzeko. Nik erabiltzeko. Baina gero konturatu nintzen balio zezakeela dantzaren inguruko nire ikuspuntua jendeari hurbiltzeko.

Nola?

Esperimentu bat da nire karreran. Enbatan, haur, gazte eta helduentzako eskaintza izango da. Haurrentzat, mugimendu adierazpena lantzeko eskolak eman nahi nituzke, jolasen bitartez eta era didaktiko batean. Balleta ere emango dut. Helduentzat, berriz, luzaketa eskolak egingo ditut, eta dantza garaikidekoak.

Hori erabiliko duzu ikertzeko?

Eskolak ez dira izango nik pauta bat eman eta hori betetzea. Askotariko jendea nahi dut, uste baitut taldea zenbat eta heterogeneoagoa izan hobe izango dela emaitza. Jasoko dudan erantzuna iruditzen zait gakoa, datozenen feedbacka jasotzea. Adibidez, saio batean denbora landu eta gero, haien sentipenak eta sentsazioak jasotzea. Izan dezadan nondik heldu. Zirkuitu bat sortzea da, finean; irakatsiz ikasteko beta emango dit.

Zer jarrera dute haurrek dantzaren harira, estereotipo asko dago?

Askotan, kanta bat eskatzen didate, eta horren Tiktokeko koreografia dantzatzen ikusten ditut. Min handia egin dio horrek dantzari, nire ustez. Dantzak lanketa integrala behar du. Dena den, gizartearen isla da: iruditeria desegokia dago dantzarien inguruan, oso sexista.

Pertsonak ikertzetik eszenan ezer sortzera ez dago alde handia?

Ez dut pentsatu eszenan koreografo moduan, dantzari moduan baizik. Hori errazagoa da. Materiala jaso eta interpretatzea errazagoa zait.

Sumatu duzu bertigorik oholtzan?

Bai, hasiera-hasieran bereziki. Baina uste dut dantzatu aurretik ez badago beldurrik zerbait ez dabilela ondo. Beti egongo gara urduri, zer gertatuko ote den.

Dokumentuaren akzioak