Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Euskaldun bat hasierako Hollywooden

Dokumentuaren akzioak

Euskaldun bat hasierako Hollywooden

Egilea
Luis Bandres, EHUko irakaslea
Komunikabidea
Berria
Mota
Iritzia
Data
2008/09/18

1911n Donostiako Garibai kaleko 4. zenbakiaren laugarren oinean haurtxo berri batek bere lehenengo negarra egiten zuen. Jaioberriari Kontzepzion Jazinta izenak jarri zizkioten, nahiz gero eta artearen munduan, Conchita Montenegro izenaz ezagutua izan. Hemen bizi izan zen gure Kontxita hamar urte bete arte. Geroago, aitaren lana zela eta, familia Madrilera joan zen. Han, bai berak, bai bere ahizpa Juanitak dantzarekin eta interpretazioarekin izan zituzten beren lehenengo harreman artistikoak. Hain dantzari trebeak ziren non, Madril txikiegi bihurturik, beren gurasoek Parisko Operaren Antzerkiaren Dantza Eskolara bidali baitzituzten. Han beren goi mailako ikasketak egin ondoren, gure Kontxitak hamabost urte zituelarik, gurasoen etxera itzultzen dira.

Ikasketak bukatu eta Las Dresmas de Montenegro izenarekin bikote artistiko bat osatu zuten bi ahizpek, eta hainbat agertokitik pasa ondoren, Kontxitari zinean papertxo bat egiteko aukera etorri zitzaion (La muñeca rota). Bere doitasuna zela eta, berehala garrantzi handiagoko paperak eman zizkioten. Horrela, hamasei urte bakarrik zituela, artista hau erabat txertatuta zegoen zinearen (mutua, noski) munduan.

Bere interpretatzeko arintasunak nahiz manera dotoreek Baroncelli izeneko zine-zuzendari frantsesa erakarri zuen La femme et le pantin (1928) filmeko protagonista izateko. Film horretan bere erabateko biluzteak, besteak beste, munduan izugarrizko oihartzuna eta lilura izan zituen. Hori dela eta, berehala etorri zitzaion Hollywoodetik deia, Metro-Goldwyn-Mayer-eko arduradunek toki bat eskaini zioten. Bertan, hasierako filmak ez badira oso kalitate onekoak ere, laster Metroko eta gero Foxeko gaztelerazko artista sonatuena bihurtu zen.

Geroago, Charles Chaplin-ek bultzatuta, ingelesa ikasi ondoren, (honek Ameriketan arrakasta lortzeko ingelesa jakin behar zela esan zion eta) hizkuntza horretan zuzenean egindako filmetan parte hartu zuen. Garai hartako goi mailako artistekin lan egin zuen: Robert Montgomery, Norma Shearer, Charles Boyer,... Oso anekdota polita dago: Zineko lehenengo proba Clark Gablekin egin behar zuen eta hark musu bat eman behar zion, Conchitak musu hau ukatzean jarri zuen nazka-imintzioa asko gustatu zen. Hori dela eta, Lionel Barrymore zineko adituak hauxe esan omen zuen: «Neskatxa honek joko handia emango du».

1934an Raul Roulien artista brasildarrarekin ezkondu zen, baina laster banandu egin ziren (1937).

Hurrengo urtean, Ameriketako konpromisoak bete ondoren, Europara etorri zen eta merkatu italiarra nahiz frantsesa ireki zitzaizkion. Hala, 1935ean Robert Siodmak-en gidaritzapean (hau Alemania nazitik iheska etorrita Parisera) La vie parisienne filmatu zuen edo Luis Marquinaren Amore di ussaro (1940), adibidez.

Espainiako gerra bukatu eta artista donostiarra Madrilen jartzen da bizitzen. Beste film batzuk egin ondoren, 1944an Lola Montes filmatu zuen, eta harrigarria bada ere, pelikula honek izugarrizko arrakasta izan eta gero, Conchitak zinema erabat utzi zuen ezkontzeko. Harrezkero, ez zuen inolako elkarrizketarik edo omenaldirik nahi izan.

Hala, urteak joan, urteak etorri, bere 95 urterekin, iazko apirilaren 26an, Madrilen hil zen, inolako harrabotsik gabe, hasierako Hollywood, bertatik, ezagutu zuen gure donostiarra.

 

 

 

 

[Conchita Montenegrok] garai hartako goi mailako artistekin lan egin zuen: Robert Montgomery, Norma Shearer, Charles Boyer,...

 

 

 

Dokumentuaren akzioak