Nahiz eta igandean, azken agurren denbora hartzeko balitz bezala, Asteasura joanen diren, joan den igandeak zuen aurtengo maskaraden azkenaren itxura handiena, Zuberoan gaindi egin duten ibilbidea Ürrüstoi-Larrabilen bukatu baitzen. Igandez igande, Pettarra izena hartu duen maskaradak bospasei herrietako adin anitzetako gazteak bildu zituen.
“Hasieran ari ginen sobera maskarada izanen zirela. Orain ari gara sobera guti dela; triste gaude jadanik urrentzen delako” zioen Ximun Uthurraltek, Onizepean bizi den amikuztarrak. Uthurralt bezala beltzen taldean zirenak, dantzari ala xorrotxak, denak iritzi berekoak ziren.
Aurreiritzien gainetik
Inguruko herrientzat, ez da beti egia, baina Ezpeizek, Onizepeak edo Bildozek ez dute batere euskarari eta euskal kulturari atxikiak diren herrien fama, Larrainek edo Muskildik ukan dezaketen bezala. “Herri batzuetan entzun ditugu aurreiritziak Pettarreko gazteetaz”, aitortu du jokoan Pitxuren alaba Mailis Arhantzetek; baina motibazio iturri gisa harturik: “Justuki behar genuen erakutsi guk ere Pettarrean euskara badakigula”.
Buhame jaunak, Ximun Dagerrek, aitortu du fama horren zergatia: “Pettarrean ez da Basabürüan bezainbeste euskaldun”, eta hasieran maskaradak eragin zuen harridura gogoan du: “Jendeak amiñi bat harrituak ziren, ez zekitelako euskaldunik bazenik ere hemen”.
Batzuek ibilbideak ideiak aldatu dituen esperantzetan gelditu dira, hala nola Laida Camus Khestu eta buhamina: “Esperantza dut espirituak markatu ditugula eta [fama] hori aldatuko dela oraindik goiti”. Beste batzuek, aldiz, irabazitzat jotzen dute: “Erakutsi dugu hemen ere euskaldunak badirela, euskara ontsa ematen dugula eta dantzari onak baditugula” dio Pitxuk, Allande Uthurraltek.
2008an, Ezpeizen eman zen Xiberoko Jauna pastorala. Aurtengo maskarada herri beretik abiatzea bezala, ez zen ohikoa, azken urteetan, eskualde horretan pastorala antolatzea ere. Hortik aitzina, bospasei herri elkartzen dituen dinamika aitzina joan da, euskal kulturari dioten atxikimendua lokarritzat harturik. Dantza eskolaren sorrera, Aitzina Mintza ikuskizuna 2013an, maskarada aurten, eta pastorala berri bat iragarri dute 2020 urterako. Bide horretan, eskola publikoa elebidunera ere pasarazi zuten.
Mailis Arhantzet kauterak euskal giroa bilatzen zuen, besteak beste, maskaradetan parte hartzea deliberatu zuelarik: “Maskaradak egin ditut lagunekin izateko, profitatzeko eta euskara biziarazteko. Egia da hemen gazte anitzek ez dutela euskara konprenitzen, eta hor gure artean euskaraz ari gara”.
Maskaradak euskarazko giroari lekua egin dio aurten ere. “Ikastolari esker”, azpimarratzen du Laida Camusek, “ikastolako ikasle ohi anitz baikara”. Haien ingurukoengan giro horrek ukan dezakeen eragina, berriz, ez du hain argi: “Ez dakit ikasteko eta mintzatzeko xede haboro piztuko ote duen; esperantza dut baietz, baina ez dakit”.
Talde giroan, laket
Antolatzaileek berek onartzen dute hasieran herri zonbaitetako gazteak juntatzea “pario” bat zela —ikus 5. orrialdeko elkarrizketa—. Saltsak hartu behar baitzuen, baina, lekukotasunen arabera, hala gertatu da. “Bistaz edo elkar ezagutzen genuen. Baina egia da aisa izan dela, elkartzen ginelarik, beti giro goxoa izan baita. Denbora anitz iragan dugu elkarrekin; bitxi izanen da besteak ez hainbeste ikustea” dio Arantxa Couchinave txerreroak.
“Bortxatuak izan gara herri anitzekin egitera”, dio Allande Dagerre buhameak; euskaldunak ez zirelako aski herri bakarrean, gehituz, haren ustez “Zuberoan hala eginen dela oraindik aitzina”. Hasierako zailtasunak gainditzeko sekretua ere salatu du: talde giroa kausitzea: “Hasi ginen bilkura ttipi batzuk egiten, aperitifa ttipi batzuk eta besta ttipi batzuk egin ditugu elkarrekin. Hori egin, eta loturak azkartu dira”. Laida Camusek taldearen ibilbidea laburtzen du: “Hatsarrean, izigarri gaitz izan da, nehork ez baitzuen pentsatzen posible zela talde baten muntatzea. Emaitza, uste dugu izugarri ederra dela”.
Taldearen gerizpean, igande oroz herrietan ibili dira gazteak. Garai batean, auzo herrietako gazteak ezagutzera joatea omen zen maskaraden lehen funtzioa. Gaur egun, gazte orok bere ibilgailua ukanik ere, mugitzea aisago izanik ere, maskaradek funtzio hori atxiki dutela diote aurtengo protagonistek. “Egia da Zuberoa ez dela izugarri handi, eta ez nuela dena ontsa ezagutzen batere. Itzulia egin dugu, eta ontsa izan da” dio Arantxa Couchinavek.
Allande Dagerrek, bereziki, herritarren batzarria goraipatzen du: “Herriak ezagutzen nituen, baina, jendeen etxeetan jan dugularik, nik izugarri maitatu dut haiekin mintzatzea”. Pitxuk ere berdin: “Herri orotan batzarri izigarri ona ukan dugu”. Azken herria Zuberoatik kanpokoa izanen da, Asteasura baitoaz igandean.