Dokumentuaren akzioak
Dantza 1999 urtean
Argia Euskal Kulturaren Urtekaria 2000
Iparraldean ez dute ez autonomiarik eta ezta departamendu propiorik ere, baina Pariseko botere zentralistak ilusio gutxiago eta diru gehiago jartzen du dantza kontuetarako. Miarritzeko baleta sos horien emaitza da, eta begi onez ikusi da hegoaldetik Miarritzekoa Euskal Herriko konpainia nagusi bilakatzeko ideia. Erakundeetako diplomazia aparatuek proposamena izozteko prozesua zabaltzen duten bitartean, Miarritzeko baletak ikuskizun berria aurkezten dihardu. Otsailean aurkeztu zen Xavier Deletten musika eta Thierry Malandainen koreografia dituen Ballet Mecanique ikuskizuna.
1999an dantza garaikideko eskukada bat ikuskizun berri taularatu dira eta hori bada zerbait. Damian Muñoz, Cristina Quijera eta Josu Mujika koreografoek, eta A Deshoras eta Tenpomobile konpainiek ikuskizunak estreinatu dituzte aurten.
Orohar euskal dantzariek atzerrian sakabanatuta jarraitzen dute eta erromesaldian zerua ukitzen dutenean baino ez gara akordatzen beraietaz. Aurten Igor Yebrak jaso ditu laudorio guztiak Espainiako Egileen eta Argitaldarien elkartearen saria jaso ondoren. Munduan barrena goratua izan arren, etxeko txaloak izaten dira goxoenak eta errekonozimendu horren aitzakian parte hartu zuen Yebrak Kursaalaren inaugurazio zirkoan.
Iruñeko Ortzadar elkarteak "Dantza eta dantza taldeak euskal kultura garaikidean" lemapean Folklore eta Kultura Tradizionalari buruzko XV. Jardunaldiak antolatu ditu. Jesus Ramosek ondorioztatu du bide berriak aztertzeko joera dagoela. Berritzen ez dena galtzeko arriskua dago. Folklorearen esparruan mugitzen ari garenok argi dugu aurrera begiratu behar dugula. Atzera, iturriak bilatzeko besterik ez dugu egin behar.
Aurrera egin behar horretan nahiko adostasun badago ere, bidea jorratzeko moduetan ez dirudi kontsentsurik dagoenik. Plazara begira egiten diren berreskuraketa lanak onarpen zabala dute, indartu egin dira azken urteetan eta hor ditugu Zangotzan, Iruñeko San Lorentzon, Durangon edo Bakion egindako bersortze lanak.
Dantza tradizionaletik abiatuta taula gainerako prestatzen diren dantza ikuskizunek sortzen dituzte duda-muga handienak. Koadro kostunbristak eta irudi estereotipatuak nagusitzen dira orohar, eta salbuespenak salbu (Argia, Maritzuli,...) ideia lehortea nahiko nabaria da. Bere proposamena berritzat aurkezten dutenen artean izugarria da euskal iruditeria mitikoa bersortzeko joera eta zaila gertatzen da akelarre, sagardotegi, Amaia Operako ezpata dantzak eta Estrabonen deskribapen susmagarriak inspiratu gabeko ikuskizunik topatzea. Gauzak horrela eta hirugarren milurtearen atarian bagaude ere, uste baino ohikoagoak dira 1928ko Saski-Naskiren estanpa euskaro eta kitsch-en gogoa berpizten duten sasi-ikuskizunak.
Dokumentuaren akzioak