Dokumentuaren akzioak
Euskaldunen eta emazteen lekua aldarrikatuko duen pastorala
Historia garaileek eta gizonek idatzi izan dutela jakinik, euskaldunen eta emazteen lekua aldarrikatuko dute. Aldi berean, Baionaren ondoan txikia den Hiriburu ere ezagutarazi nahi dute eta "historiaz aberats" dela erakutsi. Gilbert Desportek herriari buruz egin zuen liburua hartu dute oinarri obra berri honen idazleak. "Hiriburutarrak dira sujet; nahiz eta Andere Serorak izena hartu, heroiak beraiek dira", baieztatu zuen idazleak.
Herriko gizartean garrantzi handia zuen andere seroraren pertsonaiari esker, mendeetan zeharreko ibilbidea egiten da antzezlanean, lau garai ezberdinetan. Agertoki gainean historiaren ibilbide hori agertzeko aro ezberdinetan zehar 300 jantzitik gora egin dituzte hiriburutarrek, Ana Ducamp eta Annie Arroyoren gidaritzapean. Bestalde, taula gainean presentzia handia izanen duen herensuge handi batek euskal mitologia ekarriko du gaur egungo Lapurdira.
Emakumezko errejenta
Azken lau urteotan Zuberoatik kanpo emazteak protagonista dituzten hiru pastoral egin dira: “Katalina de Erauso” Baionan, “Karmen Etxalarkoa” Nafarroako herrian, eta azkena hurrengo igandean estreinatuko den hau. Hiruretan zuzendaria, protagonista bezala, emakumezkoa da. Pantxika Urruty errejentak hiru obra hauetako bakoitzari bere "nortasuna" eman nahi izan diola azaldu du: "Neure buruari eskatu nion pastoral guztietan gauza bera ez egitea. Nire koreografiak eta borrokak aldatu ditut; dantza eta kantuetan aritu diren sortzaileei ere gauzak aldatzeko eskatu nien".
Pastoraletako pertsonaia saihetsezinak diren satanen dantzak irakatsi dituenari, Arnaud Izali, ohiko pausoak "berrikustea" eskatu zion Urrutyk, eta Zibel Damestoyk hiru dantza berri sortu ditu. “Katalina de Erauso”-n ere kantu egile eta sortzaile lana egin zuen Sophie Larrandaburuk, Urrutyk bezala, obra berri honi izaera propioa eman nahi izan dio, eta ahaire berriak sortu ditu.
Errepikak egin diren denboran hiriburutarrek antzezlan berezi honen kodeak barneratu dituzte. Lehen egunean bere aitzinean 150 arizale atzeman zituen zuzendariak azaldu duenez, "anitzek ez zekiten pastorala zer zen, orain jendea bere karguan sartua da. Gorriak biziago ibiltzen dira; urdinak, aldiz, serios ibiltzen dira, eta kantu pausatuagoa dute".
Antolaketa
Bi urteko egitasmoaren ondoren lehen emanaldirako prest daudela baieztatu dute antolatzaileek. 2.500 pertsonarentzako antolamendu berezia egin dute; emanaldia aterpetua izanen da, eguraldiaren apetei erantzun egokia eman ahal izateko.
Zuberoako pastoraletan bezala, goizean hasiko da egitaraua aktoreekin egiten den mezarekin. 11.30ean desfilea eginen da, Elizaren ondoan dagoen Anderserorainetik erdigunean den Plaza Berriraino. 13.00etako bazkariaren ondoren 15.30ean tanko hasiko da pastoralaren emanaldia. Besta egunarekin segitu nahi dutenentzat, ostatua eta musika giroa izanen dira 19.00etatik goiti.
Erdigunea aski ttipia izanik autoak Ametzondo auzoan dagoen Ikea-ren aparkalekuan uztea gomendatzen dute, handik gero herrira bertaratzeko modua izanen baita egun osoan.
Euskararen berpizkundea Hiriburun
Proiektuan parte hartu duten kide guztien artean euskararen presentziak izan duen garrantzia nabarmendu dute antolatzaileek. Pantxika Urruty errejenta harro agertu da errepika guztiak euskaraz egin izanagatik, nahiz eta parte hartzaile guztiak euskaldunak ez izan: "Nire xedea zen hastapenetik mustraka guztietan hizkuntza nagusia izatea, eta gero frantsesera itzultzen nuen". Hastapenean delibero honek kexa batzuk eragin bazituen ere, gaur egun parte hartzaile guztiek onartu dute, baita frantsestun osoak direnek ere".
"Hiriburun badira aski heldu euskara dakitenak, baina ez dutenak sekula erabiltzen, eta orain ematen dute, beraien artean ere", baieztatu du pastoralaren idazle Guillaume Irigoyenek. Arizaleen artean zaharrenak 81 urte ditu, eta gazteenak 5, eta biak euskaldunak dira: "Herritarrek berreskuratu dute beraien historia, eta euskaraz".
"Hiriburun euskara berpiztea lortu dugu. Kasik segur naiz frantsestun anitz euskara ikastera joanen direla pastoralaren ondotik", erran du errejentak. I.E.
Dokumentuaren akzioak