Dokumentuaren akzioak
Euskal plaza dantzen akademizazioaren inguruan
Eztabaidarako apunte hauek plazan egiten den dantza tradizionala ardatz moduan hartzen dute, dantza soziala deiturikoa. Eszenatokietan egiten den folkloreaz luzaz solastu daiteke, baina norbaitek interesa badu, jo dezake Juan Antonio Urbeltzek eginiko “Argia como memoria” idazlan interesgarriari.
Ez gara duela 100 urte bezala bizitzen. Ez dugu duela 100 urte bezala dantzatzen
Eta duela 50 urte bezala ezta ere. Azterketa eta proposamen honen gaia plaza dantza dela onartuz, gizartekideen arteko harremanetarako erabiltzen den dantza ludikoa, belaunaldiz belaunaldi transmititzen dena, inolako zalantzarik gabe aurrera eraman dezakegu aurretik planteatutako baiezpena: ez dugula dantzatzen duela 50 urte bezala.
Dantza tradizionala ez delako isolaturik dagoen sistema koreografiko bat; gizarte batetik sortzen da eta gizarte horrekiko lotura handia du. Gizartea moldatzen den heinean, dantza bera moldatzen da. Baina aldi berean beste sistema batzuekin harremanetan dago ere bai: arte eszenikoak, beste dantza motak... Beste aldetik herrialde batean dantza batzukek garrantzi handia baldin badute, baldintzatu dezakete ere plazetako dantzen estiloa (puntak, gorpuzkera).
Munduan zehar dantza tradizionalaren garapenean garrantzi handia izan duen prozesu bat dantza honen akademizazioa izan da, eta inguru soziokulturaren arabera, prozesu honek fase ezberdinak izan ditu. Zer ulertzen dugu artikulu honetan dantzaren akademizazioaz?: dantza tradizionalean dantzaren arau klasiko batzuen aplikazioa (jatorri ezberdinetakoak): estruktura ezberdinak, estiloak, aritzeko erak.
Esan bezala leku aunitzetako dantza tradizionaletan eragina izan du fenomeno
honek: Mallorkako jotatik Gipuzkoako urratsetara, Eskoziako dantzetatik Zuberoako
puntüetara... ez da gure dantzetan bakarrik ematen. Gure dantzek, dudarik
gabe, akademizazio prozesu ezeberdinak izan dute: XVII-XVIII. mendetako korte
dantzen eragina, XIX. mendean balletaren eragina, XX. mendearen manierismo
estetikoaren aztarnak... Guk bereziki gure dantzetan eman den azken prozesu
hau aztertuko dugu, erabiltzen ditugun dantza ereduetan oraindik agerian dagoelako.
Hori baita oinarrian dagoen arazoa: zein den transmititu nahi dugun dantza
eredua.
Dantzaren akademizazioa ez da berez prozesu kaltegarri bat. Gu geuk, dantza
maisuok, dantza irakasten dugunean, estrukturatzen dugu eta moldatzen dugu
neurri batean, akademizatzen dugu irakatsi ahal izateko. Garapen prozesu natural
bat da, mestizaia naturala, fenomeno soziokulturalen komunikazioaren islada.
Batzuetan oso aberasgarri, dantza tradizionalaren mugetan mantentzen bada,
perspektiba galdu gabe, eta gizarteak modu naturalean onartzen badu belaunaldiz
belaunaldi transmisioari bidea zabaltzen, Gipuzkoako eta Zuberoako zenbait
dantzen kasuetan gertatzen den moduan.
Plazatik eszenatokira, eszenatokitik plazara
Dantza Taldeen sorrerarekin batera eszenatokia folklorearen ardatz garrantzitsu bezala sortzen da. Lehenengo dantza taldeen sorreraren gainean artikulu asko idatzi dira, eta ez dugu gaia hau jorratuko oraingo honetan. Azpimarratu behar dena, nire ustez, folklorearen inguruan ematen den perspektiba aldaketa: Ikasgune eta dantzaleku moduan plaza desagertzen den heinean, folklore beraren ardatz eta helburu nagusietako bat sortzen da: eszenatokia. Dantza taldeek, eta ez gizarteak berak, dantzaren garapena kudeatzen dute, eta horrela hein handi batean dantzaren egokitze prozesua logiko eta naturala apurtzen da.
Dantza Taldeek, asmo onez dudarik gabe, dantza sozialak plazatik ateratzen dituzte eszenatokira eramateko, baina bide batez moldatzen dituzte garaiko modetara egokitzeko (balleta, adibidez). Dantzaren ezaugarri garrantzitsuena ikusgarritasuna dugu, eta horretarako dantzarien arteko berdintasuna bilatzen da. Estetikari ematen zaio ludikotasunari kentzen zaion garrantzia, eta, egia esan, garai hartako ikusleentzat, kronikei kasu egiten badiegu, zinez ikusgarria suertatzen zen emaitza.
Baina segidan kontrako bidea sortzen da eta eszenatokiak plazetarako ereduak bilakatzen dira, gertakari horrek ekartzen dituen ondorioekin: indibidualismoaren galera, berdintasuna lortzearen alde estiloa gutxiestea, estetika eta koreografia aldaketak koordinazio eta ikusgarritasunaren mesedetan...
Eszenatokia, beraz, protagonista dugu, aunitzetan plaza bera eszenatokia bihurtzen da eta folklorearen subjektua aldatzen doa: gizartetik dantza taldeetara, eta horrela lehen planteatu diren prozesuak arintzen dira. Gero eta dantza taldeetako dantzari gehiago daude eta gero eta jende arrunta gutxiago plazetan dantzan.
Nik ez dakit euskaraz, nik ez dakit dantzan
Azken mendean eman den Dantza tradizionalaren akademizazio prozesua ulertzeko, eukarak izan duen garapen prozesuarekin parekatu dezakegu:
Elementu ezberdinek baldintzatua, dantza, hizkuntzarekin gertatzen den moduan, anitza zen hasiera batean, herri bakoitzak bazituen bere ñabardurak, eta ñabardura hauek elkarren ondoan egon daitezken herrien izaeren ezaugarri bereizgarriak bilakatzen dira: ezberdin dantzatzen dute ezberdinak direlako. Eszenatokia eta dantza taldeetako dantzari sasiprofesionala, duen balet eta akrobazia kutsuarekin, dantza tradizionalaren eredua bilakatzeak zera ekartzen du: nahiz teknikoki perfektuak ez izan harremanetarako modu natural moduan lehen dantza egiten zuten askok dantzatzeari utzi zioten. ETBn erabiltzen den euskara ulertzen ez duen aitonaren moduan, euskaraz gaizki egiten duela uste duena, berak ezagutu dituen dantzak ez dutela baliorik pentsatzen du, taulen gainean gazteek egiten dituzten urrats akrobatikoak ikusten dituenean. Eta “dantzan badakizu?”galderaren aurrean, erantzuten du “ez”, eta arrazoia du: berak ez daki “dantza hori” egiten.
Euskeraren kasuan euskalkiekin gertatu zen moduan, Euskal Herriko dantza tradizionalak dituen ñabardura askoren degradazio prozesua ematen da. Globalizazioa gure dantzetara iristen da eta horrekin batera estiloaren zenbait aldaketa: puntak hartzen du oinazpiaren lekua, jautziak belaunen suspensioarena, bizkarezurraren zuzentasunak gerriaren malgutasunarena. Besoek naturalak ez diren jarrerak irudikatzen dituzte, jatorrizko izaera ludikotik urrunduak. Berezko mugimedua galtzen da eta bere lekua balletan erabiltzen den mugimendu behartuaren sistemak hartzen du: mugimenduaren logika galtzen da haren estetika manieristaren mesedetan.
“Dantza Batua” sortzen da, dantzatzeko era berri bat, ez hobekiago, ez makurrago, ezberdina, besterik ez. Dantza tradizionalean aritzeko tradizioak ez dakarren era berria, ikuskizun ikusgarriak egiteko dantzatzeko era ikusgarri bat.
Baina arazoa sortzen da “dantza batua” hori jarraitu behar den eredutzat hartzen dugunean, “dantzari ona” izendatzen duena... jakina, altuera ezberdinetan egonik, eszenatokiaren eta plazaren perspektibak derrigorrez ezberdinak izan behar dira.
Jotaren adibidea
Akademizazioak gure dantzetan izan duen eraginaren adibidea jota izan daiteke: jota, fandango, orripeko, lehenengoa... Dantza hau, Euskal Herrian XIX. mendean bereziki hedatua eta herrikoitua, XX. mendean aldaketa sakonak jasaten ditu, Jota lehiaketen sorrerak sortzen duen dantzatzeko era jatorrizko ereduetatik urrun xamar gelditzen baita.
Nola dantzatzen zen jota Euskal Herrian? Dudarik gabe askatasun gehiagorekin urratsei dagokienez, malgutasunarekin, mugimendu naturalak eta logikoak erabiltzen, estruktura musikala kontuan harturik gerria eta belaunak dantzaren ardatza bihurtzen..
Bartolo Lasak, Zeberioko dantza maisuaren aburuz, jota ongi dantzatzeko:
“Burua geldi eukin behar da, garritik bera kaderatako bisagrak mogidu, eta garrie astindu, jitanak narruten dabizenean moduen”
Eta horrela egiten zen Bizkaia osoan, ez Arratian bakarrik, eta Nafarroako iparraldean ere bai, Pontxio Irurtia, Leitzako musikariak Txistulariak aldizkarian argitaratutako artikulu batean idazten duen bezala (Txistulariak 153. kanttarien basoa):
“Berrogeitamarreko hamarkadaren hasierako fandangoa, patxadan eramaten zen, hankak arin, gerria abailduz... Gune edo punturik garrantzitsuena ez zegoen oinetan gerriaren kulunkadan baizik, gerrien gora beherantz hori eperdiaren ezker-eskubiratzeak nabarmenagotzen zuelarik”.
Berdin adierazten zuen, mende batzuk lehenago Santa Teresa apaiza, bere liburu
batean fandangoari buruz zenbait gomendio emanik (“Euscal-errijetaco
olgueeta ta dantzeen neurrizco-gatz-ozpinduba”):
“...Bestian pandanguan nos arpegijakin, nos besuakin, nos sabeleekin, nos albuakin alkar ez joko, bai joko neska ta mutil, menio desonestubak ta lotsarizkuak geratu bagarik egiten deutseezala alkarri”.
Irakurleak dantzariak plazan dantzatzen ikusi baditu, Suelto lehiaketetatik “menio desonestubak” horietatik baino askoz hurbilago dagoen haien dantzatzeko era horrekin, dantza honetan akademizazioak izan duen eragina ulertuko du.
Ondorio garrantzitsu bat: gizarteak lehiaketetan egiten den jota hartzen dut eredutzat, ez plazetan sortu zena. Horri esker dantza, musikaren aurrean naturalki sortzen den erantzun psikomotriza izan beharrean, gutxik egin dezaketen ariketa gimnastikoa bilakatzen da. Bitartean jende gehiena, garai batean dantzariak izan zitezkeenak, jabetzen da inoiz ezin izanen duela halako maila teknikorik lortu, eta nahiago du ikusle soilak izaten.
Etorkizunerako proposamen bat
Hau da gure hipotesia: dantza taldeen eginkizunen ardatza eta helburu den eszenatokiaren sorrerak dakarren akademizazioak dantzatzeko era berri bat sortu du eta ez dugu era hori ukatu behar. Gure folklorearen aberastasun koreografiko eta esztilistikoaren zati bat da, bere garapenaren beste urrats bat.
Hori bai, dantzarako gune moduan plaza berreskuratzeko ahaleginari lagundu nahian, plaza dantzak irakatsi aurretik desakademizatzen baditugu uste dut lagungarria izan daitekeela gure helburu honetarako: lurrarekin kontaktua eta bikotearen jokoa berreskuratzea, jendearekin eta espazioarekin harremana birsortzea, hankak izateaz gain txorkatilak, belaunak eta gerria dugula gogoratzea, norberaren dantzatzeko estiloa bultzatzea... dantzaren gozamena demokratizatzea, hitz batean.
Dantza akrobatikoa dantzari eta eszenatokietarako uzten badugu, eta lortzen badugu dantza naturala plazara itzultzea, baliteke 50 urte barru egokipen naturalaren prozesu bati esker, plazan arituko diren dantzariek beste modu batez dantzatzea, folklore bizirik irauten duenaren seinalea.
Dokumentuaren akzioak