Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Euskarak eman zion izana

Dokumentuaren akzioak

Euskarak eman zion izana

Jantzia, leiala, elegantea, lagunen laguna. Hala definitu dute kultur arloan lagun izan zituenek Joxan Lizarribar. Euskararekiko eta euskal kulturarekiko zuen erroko loturagatik bide asko urratu zituen
Egilea
Ainara Arratibel Gascon, Oihana Elduaien
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2013/04/10
Lotura
Berria

Juan Antonio Urbeltzek Argia dantza taldean ezagutu zuen Joxan Lizarribar. Taldeko zuzendari zen Urbeltz, eta oraindik gogoan du Lizarribar gaztea lehen entsegua egitera joan zen eguna: «17 urte inguru zituen, eta begiak zabal-zabalik eta irribarrez iritsi zen. Bi ezaugarri horiek bizi osoan mantendu zituen». Taldean «oso estimatua» izan zen. «Oso saiatua eta atsegina zen, kide guztiek maite zuten. Sasoi handia zuen, eta ikaragarrizko indarra eta interesa egiten zuen guztian. Hasieran anaia txiki bat bezala zen niretzat, baina berehala konturatu nintzen, zituen balioak ikusita, gizon hura urruti iritsiko zela». Dantzaren bidez hasi zen Euskal Herria ezagutzen. «Guk eraman genuen aurrenekoz Zuberoara eta Nafarroara. Maskarada bat ikusi zuen lehen aldian asko disfrutatu zuen, eta akordatzen naiz emakume zahar batekin aritu zela hizketan. Euskal Herria ezagutzen zihoan arabera, gehiago maite zuen bertako kultura». Familiari maitasun hori helarazten jakin zuela uste du Urbeltzek, gainera. «Bere seme-alabek txikitatik sentitu eta bizi izan dute euskal kultura».

Politikoki «oso kontzientzia gardena» izan zuela azaldu du. Leku guztietan zituen lagunak. «Ez zen horietaz sekula ahazten, gainera. Batetik bestera ibili arren, beti deitzen ninduen kafe bat hartu eta elkarri gauzak kontatzeko. Orain egun batzuk esan nion alabari esateko gauza asko nituela kontatzeko. Zoritxarrez, ez zen posible izan». Lagun «handi bat» galdu du. «Gaur [atzo] hamar urte Oteiza laguna galdu nuen, eta orain, Joxan. Hutsune izugarria utziko digu. Oso pertsona handia zen».

Atzerrira Argia taldeak egindako bidaietan ezagutu zuten elkar Lizarribarrek eta Benito Lertxundik: «Folklore jaialdietara joaten ziren, eta abesteko deitzen ninduten. Europan barrena ibiltzen ginen. Autobusean egiten genituen bidaiak, giro ederrean. Horrela sortu zen gure harremana, eta ez da sekula galdu, herdoildu. Huts egiten ez zuen lagun horietakoa zen». Euskal kulturagatik «bizitzaren zati bat» eman zuela iritzi dio Lertxundik. «Baina elkar elikatze bat izan da. Euskal Herriak eta euskarak izana eman zion berari. Beste nonbait jaio izan bazen, beste modu batera eta beste sentimendu batzuekin biziko zen bera».

Sarritan joaten zen Lertxundiren kontzertuak ikustera. «Urtean sarritan etortzen ziren bera eta emaztea lagunekin emanaldiak ikustera. Nik beti pentsatzen nuen, zer eskainiko ote diet berria hauei? Askotan ikusi arren, emanaldiekin gozatu egiten zuten. Hori esaten zidaten. Askotan, kontzertua amaitzean zerbait hartzera joaten ginen». Harekin gustura hitz egiten zuen. «Oso pertsona jantzia zen, asko bidaiatu baitzuen. Bada jendea asko gustatzen zaiona horretaz harro egotea, edo gauzak kontatzea. Bera, dena den, ez ze horretarako oso emana».

Mikel Urdangarinek oso gogoan du Lizarribarren inguruan duen lehen irudia. «Telebistan ikusi nuen, Firin Faran-en solaskide zegoenean. Hasieratik iruditu zitzaidan oso pertsona berezia eta interesgarria: jantzia eta elegantea». Aurrez aurre New Yorken ezagutu zuen. Zaharregia, txikiegia agian ikuskizuna joan zenean. «Orduan ere bere agenda moldatu zuen gu ikustera etortzeko, euskarazko sormen bat ikustera joateko». Berehala sortu zen bien arteko harremana. «Telebistatik nuen irudia berretsi nuen, ez zela oharkabean pasatzen zen pertsona bat. Kategoria handiko pertsona bat zela».

Hasieratik erakutsi zion Euskal Herria maite zuela. «Gure herria eta kultura prestigiatzen zuen. Ez bakarrik hemen, munduko txoko guztietan. Asko bidaiatu zuen, behin eta baino gehiago esaten zidan joaten zen lekura joaten zela euskaldun moduan jokatzen zuela. Hori ezin ziola inork kendu. Joxan [Lizarribar] bezalako jende saldo bat beharko luke gure kulturak eta hizkuntzak». Euskal sortzaileez hitz egitean «hunkitu» egiten zen. «Emozioz egiten zuen. Oso sakon bizi zituen euskal kulturaren gorabeherak, eta horrek ere ekarri zizkion sufrimendu momentuak. Asko maite duenak, asko sufritzen du».

«Bizizalea» ere bazela nabarmendu du. Horri lotuta du haren azken oroitzapena. «Harekin egondako azken aldia aipatuko nuke. Eguberri bezperan izan zen. Kursaalean. Sortuko dira besteak ikuskizuna eta gero, lagun talde bat elkarte batean egon ginen afaltzen, eta abesten amaitu genuen».

Abestiak. Musika. Dantzaz gain. Eta horrekin lotuta, abeslari handi baten hitzak. «Lehen laguntza, lehen bultzada Joxanek eman zidan». Madrilgo Real antzokian Don Giovanni operaren emanaldiaren deskantsuan jakin du Ainhoa Arteta sopranoak Joxan Lizarribar hil dela. Hunkituta hitz egin du erabat, hitza hitzari josi ezinda. «Hau ez da orain arte inoiz jakin, baina nik 18 urte nituela nire etxera agertu zen, diruz betetako maleta batekin. Bere aurrezkiak eman zizkidan Italiara joan nendin ikastera». Emanaldiaren bigarren zatia abiatu behar du Artetak: «Orain hemen nago emanaldiko deskantsuan, eta kantatzen dudan nota bakoitzean berarekin oroitzen naiz».

Berari bakarrik ez, Lizarribarrek ahal zuen guztiari laguntzen ziola azpimarratu du Artetak, eta hori elegantzia apartekoz egiten zuela. «Dirua eman zidan esku batekin. Halaxe egiten zuen beti Joxanek. Pertsona klase horietako bat zen, gauzak egiten zituena, baina ez esan. Gutxi ezagutu ditut bizian halako kalitate humanoko eta klasedun pertsonak».

Oso maitea zuen Artetak Lizarribar, eta ezagun du. Hunkituta dago. Lagun bat baino gehiago dela dio, «ia anaia bat». Bizi osoan alboan izan du. «Beti, une garrantzitsu guztietan hor egon da, izan onak edo izan txarrak». Eta bera ez ezik, bere emaztea eta seme alabak ere bai: «Joxan eta Elisabet oso-oso bereziak dira nire bizitzan».

Ortuzarrekin. Andoni Ortuzar EITBko zuzendari zenean, BERRIA kaleratu aurreko egunetan. / JON URBE / ARP

Cenarrusarekin. Pete Cenarrusa Idahoko estatu idazkari izandakoa ere hartu zuen BERRIAn. / IMANOL OTEGI / ARP

Ibarretxerekin. Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin. / ANDONI CANELLADA / ARP

Benachekin. Ernest Benach Kataluniako Parlamentuko presidenteari harrera egiten. / IMANOL OTAEGI / ARP

Urrutiarekin. Andres Urrutia Euskaltzaindiako buruarekin hitzarmena egiten. / IMANOL OTEGI / ARP

Ebnerrekin. Toni Ebner Midas hizkuntza gutxituen elkartekO presidentearekin, Donostian. / GORKA RUBIO / ARP

Joxan Lizarribar, BERRIAko erredakzioan. / JON URBE / ARGAZKI PRESS

Izagirrerekin. Azken bisita, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatearekin, 2013ko urtarrilean. / CANELLADA / ARP

Adegirekin. Eduardo Zubiaurre eta Jose Miguel Aiertza Adegiko buruekin, 2008ko uztailean. / JON URBE / ARP

LABekin. Ainhoa Etxaide eta LAB sindikatuko ordezkariekin, 2011ko apirilean. / LARA MADINABEITIA

Iriartekin. Jean Claude Iriart Euskararen Erakunde Publikoko buruarekin, 2008ko urtarrilean. / MADDI SOROA / ARP

Urgellekin. Blanca Urgellekin eta Lourdes Auzmendirekin, 2010eko uztailean. / JUAN CARLOS RUIZ/ ARP

Otegirekin. Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruarekin, 2006ko ekainean / . JON URBE /ARGAZKI PRESS

Joxan Lizarribar, Rafa Rueda eta Mikel Urdangarin, hizketan. / J.C. RUIZ / ARP

Dokumentuaren akzioak