Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Eusko Jaurlaritzak bertan behera utzi ditu jaialdietarako laguntzak

Dokumentuaren akzioak

Eusko Jaurlaritzak bertan behera utzi ditu jaialdietarako laguntzak

Urtebetekoa izango da etena, Kultura Sailak dioenez, baina, jaialdiei abisurik pasatu ez dietenez, dena antolatua dutela jaso dute albistea hainbat antolatzailek, eta kolokan ikusten dute aurrera egitea

Egilea
Iñigo Astiz
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2016/06/28
Lotura
Berria

Jaialdientzako diru laguntza deialdia bertan behera utzi du Eusko Jaurlaritzak, baina, erabakia hartzean abisurik eman ez zuenez, jaialdi askok orain jakin dute laguntza jasotzeko aukerarik gabe geratu direla. Kolokan jarri ditu horrek hainbat ekitaldi ertain eta txiki. Zeharka edo errebotez garaiz jakin duten jaialdiak nolabait moldatu dira dirua lortzeko, beste deialdi batzuen bidez edo hitzarmen zuzenen bidez, baina beste askok behin jaialdia bukatu ostean jakin dute ezingo dutela laguntzarik eskatu. Kultura Sailak dioenez, urtebetekoa baino ez da etena, eta deialdia hobeki antolatuta bueltatuko da hurrengo urteetan. Haserre eta kezkatuta daude antolatzaileak, erabakiak kolokan jarri dituelako hainbat ekitaldi ertain eta txiki.

Berez, aurrekontuak onartzean hartu zuten diru saila bertan behera uzteko erabakia, eta aldizkari ofizialean jada ez zen diru sail hori ageri, baina, horrez gain, ez dute bestelako abisurik eman. «Damua» aitortu du horregatik Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu ordeak. Dioenez, laguntza deialdia irekia izateak ekarri du komunikazio arazoa; izan ere, eskariak jaso arte ezin da aurreikusi nor aurkeztuko den, eta, beraz, ezin baita aurreikusi laguntza bertan behera uzteak nori egin diezaiokeen kalte. Ez zegoen zertan abisurik eman, baina aipatu du damua. «Zenbait pertsona sustoa hartuta eta minduta egon daitezke. Jendeak deitu ahala eta bestelako bileretan gaia atera ahala, askorekin hitz egin dugu, baina ez guztiekin. Deialdi ireki bat da, eta horrek esan nahi du onuradunik ez dagoela aldez aurretik, eta ezin genuela batzuengana joan, eta ez besteengana. Baina egia da ez dudala asmatu nola egin».

Urtebetekoa bakarrik izango da etena, Muñozek azaldu duenez: deialdia egiteko modua aztertu nahi dute aurten, eta era ordenatuagoan antolatu hurrengo urteetarako; orain arteko deialdian, alor, zabalpen eta mota guztietako jaialdiek izan baitute eskaria egiteko aukera, berdin erakunde publikoek zein elkarte pribatuek, eta hori guztia ordenatu nahi luke Eusko Jaurlaritzak. «Ikusten genuen anabasa bat sortzen ari zitzaigula», azaldu du Muñozek. «Txukun antolatu nahi genuen deialdia, baina, aurrekontuak ikusirik, ohartu ginen ezinezkoa izango zitzaigula deialdia mantendu eta aldi berean hura ordenatzea». Alorrez alor antolatu nahi lukete etorkizuneko deialdia, azaldu duenez, eta lurraldetasuna orekatzea ere badarabilte buruan. Autofinantzaketa maila altuak ere saritu nahi dituzte, eta euskararen erabilera lehenetsi. Etorkizunean zenbait eragilerekin bi-hiru urteko hitzarmenak sinatzeko asmoa ere badute, baina, oraingoz, deialdirik ez da egingo aurten.

25. urteurrena jarri dio zalantzan Jaurlaritzaren erabakiak Bilbaina Jazz Club elkarteari. Prest du urtebeterako kontzertu programa, baina Gorka Reino programatzaileak ez daki laguntzarik gabe urtea bukatu ahalko duten ere. «Amildegiaren ertzean geunden, eta oso egoera larrian gelditu gara», dio. «Musika Bulegoko bilkura batean eman ziguten albistearen berri Eusko Jaurlaritzako ordezkariek orain egun batzuk. Harrituta gelditu ginen han geunden guztiok: urte pila zeramatzan diru laguntza bat pikutara bidali dute inorekin hitz egin gabe eta inori kontsultatu gabe. Eta, ezer jakin gabe, sei hilabete daramatzagu ja kontzertuak antolatzen, sei hilabete!».

Soluzio partikularrak

Aurten murrizketari murrizketa gehitu zaiola dio Reinok, eta etsita mintzo da horregatik. «Hau amaitzen ari da». Oso kritikoa da, gainera, diru publikoz bultzatzen diren jaialdi handien ereduarekin. «Kultura egiten ari direnak babestu beharrean, sare guztia suntsitzen ari dira, eta, bitartean, herrian ezer uzten ez duten jaialditzar publiko artifizialak antolatzen. Danimarka eta ongi funtzionatzen duten Europako beste herrialdeetan egiten denaren kontrakoa, alegia».

Kulturaren Euskal Kontseiluko kide da Oier Araolaza Ezpalak dantza jaialdiko antolatzailea, eta, beraz, badu harremanik Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarekin; kazetari ere aritzen da, gainera, eta, beraz, erreparatzen die kultur politiken inguruko albisteei, eta, halere, Facebook bidez izan zuen Eusko Jaurlaritzaren erabakiaren berri. «Dantza Hirian jaialdiko zuzendariaren ohar bat irakurri nuen, deitu nion Jaurlaritzako kultur teknikariari, eta baietz esan zidan, kendu egin zituztela laguntzak». Orain hilabete egin zuten Ezpalak dantza jaialdia Iruñean eta Eibarren (Gipuzkoa), eta jaialdia egin ostean jakin du laguntza eskaerarik ere ezingo duela egin. 27.000 euro ingurukoa da jaialdiaren aurrekontu osoa, eta 2.000 edo 3.000 euroren bueltakoa izan da orain arte jaso izan duten laguntza. «Ez gaude laguntza horren menpe, baina ez dauzkagu 3.000 euro», azaldu du. «Jaialdi handiek badituzte hitzarmen zuzenak Jaurlaritzarekin, baina gurearen moduko jaialdi ertain eta txikiek, ez. Eta hori da hainbestetan aipatzen den kultur sarea: portzentaje batean erabat amateurra, eta lan eta esfortzu handi baina aurrekontu txikikoa».

Errebotez jakin zuten Eusko Jaurlaritzaren erabakia Asparrenako Udalean ere (Araba). «Gure kultur teknikariari Arabako Foru Aldundiko teknikari batek eman zion abisua». Eusko Jaurlaritzako kultura teknikariei deitu, eta haiek, baietz, egia zela. 10.396 euro jaso zituzten iazko deialdian, eta, Txelo Auzmendi alkateak azaldu duenez, antzeko kopurua espero zuten aurten ere. Baina ez, eta kolokan utzi zuen horrek Araia-Asparrenako Umore Antzerki Jaialdiaren 23. aldia. «Aho bete hortz gelditu ginen», dio. «Udal txiki bat gara, eta, laguntza horiek gabe, ezinezkoa da jaialdiarekin aurrera segitzea».

Arriskua ikusirik, aurtengo aldiari buruz hitz egiteko eta etorkizunerako konponbide bat bilatzeko eskaria egin zion udalak Jaurlaritzari, eta diru kopuru paretsukoa jasotzea lortu dute azkenean. «Pozik gaude salbatu dugulako aurtengoa, eta eskertzekoa da hori, baina maiatza urduri pasatu dugu, eta beldurra dugu etorkizunera begira».

Ezpalak jaialdia egin ostean jakin dute antolatzaileek laguntzak bertan behera gelditu direla.
Ezpalak jaialdia egin ostean jakin dute antolatzaileek laguntzak bertan behera gelditu direla. EIBARKO KLUB DEPORTIBOA

Dokumentuaren akzioak