Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Eva Guerrero: «Gorputza Nire Lan-Tresna Da, Baina Pertsonekin Harremanetan Jartzeko Baliatzen Dudan Bidea Ere Bada»

Dokumentuaren akzioak

Eva Guerrero: «Gorputza Nire Lan-Tresna Da, Baina Pertsonekin Harremanetan Jartzeko Baliatzen Dudan Bidea Ere Bada»

Komunikabidea
KulturKlik
Mota
Elkarrizketa
Data
2026/02/18
Lotura
KulturKlik
2025eko azaroan, Eva Guerrero dantza konpainiak Hasta el último baile estreinatu zuen gorputzaren bidez denboraren joanaz hitz egiten duen lana. Evarekin, errepasatu dugu zer ibilbide egin duen dantzaren esparruan sortzaile, zuzendari eta pedagogo gisa, eta hitz egin dugu, besteak beste, bere sorkuntza berriaz, dantza garaikideak egun bizi duen egoeraz eta Doos Kolektiboaz (Jemima Canorekin partekatzen duen proiektua).

Nola iritsi zinen dantzara? Zer da dantza zuretzat?

Ni 18 urterekin hasi nintzen antzerkia ikasten, pentsatuz aktore izan nahi nuela. Garai hartan, ez nekien zer zen dantza garaikidea: ez nuen ideiarik ere. Ez ninduten inoiz eraman ezer ikustera, eta, inguruan, ez nuen dantza egiten zuen inor, baina, BAIko (Bizkaiko Antzerki Eskola) 1. mailan, beste ikasgai batzuen artean, dantza garaikidea genuen, eta zur eta lur utzi ninduen! Barnean, zerbait eragiten zidan; ez dakit, barne-konexioak sentitzen nituen... maitemindu egin ninduen. Urte asko igaro dira ordutik, eta hitz gehiagorekin azaldu dezaket, edo hobeto azaldu diezaioket inoiz dantzatu ez duen jendeari, baina uste dut gorputza eta adierazpena unibertsalak direla, eta mugimenduarekin emozioak bideratzen ditut, hobeto sentitzen naiz neure buruarekin, ingurunearekin; beste modu bat da neure buruarekin harremanetan izateko, baina baita gainerako pertsonekin ere. Gauza asko sartzen dira jokoan, kirolean adibidez aurkitzen ez ditugunak: adierazpena, emozioa, sormena, harremanak, kontaktua, irudimenerako tartea, hitzik jarri behar ez izatea... Gaur egun, ez dut bizitza irudikatzen dantzarik gabe, dantzak egon behar du, modu batera edo bestera.


Bi hamarkadako ibilbidea beteta, Eva Guerrero Dantza Konpainiak Hasta el último baile estreinatu zuen iazko azaroan. Zein da proposamen eszeniko horren jatorria? Zer du mintzagai? Zer tonu darabil? Zer erabili duzu eraikitzeko?

Duela pare bat urte, dantza- eta osasun-proiektu bati esker, 65 urtetik gorako pertsona-talde batekin aritu nintzen lanean, eta 9 dantza-saio eman nizkien, baina, eman aurretik, osasun-neurketak egin zitzaizkien, eta, saioak amaitzean, gauza bera egin zen. Horrela, ikusi zen ezen, lanari esker, dantzak beren osasunean onura ekarri ziela; horrela, labur-labur esateko. Haiekin lan egiteak, saioetan kontatzen zizkidaten gauzek, haiek ikusteak eta entzuteak pentsarazi zidaten belaunaldi horretaz, zahartzaroaz, gorputzen bilakaeraz, bakardadeaz.

Hori izan zen proiektuaren lehen harritxoa. Hasta el último baile dantza garaikideko lan bat da, zuzeneko musikaz eta testuz lagunduta, jada nire sorkuntzen bereizgarri dena. Haietan, hitz egiten dugu denboraren joanaz, galeraz eta haiek gorputzean islatzeko moduez, absentziez eta oroitzapenez. Eszenan jartzeko poetikoa du, iragan garai batera garamatzan eszenografia- eta attrezzo-elementuekin, objektu klasiko batzuekin, hala nola berokiak, maletak eta aulkiak. Niri gustatzen zait esatea tragikomedia bat dela. Izan ere, gauza batzuek irria askatzen dizute, eta beste batzuek, berriz, hunkitu egiten zaituzte; nolabait, bizitza bezala, ezta? Emakumeen ahotsen zatiak ere partekatzen ditugu. Haiek elkarrizketatu genituen, eta galdetu genien zahartzaroaz eta denboraren joanaz, eta haiek nola ikusten duten hori, nork bere gorputzetik. Alderdi hunkigarriak ditu.

Dantza nahiko adierazkorra da, eta oraingo honetan testua nahiko narratiboa da. Musikaren barruan, bi ahotsez gain, pianoa eta gitarra ere erabiltzen ditugu.


Gorpuztasunak indarra hartzen du berriro proposamen berri honetan, adin nagusikoen gorputza erdigunera eraman baita. Hori konstante bat da konpainiaren lan guztietan. Adibidez, Tierra de nadie lanean, planteatzen zen zer espazio dagoen gorputz baten eta bestearen artean, eta Entre cuerpos lanean , gorputza presente dago izenburuan bertan. Zuretzat, zergatik da hain garrantzitsua ikertzea gorputzaz -eta hura erabiltzeko moduaz-?

Gorputza zerbait unibertsala da, pertsona guztiok dugun zerbait, eta esan dezagun oso interesatzen zaidala hura arakatzea norberak dakarren gorputzetik; oso ederra iruditzen zait aukeraz betetako alderditzat ikustea. Dantza akademikoan, badirudi ezen, hanka leku bateraino altxatzen ez baduzu, edo malgutasun jakin bat ez baduzu edo "teknika" hainbat urtez landu ez baduzu, ez zarela dantzaria... eta uste dut hori dela gorputza, dantza edota mugimendua... ulertzeko modu bakarra. Nik uste dut pertsona guztiek dantzatu dezaketela, eta uste dut modu asko daudela mugimendua ulertzeko. Nik neurea daukat, eta hori sakontzen dut, galderak egiten dizkion nire buruari, ikertzen dut, probak egiten ditut... Ez da zerbait egonkorra ezen, balio beza errepikapenak, mugimendu etengabean dagoena, gorputza etengabe ari delako mugitzen.

Artista, pedagogo eta beste pertsona batzuekin harremanetan ari den pertsona modura, burua beterik daukat gorputzari eta mugimenduari buruzko galderekin. Niretzat, gorputza neure lantresna da, baina, aldi berean, bitartekoa ere bada pertsonekin harremanetan izateko, eta, oro har, ikusten dut gorputzarekiko deskonexio handia dagoela; adibidez, osasunaren ikuspegitik ere, erantzukizun gutxi, eta ezjakintasun handia ere bai, ez baitigute irakasten gorputza ezagutzen, ulertzen, errespetatzen, haren alboan egoten... eta, nire ustez, "gorputzean zenbat eta gehiago egon", orduan eta hobeto erlazionatzen garela gurekin eta gure ingurunearekin, izaki sentiberagoak pertzeptiboagokoak gara, eta uste dut horrek, besteak beste, pertsona hobeak bihurtzen gaituela.


Gorputzaz ari garela, ez dago zalantzarik dantzak osasunerako dituen onura ugariez, ezta?

Bai horixe!!! Lehen esan dudan bezala, EUNEIZekin batera egin genuen proiektuari esker, neurketa batzuk egin ondoren, egiaztatu genuen nola, dantza garaikideko ordu eta erdiko 9 saioren ondoren, ageriko onura bat egon a zela.

Dagoeneko, ikerketa askok berresten dute hori; neurozientzian ere aski aipatzen da hori.

Nik urte asko daramatzat eskolak ematen, eta pertsonen aurpegiak ikusten ditut: nola sartzen diren eta nola irteten diren eskolatik, zer kontatzen dizuten –eskolara etortzen direnean gutxiago joaten direla fisiora edo osteopatara, gorputzean min gutxiago dutela...–, baina jada ez soilik ikuspegi fisiko batetik, baizik eta emozioen eta harremanen ikuspegitik ere bai, zentzumenen eta pertzepzioaren ikuspegitik. Dantzak gauza asko ematen ditu norberarentzat beharrezkoak direnak , nor bere buruarekin hobeto egoteko eta emozioak hobeto bideratzeko. Nire ustez, kirola egitea baino askoz ere konpletoagoa da; izan ere, dantzan, alde sortzailea ere hor dago, pertsonekin hartu-emanak daude...


Hasta el último baile lanean, bitartekaritza-lan handia egin duzue sorkuntza artistikoko lanari, eta, heldu aurretik, profil desberdinetako pertsona nagusiak elkarrizketatu dituzue. Zer neurritan aberastu du horrek azken emaitza? Pentsatu al duzue elkarrizketa horiek aldatzen joatea?

Biran aurrera egin ahala, elkarrizketak eguneratu egingoko dira; horrela, harremanetan jarriko gara goazen udalerrietako pertsonekin.

Elkarrizketak oso aberasgarriak dira, zeren, sortze-prozesuan, baliagarri izan zaizkigu ideiak, sentsibilitatea... emateko. Txundigarria da zer kontatzen dizun jendeak, zenbat irekitzen diren; hori opari bat da. Eta nahiz eta, taula gainean, azkenean, alderatuz nahiko gutxi entzuten den, zoragarria da pertsonak entzutea hitz egiten beren ikuspegiei, sentsazioei eta bizipenei buruz.


Hasta el último baile lanak Arriaga Antzokian hasi zuen ibilbidea. Zer moduz joan zen? Saioei dagokienez, nola dago egutegia?

Esan dezakegu estreinaldia oso arrakastatsua izan zela euskal dantzaren ikuspegitik eta publikoaren asistentziaren ikuspegitik; izan ere, besaulki-barla guztiz bete zen, eta hori sekulako arrakasta da, kontuan hartzen badugu Euskadiko konpainia bat garela eta osteguna zela.

Hurrengoa otsailean izan da, Errenterian. Bertan estreinatuko dugu euskarazko bertsioa.

Kontuan izanik zer gutxi erakusten den dantza garaikidea antzokietan, kasu honetan Euskadiko antzoki publikoetan, , eta urtean batez beste emanaldi gutxi ditugula, lan honekin ez gaude kexatzeko moduan; izan ere, azaroan Arriagan estreinatu genuenean, jadanik zazpi emanaldi genituen hitzartuta. Oraintxe bertan, zortzi emanaldi ditugu aurretik 2026an, eta hori oso gutxi da, baina panorama tamalgarria da oso. Badirudi artistok kexatu baino ez garela egiten; hori leporatzen digute, baina dantza garaikidea, gaur egun, erabateko gainbeheran bizi da. Ni ez naiz bizi emanaldiak egitetik , eta onartzen dut inoiz ez naizela biziko dantza-emanaldietatik. Hilaren amaierara iristeko, dantza garaikidearekin lotutako hainbat jarduera egiten ditut, eta berriro diot, nire kasuan, egitura txiki bat daukadalako, gauza asko egiten dituena ikuskizun profesionalak sortu eta ekoizteaz haratago.


Zure ustez, dantza nahikoa programatzen da? Programatzen diren funtzio kopuruari dagokionez, alde esanguratsua dago baldin eta ikuskizuna aretoan edo kalean egiteko bada? Aldez aurretik, jendea nahikoa prest dago dantza ikusteko?

Ez, inola ere ez. Oraintxe bertan, ez dakit zehatz-mehatz zein diren zenbakiak, baina, gutxi gorabeherako kalkulua eginez, Euskadiko antzokien sarea 50 bat antzokik (edo baten bat gehiago) osatzen dute, eta ausartuko naiz esatera agian % 50-60k programatzen duela dantza, gainerakoek ez.

% 50-60 horretatik, antzoki gehienek urtean hiru ikuskizun baino ez dituzte programatzen, oro har, gutxi gorabehera, urritik maiatzera. Oro har esaten ari naiz; gero, kasuz kasu aztertu beharko litzateke.

Kaleko dantza udan programatzen da. Hala, zirkua edo kaleko antzerkia, adibidez, herrietako jaietako programazioan sartzen dira. Hori ez da hainbeste gertatzen dantza garaikidearekin... Tradizionalak beste bide batzuk ditu. Kaleko dantza, batez ere, jaialdien barruan programatzen da. Eta ez da hainbeste programatzen.

Jendea aurretik prest dago; berez, jendeak, oro har, ez du dantzarik ikusten, eta, ikusten duenean, txundituta geratzen da. Noski, egongo da gogoko ez duenik, antzerkia, opera edo arraina gogoko ez duen jendea dagoen bezalaxe. Egia da ezen, batzuetan, jendeak ez diola bigarren aukerarik ematen... zeren zenbat film ikusten dituzu gustatzen ez zaizkizunak? Baina, hala eta guztiz ere, filmak ikusten segitzen duzu. Zenbat sexu petral izan ahal izan duzu bizitzan? Baina, horregatik, sexua izaten segitzen duzu, ezta? Baina, dantzarekin, zenbaitetan, zorrotz jokatzen da: gustatu ez zitzaidan ikuskizun bat ikusi nuen, eta uste dut ez zaidala dantza gustatzen. Ikuskizun bakar batengatik, ez da arte oso bat epaitu behar, ezta?

Niri jende asko etortzen zait saio baten ondoren, eta gauza asko esaten dizkidate, izan duten esperientziaz, eszenan ikusi duten adierazkortasunaz, eragin dietenaz... Eta ez niri bakarrik. Dantza, gorputza... unibertsala da. Jendeak konektatu egiten du. Batzuetan, esaten dizute: "Ez dakit zer ikusi dudan ere, baina gustatu egin zait. Ez dakit zer esan nahi zidan, baina zerbait eragin dit hemen barruan... ".


2012an, Jemima Canorekin batera. DOOS Colectivo sortu zenuen. Zer da, zehazki? Zeintzuk dira kolektibo gisa egiten duzuen lanaren gakoak? Nola ulertzen duzue dantza?

DOOS sortu zen dantza-ikuskizunak ekoizteko —hori baitzen elkar ezagutu genuenean nik egiten nuena— baina baita dantza kutxa beltzetik ateratzeko eta beste testuinguru, leku eta ikuspegi batzuetara eramateko ere. Berez, DOOS da Dance Out Of the Scene-ren akronimoa (Jemimak oso gogoko ditu akronimoak).

Dantza oso modu zabalean ulertzen dugu, ez soilik ikuskizunak egiteko, baizik eta haietara iristeko modu gisa, ikertzeko modu gisa; pertsonengana, jendartera iristeko modu gisa, ikus-entzuleen gogobetetasun-maila neurtzeko modu gisa, jakiteko zeharkako zer modu erabili behar dugun dantza jendarte horretara iristeko; jakiteko nola konektatu sektore profesionala Estatuko edo nazioarteko testuinguruekin, nola parte hartu foroetan, elkarte sektorialetan... Gainera, Punto de Fuga kudeatzen dugu, non pentsatzen baitugu nola erabili dantza beste era batzuetara, ez soilik prestakuntza-eskaintza gisa, baizik eta elkarrizketak eta testuinguruak ezartzeko...

DOOSen, oso lan zabala da egiten dugu. Jemimari esker, haren izaerari esker eta dantza ulertzeko duen moduari esker, hainbat antzokirekin kolaboratzen dugu jendartearen gaiari heltzeko; berak erakundeentzat lan egiten du, hainbat proiektu eginez, idazkaritza teknikoko lanetan arituz... Punto de Fuga kudeatzen dugu; eskolak ematen ditugu; ikuskizunak ekoizten ditugu; ikertu egiten dugu... Argitaratu ere egin dugu. Gauza asko eta asko egiten ditugu.

Hitz egiguzu zertxobait gehiago Punto de Fuga espazioaz. Zer eskaintzen du?

Punto de Fuga espazio bat da, bideratuta dagoena batez ere gorputzaren eta mugimenduaren praktiketara. 2003an ekin genion, eta nik 10 bat urte egingo ditut gidaritzan, gutxi gorabehera.

Alde batetik, asteroko eskolak daude: dantza garaikidea, Tai chia, dantza afrikarra eta yoga. Bestalde, urtean zehar, pare bat arte-egoitza eskaintzen dira; haietara, 600 € bideratzen dira, espazioa 7-14 egunez erabiltzeko aukerarekin, eta, artistak hala eskatuz gero, akonpainamendu eta guzti.

Gainera, urtean zehar, jarduera batzuk antolatzen ditugu: ikastaroak, topaketak... Beti gorputza eta mugimendua ardatz nagusitzat hartuta, baina ez dira nahitaez dantza-eskolak izaten; hau da, dantza-kritikako ikastaroak ere antolatu ditugu, kultur autogestiokoak, banaketakoak, eta abar.

Ildo editoriala ere badugu, eta dagoeneko bost liburu argitaratu ditugu: prozesu sortzaileetako argitalpenak, eta gure argitalpen izarra barne: 10 mujeres que pusieron a bailar al mundo.


Ziur hau ez dela Eva Guerreroren "azken dantza" izango. Etorkizunean, zer erronka berriri egin nahi zenieke aurre?

Ez pentsa, batzuetan pentsatzen dut agian azken dantza bat egon badagoela; izan ere, esaten ari natzaizuen eran, oso bide zaila da, oso nekagarria, eta, zahartu ahala, zure buruari galdetzen diozu: "Hau guztia betiko jasaten jarraituko dut? Etengabeko ziurgabetasun honetan? Joko politikoak eta dirulaguntzek baldintzatutako garai hauetan? Prekarietate hau? Emanaldi eskasia hori? Konpainia gisa etengabe hartzen ari garen arrisku ekonomiko hori? Merezi dit?" Balantza batean jartzen baduzu, ez dakit, bada... Oso esanguratsua da Bizkaian gero eta konpainia profesional gutxiago garela, adibidez. Nik baino urte gehiago daramaten sortzaileek, pixkanaka, norabidea aldatu dute, ekoizteari utziz, eta ez nau harritzen... jasanezina da.

Baldintza ezin hobeak dituzten proiektuetan murgildu nahi nuke, beste edozein lanbidetan bezala. Edo antzoki batek deitzea berezko ekoizpena egin dezadan, antzerkian gertatzen den bezala, edo konpainia batek idatz diezadala, zuzendu ditzadan, edo eskola batek lan-denboraldi bat eskaintzea koreografo gonbidatu gisa... eta, behin eskatzen hasita, ordaindutako oporrak, aparteko ordainsariak, baja duinak, Gabonetako saskia.

Dokumentuaren akzioak