Dokumentuaren akzioak
"Euskarak erabat estekaturik nauka eta pastorala ene pasioa da"
Gerardo Mungia, Pastoral egilea
Zergatik esaten dizute “Pintxe”?
Nafarroako autobidearen obretan hasi nintzen lanean gaztetxo nintzela, artean peoia izateko adina ere ez nuela. Hori dela eta paratu zidaten “Pintxe” izena.
Gaztetatik lanean, beraz?
Bai. 14 urterekin hasi nintzen arropa biltegi ezagun batean: “Numancia, la casa de la elegancia”. Gero, besteak beste, Burundesako autobusetan kobratzaile aritu nintzen, eraikuntzan hasi arte. Gerora ere bertze gauza aunitz egin izan ditut, ardo ekologikoa, esate baterako.
Zerk bultzatu zintuen euskara ikastera?
Ene gazte denboran euskara beti izan zen hor modu batez edo bestez, gure etxeko fundazioan ez izan arren. Aitatxi eta amatxi iruindarrak ziren, eta haiek bai euskaldunak zirela, baina aitatxi ez nuen kasik ezagutzeko astirik izan. Gainera, etxean gauza askoz ez zen hitz egiten, besteak beste euskarari buruz. Aitatxi eta amatxi koadernatzaileak ziren, Arantzadi enpresa ezagunean egiten zuten lan, eta horregatik gure etxean beti liburu asko izan ditugu eskura. Txikitatik oso gogoko izan dut irakurtzea. Enetako bi idazle oso garrantzitsuak izan dira: Sarrionandia eta Itxaro Borda. Haien zale amorratua naiz eta beraiekin izugarri ikasi dut. Hizkuntza nola maneiatzen duten xoratzen nau. Haiek euskararen ikasteko esperantza eman zidaten.
Gazte garaian mendira maiz joaten nintzen, gure belaunaldiko asko bezala, eta hor barrena ibilki zarelarik ohartzen zara mendi, ibar eta herri askoren izenak euskarazkoak direla. Iruñean ere berdin. Euskara beti hurbil izan dut.
Bestalde, trantsizio garaian Euskal Herri euskalduna eraikitzeko proiektuak indar handia zuen. Herri Batasuneko militantea izan naiz, Amnistiaren Aldeko Batzordeko kidea eta LABeko afiliatua naiz. Politikak markatu gintuen eta ni horregatik pozten naiz, gure belaunaldiko askotxok ideia politikoengatik atxiloaldiak ezagutu ditugun arren. Nik garbi daukat langilea naizela. Langiletasun hori da ni identifikatzen nauena.
Euskaltegian eta Pirinioetako unibertsitatean ikasi duzula entzun dizut noizbait…
Bai. HABEn hasi nintzen ikasten, Hondarribiko barnetegi batean. Han eman nituen lau edo bost hilabete haietan oinarri sendoa finkatzea lortu nuen. Gero Iruñean Hizkuntza Eskolan izan nintzen urte bat Mikel Tabernarekin eta sekulakoa ikasi nuen. Batzuk eta besteak, garai hartako irakasleak benetako euskararen aldeko militanteak ziren, ene iduriz. Haiek ematen ziguten ilusio hura atxiki nuen nik.
Gerora lanean aunitzetan egokitu zait Lapurdi aldera, Sakana, Baztan, Nafarroa Beherea, Zuberoara joatea… Pirinioetako bi aldeetan ikasi dut dakidan euskara. Lana bukatu ondoren koadernoa hartu eta egun berean entzun edo ikasitakoa apuntatzen nuen. Iruñean guti mintzatzen naiz ene lagunek ez dakitelako. Euskaltzaleak dira, baina ez dute ikasi. Inguru hurbilean norekin euskaraz hitz egin ez izateak beste aukerak atxikitzera behartu nau.
Nolatan izan zinen rock manager?
Rock and rolla, kanta tradizionala eta bertsoak izan ditut beti gustuko. 80ko hamarkadan Rock Radical Vasco delakoa sortu zelarik, Iruñeko lagun batek gomitatu ninduen berarekin batera manager gisa ibiltzera. Eta nik baietz esan nuen, zergatik ez? Ez nuen sobera pentsatu. Horrela ezagutu nituen La Polla Records taldekoak, baita Kortatu eta Cicatrizekoak ere. Bizpahiru urte horietan bi kanpaina berezi izan ziren: “Martxa eta borroka” eta NATOren kontrakoa. Lemoizen aurkako mobilizazioak ere ez ziren gutxi izan. Amnistiaren Aldeko Batzordeko militantea nintzen eta militantzia lan mota hain desberdin batekin uztartu ahal izatea hagitz interesgarria iduritu zitzaidan. Hiruki bat osatu genuen musika, presoen aldeko borroka eta politikarekin. Oso garai bizia zen. Gaztetxeak sortzen ari ziren nonahi eta astero kontzertu asko egiten ziren. La Polla Recordsekin, Euskal Herrian behinik behin, mila pertsonatik gora elkartzen ziren kontzertu bakoitzean. Hortik behera ez dut uste ezagutu dudanik. Espainia alderat ere joaten ginen, baita Katalunia alderat ere. Alemanian izan ginen, eta Italian. Benetan urte hagitz bizi eta emankorrak izan ziren. Garai aparta izan zen.
Harat honat, jonki baten trajeria liburua egiteko ideia nola sortu zitzaizun?
Zerbait erabat pertsonala izan zen. Hemen Iruñean, hainbat arlotan zer gertatu zitzaidan adierazi nahi nuen bertsoen bidez. Narrazio bat da. Bertsotan egina, baina narrazioa. Drogaren erruz galdu ditudan adiskideen aipamen berezia egiteko gogoa nuen eta lortu nuela uste dut. Barnean nituen sentimenduak kanporatzeko beharra nuen. Enetako balio handiko lana da eta aldi berean saiakera bat, idazketan nola moldatzen nintzen ikusteko.
Eskola frankistara joaten hasi ginen garaia da hastapena, eta bukaera aldiz, 80ko hamarkadaren amaiera, orduan hil zitzaizkidalako adiskide eta ezagun gehienak. Berdin emazte ala gizonkiak.
Drogak asko sufriarazi dizu?
Bai. Batez ere 80ko hamarkada hartan. Hemen, Iruñeko Alde Zaharrean, dozenaka eta dozenaka gazte hil ziren. Bistan zen batez ere heroinak zer eragin izan zuen. Ez naiz soziologoa baina Iruñeko Alde Zaharrean 40 gaztetik gora hil ziren. Kalkulu xume bat eginez Iruñean 300 gazte erraz hil zirela esan genezake. Euskal Herrian lasaiki mintzatu ahal gara 3.000-4.000 gazte hil zirela 10-15 urteko tartean.
Zu ere haren menpe erori zinen?
Ez. Ni ez. Drogak eta alkohola kontsumitu ditut, jende askok bezala, baina menpean erori gabe tragedia hori oso hurbiletik ikusi eta bizi nuelako, hain zuzen ere.
Hala eta guztiz ere ni ez naiz drogen aurkakoa. Drogak hor dira eta norberak erabakitzen du zer egin. Hautu pertsonala da. Bortxaz ez du nehork egiten. Gero hortik ezin ateratzea beste kontu bat da, baina norberak nahi duena egin dezala.
Zure droga orain euskara da?
Bai, hala da. Gaur egun erabat estekaturik nauka eta pastorala ene pasioa da.
Nola maitemindu zinen pastoralekin?
Zuberoan, Pagolan, ikusi nuen pastoral bat lehen aldiz. Pete Basaburu zen, 1982an. Egun hartan pastoralak xarmatu, sorgindu ninduen. Ikusgarri horretan dantza, bertsoa, antzerkia eta auzolana elkartzen ziren. Zoragarria. Geroztik ahal izan ditudan guztiak ikusi ditut. Eta gero etxean liburuxka behin eta berriro irakurri. Ene euskara oso justua zen dena ulertzeko, horregatik ahalegin handia egin behar izaten nuen dena konprenitzeko. Eta asko ikasi dut haiei esker. Nire hizkeran edertasun zantzurik bada, pastoraletan ikasi dudana da.
Zergatik Karmen Etxalarkoa pastorala?
Lehen erran behar dut pastorala idaztea ez dela horren zaila. Buruan ideia argi baduzu, edozein gauza egin dezakezu. Ez zait hainbertze kostatu. Neguko arratsalde batean, Mériméeren lana irakurri berria nuela, hasi nintzen pentsatzen zergatik ez eman tragedia hau pastoral moduan. Denbora-pasa gisara hasi nintzen idazten eta lau bat hilabeteren buruan egina nuen.
Idatzi ondoren pentsatu nuen zer egin nezakeen horrekin eta Etxalarrera joan eta Peio Apezetxea erretoreari buruz joan nintzen. Berak alkatearekin eta kulturan mugitzen den jendearekin harremanetan jarri ninduen. Iduriz ideia gustatu zitzaien eta hainbat bilkura egin ostean hango gazte eta helduek egitea erabaki zuten.
Zenbat jende auzolanean?
Arizale, jostun eta kolaboratzaile guztien artean 160 lagun baino gehiago. Etxalartarrak gehi Amaiurko Gaztelua taldeko kideak. Hogei bat lagun baztandar. Haiengana joan nintzen laguntza gisa nobelan aipagai delakoz Joxe Lizarragabengoa baztandarra zela, elizondoarra.
Errejentsa, zuzendaria, Pantxika Urruty barkoxtarra da. Aspaldiko lagunak gara eta berari eskatu nion laguntza. Urteak daramatza pastoralen munduan murgilduta eta zenbaitetan parte hartu izan du. Lehena Etxahun izan zen eta ondotik Ximena pastorala etorri zen. 2014. urtean Gerezien denborapastoralean eta Katalina Erauso proiektuan parte hartu zuen. Azken horretan zuzendari papera bete zuen. Berehala esan zidan baietz besteak beste, sujeta emazteki bat delako. Bera da ikuskizunaren sortzailea.
Ezin sinetsian nabil. Badakit hau behin bakarrik gertatuko zaidala eta gozatu eta profitatu behar dudala.
Hizkeraren aldetik nolakoa da pastoral hau?
Batuaz egina da, nik ez baitakit batua baizik, baina lexikoaren aldetik saiatu naiz Pirinioetako ibar guztietako lexikoa hartzen. Hori izan da nire ikasketa bidea eta idazteko orduan horretaz ere baliatu naiz. Galbidean dauden hitz batzuk berreskuratu eta erabil daitezke. Saiatu behar dugu gure euskara, gero eta pobreagoa dena, hitz horiekin edertzen.
Pirinioetako hizkeren erakusgarri txiki bat dela esan daiteke. Nik uste dut nafarrak Pirinioetako indioak garela, agian azken indioak. Nik neuk hala jotzen dut ene burua.
Eta iraupena?
Hiru ordu luze. Badakit pastoralek fama txarra dutela, baina erran behar dut pastoraletan ez dela begiratu behar luzea edo motza den, baizik eta dibertigarria eta interesgarria den ala ez. Ikusgarri ona bada iraupena ez da garrantzitsuena, futbolean, pilota partidetan edo rock jaialdiekin gertatzen den bezala.
Egitura klasikoa du?
Pastoralak badu bere “legedia”, egiteko manera bat. Hau pastoral klasikoa izanen da, Hegoaldean eginiko lehena. Duela gutxi Joxemiel Bidador pastorala egin zen Iruñean, zendutako idazle eta ikerlariari omen egiteko sortua, baina ez zuen pastoral klasikoaren egitura. Horregatik diot gurea lehena dela eta, zentzu horretan, Historia egiten ari garela esaten diet nik parte-hartzaileei. Karmen-ek 240 bertset edo kopla ditu, zazpi kantore, dantzak, batailak… Badira gorriak eta urdinak, gaiztoak eta onak, baina ez, ordea, turkoak eta giristinoak. Haur kantariak badira, baina ez dira aingeruak. Oso garrantzitsuak dira, tragedia batean inozentzia eta itxaropena ere azaldu behar baitira. Kantuei dagokienez, denak berriak dira Xalbadorren bertso batzuk izan ezik.
Mustraka guztietan euskara hutsez ari gara, ez da bertze hizkuntzarik izan eta hori inportantea da.
Nolakoa da Karmen?
Argi-ilun aunitz dituen pertsonaia da. Karmen ebaslea eta kontrabandista da. Ezkondua da, baina dozenaka amoranterekin oheratzen da. Ederki ongi daki besteak xaxatzen hilketak eginarazteko. Bere burua eta bere anderetasuna hil artio defendatzen ditu. XIX. mendeko eleberri batean halako emazteki bat agertzeak harritzen nau. Garai hartan ere harrigarria suertatu zen eleberri hau eta kritika latzak jaso zituen.
Jose ere oso pertsonaia bizkorra da. Erromantiko batek idatzitako lana da eta ez da batere moralista. Lan hau den bezala eraman nahi dugu oholtzara. Miren Olaetxea etxalartarra izanen da Karmen eta Jose baztandarra, Miel Joxe Ariztia amaiurtarra izanen da. Hori errespetatu nahi izan dugu, berezitasun moduan.
Mériméeren testuan euskarazko elkarrizketak ageri dira, ezta?
Bai. Euskararen aipamen aunitz, baita garai hartako Nafarroako legediaz ere. Ongi ezagutzen zuen Euskal Herria, eta bereziki Nafarroa. Beti aipatzen du Espainia alde batetik eta Nafarroa bestetik, ez bat eginik. Benetan oso lan interesgarria da alderdi askotatik.
“Pastoralek ez dute zertan izan beti biografiak edo historia gaiak. Karmen Etxalarkoa-z gain, beste bi pastoral ditut idatziak, baina oso bestelakoak, gai garaikide eta sozialak jorratzen dituztenak. Lehendabizikoa, inoiz taularatu ez dena, drogei buruzkoa da. Pastoraletan gauza askoz hitz egin daiteke eta Euskal Herriko edozein tokitan egin daitezke, auzolanean, arazorik gabe”.
Igeltseroa, idazlea, musika zalea eta pastoralen zale amorratua. Harat honat, jonki baten trajeriakopla liburua plazaratu zuen Txalaparta argitaletxearekin 2015ean. La Polla Records, Kortatu eta Cicatriz taldeen managerra izan zen 1980ko hamarkadan. Hegoaldean molde klasikoan eginiko lehen pastoralaren sortzailea da, Karmen Etxalarkoa. Beste bi pastoral idatziak ditu gaur egungo gai sozialei buruz.
Dokumentuaren akzioak